Elizondon jokatu da finala 2008-03-15

Julen Zelaieta Nafarroako txapeldun berria

Barberena gelditu da bigarren eta Julio Soto hirugarren. Lur aretoa lepo bete da eta giro beroa egon da. Bertso ederrak ere entzun dira.

Sailkapena
Julen Zelaieta 418
Jon Barberena 409.5
Julio Soto 408
Erika Lagoma 403
Xabier Terreros 401
Xabier Legarreta 397
Miel Mari Elosegi 370,5
Iñigo Olaetxea 369.5

Aurten ere, Nafarroako bertsozaleek lepo bete dute Elizondoko Lur aretoa,  herrialdeko bertsolaritzaren festa handiaz gozatzeko. Aurtengoan inkognita handia zegoen Xabier Silveiraren ondorengoa nor izanen zen jakiteko. Ez zegoen pronostiko garbirik, baina ez ziren asko Julen Zelaietaren alde egiten zutenak. Hala ere, Berako bertsolariak jarraitzaile asko ditu eta horrexegatik pozez hartu du Lur aretoak Zelaietaren garaipena.
Beratarra indartsu ekin dio saioari, eta berehala erakutsi du bere bertsogintza ez dela umorearen esparrura mugatzen. Zortziko txikian eta handian oso ongi aritu da, eta lortutako abantaila mantentzen jakin du Zelaietak. Kartzelako gaian ezusteko bidetik jo eta txapela poltsikoratu du.
Jon Barberena txapeldunordea zen eta begi asko berarengan zeuden jarrita. Akaso horregatik tentsioa sumatu du Erratzun bizi den Elizondoko bertsolariak, eta makal samar hasi du saioa. Hala ere, gora egin du saioak aurrera egin ahal eta azkenean iazko bigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Finaleko gazteena zen Julio Soto. Iruñean bizi den bertsolari gorritiarrak saio erregularra egin du, eta oso txukun bukatu kartzelakoan. Bigarren postua eskura izan du, baina azkenean hirugarrenarekin konformatu behar izan du.
Baina finaleko lehia ez da lehen hiru postu horietara mugatu, gainerako bertsolariak ez dira podiumetik oso urrun ibili. Laugarren Erika Lagomak egin du, bigarren eta hirugarrenetik oso gertu betiere. Eta bosgarren, hainbat urtez Txapelketan parte hartu gabe egon den Xabier Terreros lesakarra. Txapelketara aurten ere itzuli den Xabier Legarretak seigarren egin du.
Zertxobait atzerago gelditu dira aurtengo finalean parte hartu duten beste bi bertsolariak. Gripeak jota kantatu duen Migel Mari Elosegi “Luze”rentzat izan da zazpigarren postua eta zortzigarrena, berriz, Iñigo Olaetxearentzat.
Txapelketan parte hartu duten guztiei –bertsolari, babesle, laguntzaile, erakunde eta bertsozaleei- eskerrak eman ostean, sari banaketa egin da. Bertsolari bakoitzak bere saria jaso eta agurreko bertsoa egin du. Julen Zelaietak Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren eskutik jaso du trofeoa eta Manu Legarrak bertsozale beteranoak jantzi dio txapela. Hura jantzita, oso hunkituta, txapela lortzeko bidea egiten lagundu duten guztiei eskaini die.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa