EHBT26 2026-10-22

Finalaurrekoak, hasiera berri bat

Finalaurrekoak, hasiera berri bat
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fasea igarota, 24 bertsolari dira datozen asteetan finalaurrekoetan kantatuko dutenak. ETB2ON katean, ETBON plataforman, eta hementxe, Bertsoa.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira saioak.

Igotz Alkorta Irastortza

Duela lau urteko zazpi finalistak (Maialen Lujanbiok zuzenean finalean kantatuko du) eta lehen fasetik sailkatutako beste hamazazpi bertsolarik hartuko dute parte finalaurrekoen lehen itzulian. Lau saio izango dira: Larraun-Lekunberrin, Eibarren, Gernikan eta Miarritzen. Puntu gehien batzen dituzten hemezortzi bertsolari bigarren itzulira igaroko dira: Donostian, Gasteizen eta Bilbon izango dira finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioak. Bi itzulietan lortutako puntuen baturak emango du finalerako txartela. Informazio gehiago Euskal Herriko Bertsolari txapelketaren atarian duzue.

Zuzeneko emanaldiak
Finalaurrekoetako zazpi saioak zuzenean jarraitu ahal izango dira. Bertsoa eus-en, ETB ON plataforman eta ETB2ON telebista katean eskainiko dira zuzenekoak Ilaski Serrano eta Aitzol Barandiaranen gidaritzapean. Larraun-Lekunberrirako sarrerak agortu dira, gainontzeko saioetakoak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ditzakezue.
Bertsoa.eus-ek saioaren kronika eskainiko dizue larunbat gauean bertan. Eta lehen fasean bezala, saioko bertsoaldiak, bertsolariei egindako elkarrizketak eta adituen iritzia astelehenean izango dituzue eskura.

Zazpi bertsolari berri
Finalaurrekoetan kantuan entzungo ditugun hogeita lau bertsolarietatik zazpi lehen aldiz sailkatu dira fase honetara: Xabat Galletebeitia Abaroa, Xabat Ilarregi Marzol, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Etxeberria Zubimendi, Andoni Rekondo Izagirre, Gorka Pagonabarraga Agorria eta Aner Peritz Manterola. Txoperenera, Etxeberria, Rekondo eta Peritzen kasuan gainera, lehen parte hartzean lortu dute finalaurrekoetara sailkatzea.

Ganbararik ez
Finalaurrekoen lehen itzulian ez da ganbararik izango. Binaka, zortziko handian eta txikian hiruna bertso kantatu beharko dituzte lehenik, puntuka zortzi bertso osatu arteko ofizioa egin beharko dute gero, bakarka gaia emanda hiruna bertso jarraian (bertsolari bakoitza gai ezberdin batekin) eta saioa hamarreko txikian amaituko da, binaka, hiruna bertso kantatuz.
Bigarren itzuliko hiru saioetan bai, ganbara izango da.
Puntu eta Bereiz, izen hori eman zion Erika Lagomak lehen faseko azken saioari egin zion iruzkinari, finalaurrekoak berriz hastea zirela azpimarratuz. Goazen bada, hasiera berri honetaz gozatzera.