Ia bi orduko saioa eskaini zuten Maialen Lujanbio, Jon Martin, Andoni Egaña, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Sustrai Colinak. Unai Elizasuk jarri zituen gaiak.
Urtero bezala, aurten ere bertso jaialdia egin da Oiartzunen, Etxeratek antolatuta. Kiroldegian izan zen saioa, atzo. Sarrerak egun batzuk lehenagotik agortuta zeuden, eta azkenean 2000 lagun inguru elkartu ziren saioa jarraitzeko. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Maialen Lujanbio
Jon Martin
Andoni Egaña
Jon Maia
Aitor Sarriegi
Aitor Mendiluze
Amets Arzallus
Unai Iturriaga
Sustrai Colina
Unai Elizasu aritu zen gaiak jartzen. Hasieran binaka jarri zituen bertsolariak, baina ez zen atzekoei kantatzeko ariketarik falta izan. Maialen Lujanbiok, esaterako, larrialdi zerbitzuetan lan egiten duen mediku baten paperetik kantatu zien atzekoei. Bakoitzak zergatik deitu zion esan behar izan zuen. Oso saio umoretsua izan zen, eta, agian, hau izango zen arratsaldeko bertsoaldi txalotuenetako bat.
Jon Maiak eta Sustrai Colinak ere saio umoretsua egin zuten. Telefonoz hizketan ari ziren bi gazteren paperean jarri zituen Unai Elizasuk, deia moztu ezinik. Bukaera aldera ere umorea nagusitu zen. Beste bertsolariak Amets Arzallusen jakituria frogan jartzera atera ziren orduan. Andoni Egaña eta Unai Iturriaga nork bertso txarragoa botako aritu ziren beste ofizio batean, Unai Elizasuk hala eskatuta.
Bertsoaldi seriorik ere izan zen, ordea. Txalotua izan zen Jon Maiak bakarka egin zuen lana. Gutun bat jaso zuela esan zion Unaik, eta argazki bat baino ez zegoela bertan, bi begirekin. Jon Maia preso baten paperean sartu zen, eta vis a vis-a ukatu zioten bikotekidearen argazkia zela aipatu zuen.
Izan ere, saio osoan zehar oso presente egon zen presoek bizi duten egoera.
Azkenean bi ordu inguruko jaialdia izan zen, txalo askokoa.