Goizean eguraldi txarrari aurre egin zioten bertsolariek, baina azkenean jendea bildu zen. Bi ordu t`erdiko saioan Oteizaren ideiak landu zituzten arratsaldean. Gaueko kopla txapelketan Aitor Mendiluze nagusitu zen.
Larunbatean izan zen 2010eko Bertso Eguna. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatu zuen ospakizuna, Donostiako Udalaren laguntzaz.
Eguerdian hasi ziren bertsolariak lanean. 12ak pasatxo zirela Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin igo ziren Boulevardeko kioskora. Eguraldiak ez zuen gehiegi laguntzen, eta hasieran hamabost bat lagun baino ez zeuzkaten aurrean. Hala ere, jendea bilduz joan zen eta, azkenean, 40 bat pertsonak entzun zuten saioa. 15 bat minutuz kantatu zuten, eguraldiak ez zuelako gehiagorako aukerarik ematen. Orduan bigarren geralekura joan ziren: Bretxara. Han, azokaren parean, Gorka Lazkano, Iñaki Zelaia eta Manex Agirre hasi ziren kantari. Eguraldiari buruz kantatu zuten aurrekoek bezala, eta postuetan lanean ari ziren dendariei ere adarra jo zieten. Hemen jende dezente elkartu zen (60 bat lagun), eta ordu erditik gorako saioa eskaini zuten. Bukatu zutenean Ikatz Kalera zuzendu ziren, Belfast tabernara. Hemen kopletan eta puntutan aritu ziren Jon Martin eta Beñat Gaztelumendi.
Arratsaldean izan zen ekitaldi nagusia, Donostiako Kursaaleko areto nagusian. Jorge Oteizaren pentsamendu eta ekarpenak izan dira ekitaldiaren ardatz. Aretoa goraino bete zen saioa jarraitzeko. Zortzi bertsolari igo ziren oholtza gainera:
Maialen Lujanbio Igor Elortza Jon Maia Uxue Alberdi Iñaki Gurrutxaga Jokin Sorozabal Xabier Silveira Amets Arzallus
Plataforma zuri baten gainean eserita zeuden. Beraiekin batera zegoen Andoni Egaña ere. Andonik Jorge Oteizaren anekdotak eta ideiak kontatu zituen hitzez gai bakoitzaren aurretik. Ondoren, Unai Elizasu ateratzen zen gaiak jartzera.
Eszenatokian espazioaren banaketa ere berezia zen. Bertsolariak ezkerraldean zeuden eserita. Oholtzan lau zirkulu zeuden marraztuta, eta, ariketaren arabera, horietatik kantatu zuten bertsolariek. Hasieran Jon Maia eta Maialen Lujanbio atera ziren kantura. Jonek etorkizunari soilik begiratzen zion baina Maialenek iraganera jotzen zuen beti. Jon oholtzaren aurrealdean ipini zen eta Maialen, berriz, atzean. Saio dotorea osatu zuten biek.
Gurrutxaga, Elortza, Silveira eta Sorozabal atera ziren kantura ondoren. Oteizak 1999an bertsolaritzaren omenezko eskultura bat egin zuen, eta Zarautzen jarri zen. Pantailan lau irudi agertu ziren: eskultura hori, Haizearen Orrazia, demarako harria eta Askatasunaren Estatua. Bertsolari bakoitzak horietako bat defendatu behar izan zuen. Umorez osatu zuten saio hau.
Amets eta Uxue altxa ziren gero. Oteizak 14 apostolu egin zituen Arantzazun jartzeko, eta soberan zeuden bien paperean jarri zituen Elizasuk Uxue eta Amets. Saio ona izan zen hau.
Hala ere, ekitaldiaren lehenengo gailurra Maialenek bakarka egindako lanarekin iritsiko zen, beharbada. Urez betetako pitxar bat hartu zuen Elizasuk eta Maialenen eskuak busti zituen, "hau euskara da" esanez. Aurretik Andoni Egañak azaldua zuen Jorge Oteizak ez zekiela euskaraz. Hiru bertsotan entzuleen txalo zaparrada handia lortu zuen Maialenek.
Ariketa bereziak ere izan ziren. Xabier Silveira eta Jokin Sorozabali babarrun platerkada bat jarri zien Unai Elizasuk. Silveirarentzat artea zen hori, baina Sorozabalentzat ez.
Jon Maia ere bakarka aritu zen, baina, ahal zela, errezitatuz. Hanka-hutsik jarrarazi zuen Unai Elizasuk, eta, oinpean pintura hartuta, bere urratsen arrastoak utzi zituen zapi batean. Gaiak zihoen Jonek bihotz bat marraztu zuela hondarretan eta itsasoak ez zuela eraman. Kantatuz eta errezitatuz osatu zuen bertsoaldia Jonek, eta Kursaalean giro berezia sortu zuen. Arratsaldeko beste gailurretako bat izan zen hori.
Tartean beste bertsolari batzuk ere igo ziren oholtza gainera. Euskal Herriko probintzia bakoitzeko ordezkari bana agertu ziren eta bina kopla kantatu zituzten. Une hunkigarria izan zen.
Patxi Etxeberria eta Txomin Garmendia beren gazte garaiko ibilerei buruz kantuan aritu ziren, entzuleen txalo-zaparradak jasoz.
Saioaren amaieran Iker Zubeldia igo zen oholtzara. Gainerako 8 bertsolarien tranpak agerian utzi behar izan zituen. Umorez josi zuen bertsoaldia, eta publikoak biziki eskertu zuen.
Bertsolariez gain Kukai eta Ttanttaka konpainietako dantzariak ere aritu ziren.
Saio luzea izan zen, bi ordu t`erdikoa. Eszenografiarekin egin ziren jolasik handienak, eta ariketa berri batzuk ere izan zituzten bertsolariek. Saioak oso une honak izan zituen, baina beheraldiren bat ere bai. Dena den, entzuleak gustura atera ziren aretotik.
21ak pasata hasi zen afaria, Kursaalean bertan. Jatetxea bete-beteta zegoen (sarrerak aspalditik zeuden agortuta). Giro ona izan zen. Afalosteko saioak bi zati izan zituen. Hasieran bertso-jarriak kantatu zituzten. Lehendabizi Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza igo ziren tabladura, eta amei buruzko sorta hunkigarria eskertu zuten. Ondoren, Aitor Sarriegik gizarteko kontraesanei kantatu zien.
Bertso-jarrien ondoren iritsi zen nobedadea: kopla txapelketa. Bertsolariak buruz buru aritu ziren, bikote bakoitza hiru minutuz. Sebastian Lizaso eta Jone Uria, Jexux Mari Irazu eta Iñaki Viñaspre, Oihana Bartra eta Amaia Agirre eta Etxahun Lekue eta Aitor Mendiluze aritu ziren kantuan. Entzuleek hala erabakita, Aitor Mendiluze eta Jone Uria iritsi ziren finalera, eta Aitor nagusitu zen azkenean. Gai-jartzaile lanak Inazio Usarraldek bete zituen.
Giro ona izan zen kupel artean, eta ordu txikiak arte luzatu zen festa.