Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Jon Maiak kantatu zuten, Joxema Leitzaren esanetara. 100 entzule inguru bildu ziren Argibidea elkartean.
Bertso-saioa izan zen atzo Arbizun, Bertsoberriz Altsasu zikloaren baitan. 100 entzule elkartu ziren Argibidea elkartean. Aretoa goraino bete zen, beraz. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Julio Soto Beñat Gaztelumendi Amets Arzallus Jon Maia
Saioa orduerdiko atzerapenez, hau da, gaueko 22:30etan hasi zen. Joxema Leitza aritu zen gai-jartzaile lanetan. Dena den, bertsoaldi gehienetan aipatu zen elurra, atzo zuritua baitzegoen Arbizu.
Hasieran lau bertsolariak altxa ziren, eguberrietan krisiak izan duen eraginari buruz kantatzera. Ondoren, binaka aritu ziren. Juliok eta Ametsek bertsoak duen erakargarritasunari buruz kantatu zuten. Jonek eta Beñatek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera politikoari buruz umorez jardun zuten.
Gerora denetariko lanak egin zituzten. Jon Maia eta Julio Soto Munilla eta gaztetxe bateko arduradunaren paperean aritu ziren. Ametsek eta Beñatek galderak egin zizkioten Patxi Lopezi.
Saioa berotuz joan zen pixkanaka, eta erdialdean jo zuen goia. Jonek, Ametsek eta Beñatek proban jarri behar izan zuten Julio. Zarauzko kopla txapelketa irabazi du orain dela gutxi gorritiarrak, eta kopletan beste hiruren kontra aritu behar izan zuen. Ondoren, Jon eta Ametsek ariketa berezia egin zuten. Joxema Leitzak hitz bereziak eman zizkien. Jonek horien esanahia asmatu behar zuen, eta Ametsek horiei buruzko galdera bati erantzun. Umorez aritu ziren biak. Ariketa bereziekin bukatzeko, Julio eta Beñat altxa eta publiko artean aritu ziren kantuan, aurten BECera lehenengo aldiz nor joan den asmatzen.
Bakarkako lanak ere izan ziren. Beñatek atzekoei kantatu zien. Jonek Pirritx eta Porrotxentzat idatzitako abesti bat izan zuen gai moduan: "Abuela Maria Luisa". Espainia aldetik Euskal Herrira etorri zen Jon Maiaren familia, eta gertaera horretan oinarrituta idatzi zuen kanta. Joxemak "abuela Maria Luisaren" paperean jarri zuen Jon. Orain bere bilobak euskaraz kantatzen entzunda zer sentitzen duen galdetu zion.
Saioa puntutako ariketarekin bukatu zen.
Saio ona izan zen orokorrean, eta publikoak txaloz eskertu zuen bertsolariek egindako lana. Guztira ordu t`erdiz aritu ziren lanean.