Bertso-afaria egin zuten Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendik. Karlos Aizpuruak jarri zituen gaiak. 60 lagun inguru elkartu ziren afarira.
Larunbatean bertso-afaria izan zen Saran. 60 bat lagun elkartu ziren saioa jarraitzera. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Hasieran librean buelta batzuk eman bazituzten ere, ondoren Karlos Aizpuruak jarritako gaiekin osatu zuten saioaren zatirik handiena. Ez zen bakarkako lanik egon, eta, agian horregatik, saioa bizi joan zen. Gai serio eta umoretsuak tartekatu ziren.
Lehenengo ofizioan Aitorrek eta Ikerrek kantatu zuten. Urruñarrak ziren biak. Ikerrek pozik hartu zuen Abiadura Handiko Trena herritik ez pasatzeko albistea. Aitorrek triste jarraitzen zuen. Uxuek eta Beñatek Haitiko egoerari kantatu zioten.
Binakako saioen ondoren, laurek batera kantatu zuten: Iker, Uxue eta Beñatek kritikak egin zizkioten Aitorri, Txapelketa Nagusiko antolatzaileari.
Berriz ere binakakoetara itzuli ziren ondoren. Uxue ohartu zen Iker geroz eta gertuago zeukala. Aitorrek eta Beñatek ere jardun zuten binaka. Aitor bertso-eskolako irakaslearen paperetik aritu zen. Beñat ikasle baten aita zen, eta kexatzera joan zitzaion, semeak aurrerapen handirik izan ez zuela eta.
Eta laurak batera jarun ziren berriro: beste hirurek galderak egin zizkioten Beñat igarleari.
Txandakatuz joan ziren binakako eta taldeko ariketak saio osoan zehar. Uxue eta Iker erosketak egitera joandako bikotearen paperetik aritu ziren; Beñat autoestimako irakasleak eta Aitor aitak eztabaida izan zuten; Aitor eta Uxue bikote paperean sartu ziren; Ikerrek puntuei erantzun zien; Beñat preso ohia Uxue bikotearekin elkartu zen kartzelako irteeran...
Dena den, arrakasta handiena eduki zuen ariketa Aitorrek, Ikerrek eta Beñatek egindakoa izango zen, beharbada. Zutitu eta publiko artean apaiza, aberatsa eta donostiarra aurkitu behar izan zituzten. Entzuleei adarra jo zieten eta hau izango zen, beharbada, saioko unerik umoretsuena.
Ondoren, Uxuek beste hirurei kantatu zien: bakoitzarekin maitasun-istorio bat izan zuen eta zergatik bukatu zen azaldu zuen.
Gaiekin bukatzeko, lauren artean puntuei erantzuten aritu ziren: puntu bakoitza asmakizun bat zen, alfabetoko letra bat oinarri zuena (Azkoitiako saioan antzeko ariketa bat izan zen). Azkenean lortu zuten guztiak asmatzea.
Azkenik, habaneran bina bertso botaz agurtu zuten saioa, bi orduz kantuan aritu ondoren.
Saio osoa laster izango da Bertsoa.com-en ikusgai.