Saioa 2026-10-13

"Puntu eta bereiz". Agurain, Erika Lagoma

PUNTU ETA BEREIZ

Laurdenetako azken saioa delako edo, kosta zait aulkian bertze saioetan bezain eroso sentitzea. Koadernoa eta boligrafoa prest ditut Itoizen Hegal egiten kantua hasi denerako. Honen gibeletik dator txapelketaren sintonia, eta orduan bai, abiatu dira bertsolariak oholtzara. Lepo dago Lezao kirolgunea, eta saioa hasi aurreko txalo zaparradak oilo-larrua jarri dit.

Goiti eta beheiti ibili naiz sentsazioetan saio osoan. Bertsolariek asmatzen zutenean, nabarmen erantzuten zuen publikoak, eta asmatzen ez zutenetan, epel egiten zuen arrapostu. Eta ni ere horrela ibili naiz, hotz-beroan. Saio guztietan gauza bera dago jokoan, baina azkena izateak atmosfera kargatu egiten du.

Badira batzuetan jenialtasunetik hurbil ibiltzen diren bertsolariak, eta horietako bat da Nerea Elustondo. Ahots propio markatua du, ezaguterraza, eta 8ko ttikian, puntu erantzunetan eta ganbarako lanean nabarmendu da: hemen nago, kontatu nirekin argi bat izan da.

Gorka Pagonabarragaren bertsokerak ekartzen dit soiltasunaren ederra. Su artifizialik gabe josten ditu hitzak. Eguna duenean, esaldiak bata bertzearen atzetik etortzen zaizkio, silabarik jan gabe, eta iritsi egiten da. Ariketa batzuetan ikusi dugu Gorka hori.

Asier Azpirozek erraz egiten du bertsotan, eta aursarta da, ez dio elkarrizketari beldurrik. Tatxarik gabeko bertsoaldirik osatu ez badu ere, lan guztietan utzi ditu bertso borobilak.

Agin Labururen puntu-erantzunak ere ekarri nahi ditut lerro hauetara. Primerako puntu erantzunek bi kolpe izaten dituzte, bigarren puntuan eta azkenekoan. Lehenengo bertsoan lortu du goitik beherakoa egitea. Bigarren puntuak hiruetan izan dira danbateko bikainak.

Aissa Intxausti agurretik agertu da lanerako gogoz, “brillante”. Eta behetik gora joan da saioan. Ganbarako lanean neurri ttikian kantatu du; 8 puntu, tartean bi motz. Konplexua da dena azaltzeko dagoen gai bati hain neurri estuan kantatzea; lehenbiziko bertsoa bikaina izan da.

Irantzu Idoate sendo hasi da 8ko handian eta txikian. Susmoa dut puntu erantzunek kontzentrazioa pixka bat apalduta harrapatu dutela, eta hortik aurrera kosta egin zaiola berriz ere hasierako tenplea berreskuratzen.

Lehen fasea bukatu da eta gogoeta batzuk utzi dizkit.

Oholtza atzeko oihala zoragarria da.
Salbuespenak salbuespen gaiak onak izan dira, zorionak gai-jartzaile taldeari.
Laurdenetan saio bat gehitzeak finalerdietarako pasabidea estutu egiten du; ez dakit hori ona den.
Ganbarakoan oso zorrotz iblitzen gara denak bertsolariak gaiari erantzun ote dion aztertzen, baina ofizioetan gertatzen denean, ez da berdin zigortzen, edo ez da zigortzen.
Sintonia gero eta gehiago gustatzen zait.

Hazparne, Altsasu, Lekeitio, Donapaleu, Tolosa, Gotaine-Iribarne, Agurain. 42 bertsolari, 17k egin dute aurrera.

Elustondoren agurrarekin uzten zaituztet.

“Galtzea zer den badakit eta
oroit zazue mesedez,
mundua ez da hemen bukatzen
ta bertsogintza ere ez”.

Baina izorratu egiten du; hau nik gehitu dut.

Hemen dira finalerdiak. Berriz hasi da txapelketa.