40 kide inguru elkartu ziren. Goizean bertso-poteoa egin zuten bi aktoreren laguntzaz eta trikiti-doinuek alaituta. Ondoren, bazkaria egin zuten herriko elkarte batean.
Hiru urte dira jada Hamaika Bertute taldea sortu zenetik. 2007ko urtarrilean sortu zen taldea, zenbait bertsolari eta gai-jartzaileren ekimenez. Aurkezpenean bertan azaldu zuten bertsogintzak batutako pertsonen talde bat zela, eta antolatzaileen eta bertsolarien artean zubi bat eraiki nahi zutela. Baliabide mugatuak zeuzkaten antolatzaileengana jo zuten, eta prezio sinbolikoan kantatzeko prest agertu ziren, baldin eta saioak gutxieneko baldintza batzuk betetzen bazituen: bertsoa izatea protagonista, jendea entzuteko prest egotea, propaganda antolatzaileak egitea eta abar. Era honetan, bestela saiorik antolatu ezingo zuenari aukera bat eman nahi zioten.
Talde irekia da Hamaika Bertute, bertan sartu nahi duen edonorentzat ateak zabalik dauzkana. Gaur egun ia 50 bertsolari eta gai-jartzaile dira taldekide. Antolatzaileak bi aukera dauzka beraiekin kontaktuan jartzeko. Telefono bidez egin nahi izanez gero hauxe da zenbakia: 692 71 57 44. Helbide elektronikoa ere badaukate: hamaikabertute@gmail.com
Taldekideen artean saioak ahalik eta modu orekatuenean banatzen ahalegintzen dira. Lehendabiziko urtean 170 saio inguru egin zituzten, eta antzeko kopuruak izan dira hortik aurrerako bi urteetan. Saio gehienak berriak ziren, hau da, aurretik egin gabeak.
Horrekin gustura agertu izan dira taldekideak.
Taldearen sorrerari buruzko informazio gehiago eduki nahi izanez gero egin klik
hemen.
Urteurren festa Oñatin Aurten hirugarren urtea bete du proiektuak. Lehenengo urteurrena Durangon ospatu zuten eta bigarrena Zarautzen. Aurtengoan Oñatira jo dute, eta bertako bertso-eskolako kideen laguntzaz festa antolatu dute. Larunbatean izan zen, beraz, hirugarren Hamaika Bertute Eguna. Goizetik bertso-poteo bat egin zuten bi aktoreren laguntzaz. Tabuak gaitzat hartuta, saio motzak egin zituzten tabernetan. Saio bakoitzean tabu bat hartu zuten gaitzat: bertsolarien postura zurruna, politika, fantasia sexualak... Bertsolariak horien inguruan aritu ziren kantuan gero. Guztia trikitilarien doinuek alaitu zuten.
Ondoren elkarte batera joan ziren bazkaltzera, eta bazkalostean ere saio bat egin zuten, umorez josia. Iluntzean herriko tabernetara itzuli ziren, eta goizeko ordu txikiak arte luzatu zen ospakizuna. 40 bat lagun elkartu ziren urteurren festan eta gustura gelditu ziren antolatzaileak.
Hamaika Bertute taldeak
web orria ere badauka, zenbait atalez hornitua.
Argazkia 2009ko urteurren festakoa da.