Amaia Agirrek Beterriko Txapelketaz 2010-02-03

"Txapelketa izena eduki arren txapelketa kutsu guztia kendu diogu"

Larunbat honetan jokatuko da bigarren kanporaketa, Zizurkil Goiko Zentroan. Hasieran Beterriko gazteei zuzendutako ekimen moduan hasi nahi bazuten ere, azkenean Gipuzkoa guztira zabaldu da. Aurten beste urteetan baino ariketa berezi gutxiago izango dira kanporaketetan.
 Badira hiru urte Larramendi Kultur Bazkuna Beterriko Txapelketa antolatzen hasi zenetik. Amaia Agirrerengana jo zuten hasieratik: "Beterriko bertsolari gazteentzako txapelketa bat antolatu nahi zutela esan zidaten, hau da, nire ikasleentzako. Nik esan nien oso mugatua zela esparru hori eta, bertsotan jarraitzen bazuten, beraiek iritsiko zirela horretara. Osinalde eta Lizardi eta hauek 25 urtera bitartekoentzat izaten dira; Lizardi da bakarra 25 urtetik gorakoentzat, eta, hura bi urtez behin egiten da. Guk urtero egitea pentsatu genuen, bi urtez behin eginez gero beldurra ematen zigulako ea jarraituko ote genuen. Larramendi Kultur Bazkunako pertsona bat eta ni gara hau eramaten dugunak, nahiz eta jende pila batek lagundu, eta horregatik pentsatu genuen urtero egitea. Adinean 25 urtetik gorakoek aukera gutxi izaten dituztelako erabaki genuen beraiei eskaintzea."

 Ekimenaren helburuak aldatuz joan dira urteotan: "Hasieran planteatu zen Beterrin saio gutxi egiten ote ziren, eta bazegoen gogoa saio batzuk antolatzeko. Hortik aurrera, ez genekien saioei zein formatu eman; nik proposatu nien lehiak indar gehixeago izan zezakeela. Baina garbi neukan ez nuela bakarkako txapelketa bat nahi. Bertsolarien baiezkoa jasotzeko eta gauza bereziak eskatzeko errazagoa zenez, taldeka antolatzea pentsatu genuen. Datarekin, hasiera batean, San Sebastianak bukatu ondoren hastea pentsatu genuen, baina iaz berandu ibili ginen (finala martxoan egin zen)."

 Txapelketa berezia da inondik ere: "Orain dela hiru urte hasi ginen eta hamabikotea hartu genuen 25 eta 30 urte bitarteko gipuzkoarren artetik. Lehenengo aldia zenez ariketa berezi xamar batzuk egiteko gogoa geneukan, taldeka egitekoa. 3 bertsolariko taldeak sortu genituen eta talde bakoitzari Beterriko leku baten izena jarri genion. Saioak beste txapelketetan beti leku berean egiten diren bezala, hemen herriak aldatzen joaten dira. Beterri nahiz eta ez den oso handia 5 herriren barruan mugitzen gara. Berezitasun nagusia, taldeka izateaz gain, agurrak etxean prestatzen direla da. Taldeek mozorroak eta instrumentuak erabili dituzte horretarako eta jendeari gustagarri zaio."

 Ariketei dagokienez, orain artean ariketa berezi ugari egin izan badituzte ere, aurten aldaketa txiki bat egin dute: "Iaz Euskal Herri mailako txapelketa egin genuen: gipuzkoarrak, arabarrak, bizkaitarrak eta nafarrak. Ariketetan komentatzen zen hiru bertsolariko taldeak izanda katxondeo edo txorakeria gehiegi ez ote zegoen. Bertsolarien eta ariketen ardura nire esku uzten dutenez, bertsolariekin bildu nintzen, luze hitz egin genuen honi buruz, eta pentsatu genuen ariketa bereziak gutxitzea eta ofiziotan normal egiteko aukera gehiago eskaintzea. Finalean, seguru asko, ariketa bereziren bat sartuko dugu, baina kanporaketetan ez dugu ariketa berezirik. Hasierako agurra taldeka egiten da, hori bai, eta bukaeran segidillan aritzen dira bertsolariak, jendeak asko estimatzen duelako. Hortik aurrera, habaneran puntu erdika eta zortzi oinak emanda aritzen dira. Baina bakarka normal egiten da, kopletan ere bai... Hasi "Juana Bixenta Olabe" doinuan hasten gara: Osinaldek bi puntu dauzkan bezala guk hori daukagu. Beste ariketa denak nahiko normalak dira, baina finalerako badaukagu asmoa ariketa bereziren bat sartzeko. Kanporaketetan lau ofizio entzuteko aukera izaten da. Bertsolaria, horrela, aho-zapore on batekin gelditzen da."

 Txapelketa izena eduki arren, ez du, benetan, hala ikusten Amaiak: "Beterriko txapelketan entzulea da epailea: paperak banatzen zaizkio taldeen izenekin eta saskira bota behar du gustukoenaren izena. Lehenengo urtean ez genuen horrela egin: bi epailek botoa zeukaten eta entzuleek bestea. Batzuetan izaten ziren diferentziak batetik bestera, eta inor trantzean ez jartzeko erabakia entzuleek hartzea pentsatu genuen. Nik bertsolariei beti esan diet txapelketa izena eduki arren txapelketa kutsu guztia kendu diogula, eta mimoz hartzeko. Helburua ez da irabaztea, jendea erakarri behar da."

 Bertsolari eta gai-jartzaile

 Azken asteotan behin baino gehiagotan ikusi izan dugu Amaia Agirre gai-jartzaile lanetan, eta hala ariko da Beterriko Txapelketako finalean ere. "15 egunen barruan aritu naiz gaiak jartzen, Getarian eta Tolosan. Biak plaza handiak izan dira eta jende askok ikusi du. Biak izan ziren kasualitatez, ez zidaten zuzenean eskatu. Getarian 7-8 urte daramatzat helduen bertso-eskolan akuilu lanetan, eta antolatzaileak etorri ziren bertsolariak lotuta zeuzkatela eta ea gai-jartzailearena egiteko bertso-eskola animatuko ote zen. Nik esan nien aurkezteko arazorik ez neukala. Bertso-eskolakoei pare bat gai eskatu nizkien herriko kontuekin eta hala joan zen saioa.

 Tolosakoari dagokionez, Txolarre irratikoekin aspaldidanik daukat harreman handia. Esan zidaten nola hamargarren urteurrena zela eta jaialdi handi batekin hasi nahi zuten urtea. Horretarako Mendiluze, Irazu eta nirekin kontatzen zuten. Nik esan nien Leidor bete nahi bazen kartel fuerte bat egin behar zela, handia delako. Orduan Mendiluze eta Irazu garbi ikusi zituzten jaialdian. Beste laurekin tiratuz gero gai-jartzen aritzeko proposatu zidaten. Ilusioa egiten zien gainera, Txolarre ezagutzea nahi zutelako. Erronkari baiezkoa eman nion.

 Baietz esan nuen asko pentsatu gabe halako saio batek ze erantzukizun daukan. 500 eta 800 laguneko bi jaialdi izan ziren. Gaiak jartzen eroso sentitu izan naiz. Orain arte Beterriko Txapelketan eta herriko jaietan aritu izan naiz. Egia da ez garela horretan zentratzen bertsolariak izanda. Hala ere, azkeneko hauek asko eskertu dizkidate eta horrekin geratzen naiz. Askotan gai-jartzaieen lana itzalean geratzen da. Nik zortea izan dut honetan, baina ez dut nire burua astebururo horretan ikusten, pisu handiko lana delako."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri