Alaia Martin gelditu da bigarren 2009-12-27

Beñat Gaztelumendik irabazi du Kataxulo

Publikoak hala erabakita, Ander Lizarraldek lortu zuen hirugarren postua. Beren atzetik gelditu ziren Maddalen Arzallus, Haritz Casabal eta Jon Iragorri. 70 lagun inguru elkartu ziren Oiartzungo Gaztetxean.
 Atzo jokatu zen Kataxulo sariko finala Oiartzungo Gaztetxean. Aurtengoa sariketaren hirugarren edizioa izan da eta 70 lagun inguru elkartu ziren finala entzuteko. Bi kanporaketa jokatuta, honako bertsolari hauek sailkatu ziren:

 Maddalen Arzallus
 Beñat Gaztelumendi
 Jon Iragorri
 Haritz Casabal
 Alaia Martin
 Ander Lizarralde

 Bertsolariak puntuatutako agurrekin hasi ziren kantuan. Abesti ezagunen doinuak hartuta kantatu zuten. Txalotuena, agian, Ander Lizarraldek Ken7 ren "Ilargia" abestia oinarri hartuta egin zuen agurra izan zen. Ondoren, zortziko handian kantatu zuten bertsolariek ofizioka. Ariketa honen ostean sei oinak jarri zizkieten elkarri. Koplatako saioa iritsi zen gero: hiru oiartzuarrak hiru kanpotarren aurka aritu ziren. Bakarkako lanekin hasi aurretik, 8ko txikian aritu ziren ofizioka. Azkenik, ariketa berezi bat egin zuten bertsolariek: argazki bati bertso bat bota behar zioten nahi zuten doinu eta neurrian, eta kopla bat ondoren, esandakoa borobiltzeko.

 Behin ariketa hauek eginda, bi gai-jartzaileek buruz burukora pasako ziren bertsolarien izenak esan zituzten: Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin. Kartzelako lana egin behar izan zuten biek. Lehenik bederatziko txikian "zuloa" hitzari kantatu zioten. Eta, azkenik, bi bertso bota behar izan zituzten bakarka. Honela zihoen gaiak: "azken aldian asko aldatu zarela ohartu zara". Epaimahaiak hala erabakita Beñat Gaztelumendik jantzi zuen txapela eta Alaia bigarren gelditu zen. Hirugarren sailkatua zein zen publikoak erabaki zuen, bozketaz. Azkenean Ander Lizarraldek eskuratu zuen postua. Bere atzetik Maddalen Arzallus, Haritz Casabal eta Jon Iragorri gelditu ziren hurrenez hurren.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri