Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2010-01-22

Arkaitz Goikoetxea: "Bertsotan egiteko gogoa baino ez dut"

2005ean Euskal Herriko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetan kantatu zuenetik txapelketetan parte hartu gabea zen. Aurten lehenengoz ariko da Nafarroako Txapelketan. Bertso eskolako kideek animatu omen dute parte hartzera, hasieran ezetz esatekoa baitzen.
 Aurtengo Nafarroako Txapelketa nobedadeekin dator. Arkaitz Goikoetxearen parte-hartzea da horietako bat. 2005etik txapelketetan parte hartu gabea da, eta aurten Nafarroakoan izena ematea erabaki du, "nagusiki, bertso eskolako kideek bultzatu nautelako. Antolatzaileek deitu ninduten eta galdetu zidaten ea parte hartzeko asmorik banuen. Ezetz esan nien, aurten ezetz. Izena emateko epea bukatzear zela, Julio Sotok deitu ninduen, animatzeko eta animatzeko, eta halaxe. Buruan buelta batzuk eman, eta hurrengo egunean eman nuen izena. Bertsotan egiteko gogoa dudala sumatu dut, eta txapelketak tiratuta, berriz ere gurpilean sartzera animatu naiz."

 Txapelketan parte hartzeak zerbait emango diola uste du: "Neure buruari begirako gauzak ekarriko dizkit, bertsotan egiteko modua, besteak beste. Bertso-eskolan irakasle ardura hartuta nabil, eta han ere gutxi kantatu izan dut azken hiru urteetan. Bertsotan egiteari utzita, atzentzen eta atzentzen joaten zara, eta Juliok deitu ninduenean, horixe sumatu nuen: aski atzenduta nengoela eta aukera polita izan zitekeela berriz ere trabatzen hasteko."

 Horregatik, txapelketan ez du helburu edo esperantza handirik izango; "bertsotan egoteko gogoa baino ez dut. Neure burua estutzeaz nekatu naiz, eta horretara noa, ez bestetara." Prentsan ez omen luke gehiegi agertu nahi, kantatzera baino ez baita atera.

 Larunbatean ekingo dio txapelketari, Aizarotzen. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da saioa, Basaburuko kultur etxean. Honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan:

 Oier Lakuntza
 Aimar Karrika
 Iker Gorosterrazu
 Julen Zelaieta
 Arkaitz Goikoetxea
 Bittor Elizagoien

 Saioari begira, oraindik ez daki ziur ze gorputzaldirekin ekingo dion. "Oraintsu arte, bertsotan hasi eta ez nuen neure burua ezagutzen. Erabat ezinean ibili naiz, baina ari naiz neure onera etortzen, nolabait. Gaia jarri, besteen bertsoak arretaz entzun (gero oharrak egiteko) eta nork berea kantatu, horiek lan asko dira bat-batean egiteko, eta halaxe ibili izan naiz. Orain, nik ere prestatu behar dudala aitzakia hartuta, arindu ditut lanak. Plazan aspaldi aritu gabea naiz, eta hori ere neurria hartu beharko diot berriz. Larunbatean ikusiko da zer moduz nagoen."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri