Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009-12-14
Maialen Lujanbio nagusitu zen BECen
Bere atzetik gelditu dira, hurrenez hurren, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi. BEC bete egin zen finala jarraitzeko. Joxe Agirrek jantzi zion txapela Maialeni.
Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BEC aretoan. 14. 500 bertsozalek bete zuten pabilioia, eta olatuarena egiten amaitu zuten. Saio puntuagarria bukatuta honela gelditu zen sailkapena:
Saroi Jauregi, Zuriñe Iarritu eta Alaitz Rekondo aritu ziren aurkezle lanetan. Goizeko 11etan hasi zen finala. Eguerdiko 14:30ak aldera bukatu zen goizeko saioa. Arratsaldekoa, berriz, 16:30ak aldera hasi zen.
Nahiko parekatua izan zen saio puntuagarria. Dena den, goizeko lehenengo ariketatik, zortziko handitik, nabarmendu ziren Amets eta Maialen, Andoni Egañarekin batera. Jon Maiak eta Andoni Egañak berak osatuko zuten, beharbada, saiorik osoena bertan. Egunkaria kasuko auzipetuak ziren biak, BECeko atean kamisetak saltzen jarri zirenak. Arrazoi sakonez osatu zuten lana, eta publikoak eskertu zuen hori. Egunean zehar asko izan ziren Egunkaria Auziari buruzko aipamenak.
Zortziko txikikoa ere parekatua izan zen oso, eta finalista gehienek oso saio onak eskaini zituzten. Hemen Andoni Egañak eta Aitor Mendiluzek eginiko lana nabarmendu beharko litzateke, bat aukeratzeagatik. Andoniren lehen laneguna zen, eta eguerdian lankideekin nonbait bazkaltzera atera zenean Mendiluze ama ikusi zuen atean babarrunak termoan zituela. Biek oso saio umoretsua osatu zuten.
Puntu erantzunetan Maialenek koxka atera zien gainerakoei, eta baita seiko motzean ere. Andonirekin kantatu zuen binaka. Andonik giltzurrun bat behar zuela eta Maialenek eskaini zion berea. Ebakuntzatik elkarren ondoan esnatu ziren. Maialenek oso sendo osatu zuen bere lana. Andoni ere ondo aritu zen, eta azkeneko bertsoan aipatu zuen agian laster berea zen zerbait (txapela) edukiko zuela Maialenek.
Ondoren iritsi zen eguneko lehenengo kartzelako gaia. Honela zihoen: "Kazetaria zara. Badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela". Bertsolari askok aipatu zuten Egunkaria Auzia. Maialenek bide horretatik heldu zion, eta puntu asko bildu zituen ariketa honetan. Jon Maiak ere indar handiko lana osatu zuen, eta baita Aitor Sarriegik ere. Ametsena izan zen, hala ere, bertsoaldirik txalotuena. Bere azken artikuluan "Euskal Herria libre da" idatzi behar zuela esan zuen azkenean, eta bete-beteko hiru bertso osatu zituen. Sustraik tortura salaketa bati buruz idatzi behar zuela esan zuen "El Pais"en egon arren. Unai Iturriagak eta Aitor Mendiluzek Aminetu Haidar-en kasua aztertu zuten. Andoni Egañak Euskal Herriak askatasuna lortu zuela idatzi behar zuela adierazi zuen.
Goizeko saioa Aitor Sarriegiren agur umoretsu batekin bukatu zen.
Bazkalosteko saioan giroa are beroagoa izan zen. Hamarreko txikian hasi ziren bertsolariak ofizioka, eta guztiak ere nahiko parean aritu ziren. Puntukako ariketa iritsi zen ondoren, eta hemen ere parean aritu ziren gehienak. Andoni Egañak eta Sustrai Colinak jaso zituzten punturik gehien. Andonik Aitor Sarriegirekin kantatu zuen, amaren umetokian dauden bikien paperetik. Sustrai, berriz, Maialenekin aritu zen. Txikiteroak ziren biak, "azkena" hartzen hiru ordu zeramatzatenak.
Zortziek egin beharreko lanak bukatzeko bakarkakoa iritsi zen. Ariketa honetan Maialen, Amets eta Unai Iturriagak jaso zituzten puntuaziorik altuenak. Maialenek mediku baten larrutik kantatu zuen. Minbizia zuten bi haur ikusten zituen ospitaleko korridoreetan gurpil-aulkiekin lasterketan. Saio hunkigarria osatu zuen. Ametsen gaiak honela zihoen: "Goizero, autobusean hutsik geratzen den eserleku bakarra zure ondokoa izaten da". Hasieran doinuarekin arazoren bat izan bazuen ere, oso bertsoaldi txalotua osatu zuen bederatzi puntukoan. Afrikatik etorritako etorkin bat zela esan zuen, eta bertsoaldiaren amaieran bere ondoan amona bat eseri zela kantatu zuen. Azkenik, hauxe zen Unairi jarritako gaia: "Ordu-erdi daramazu dutxako txorrotaren azpian, baina markak ez dira joaten". Bere emaztea hil zuela esan zuen, baina kondenarik gabe bukatu zuela. Dena den, kontzientziak eraginda, bera ari zela bere burua zauritzen. Bide zaila hautatu arren publikoa hunkitzea lortu zuen.
Zuriñe Iarrituk buruz burukora pasa ziren bertsolarien izenak esan zituen: Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Hunkigarria izan zen bien arteko besarkada, eta baita Andoni Egañak eman ziena ere. Honela zeuden puntuak une horretan:
1.- Maialen Lujanbio 1129,75 puntu 2.- Amets Arzallus 1078 puntu 3.- Jon Maia 1060 puntu 4.- Andoni Egaña 1058 puntu 5.- Unai Iturriaga 1046, 25 puntu 6.- Sustrai Colina 1037 puntu 7.- Aitor Mendiluze 1009,25 puntu 8.- Aitor Sarriegi 983,75 puntu
Buruz buru beste hamarna bertso bota behar zituzten Ametsek eta Maialenek. Seiko motzean hasi ziren. Bien ama anorexia gaixotasunetik sendatzeko zentrotik ateratzear zegoen eta hirurentzako bazkaria prestatzen ari ziren. Arrazoi sakonak kantatu zituzten biek, eta puntuazioetan ere parean ibili ziren, Arzallusek hiru puntu gehiago atera zituen, 504 eta 501 hurrenez hurren.
Zortziko txikiko gaiak hala zihoen: "Oinez irakasteko, zelaira joan zarete biak haurrarekin. Ondoan arkume bat nola jaio eta korrika hasi den ikusi duzue". Ariketa umoretsua osatu zuten, eta hemen Amets nagusitu zen puntuazioetan.
Kartzelako lanarekin bukatu ziren atzokoak. Lehenik "Sua" hitzari kantatu zioten bederatziko txikian. Ondoren, gaia emanda hiruna bertso osatu zituzten. Hauxe zen gaia: "Hileko aurrez aurreko bisita edo vis a vis-a daukazu gaur. Iritsi zara kartzelara, eta sarrerako funtzionarioak esan dizu sartu nahi baduzu bere aurrean biluztu beharko duzula eta miatzen utzi." Biek puntuazio bera eskuratu zuten ariketa honetan.
Azkenean Joxe Agirrek jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Joxek, gainera, lau bertso kantatu zituen, aurrean BEC zutik jarrita zeukala.