Alegia, Errenteria, Elgoibar, Ibarra eta Getarian ibiliko dira taldeak, besteak beste. Larunbatez ere aterako dira batzuk.
Santa Ageda Bezpera da gaur. Hori dela eta, hainbat talde aterako dira kopletan eskean. Horietako asko bertsolariekin batera aterako dira, gainera. Bertsolariek esperientzia ugari bizi izan dituzte gaurko egunez. Hauek dira horietako batzuk:
Unai Gaztelumendi:
"Aurten berez Soraluzen naiz kantatzekoa. Azkeneko bi urteetan han kantatu izan dut, eta aurretik Zubietan ere bai. Zubietan urtero kantatzen dut. Kontua da Soraluzen Santa Ageda Bezperaren ondorengo larunbatean egiten dela eskea.
Zurikeriazko kopla asko joaten dira tartean. Nahiago izaten dut beste edozein koplatako saio. Leku denetan antzeko bertsoak kantatu behar izaten dira; "hemengo amona zeinen gazte zauden" eta antzekoak, eta oso mugatua da hori tematikaz. Hortik aurrera gustagarria da kopletan aritzea. Gainera, normalean kopletako saioen arazoa izaten da pentsatzeko denborarik ez dela izaten, baina Santa Ageda Bezperan estribiloa edukitzen da tartean denbora emateko. Ideiak botatzea izaten da kontua hala ere.
Ibilbideak luzeak izaten dira, bai Zubietan eta baita Soraluzen ere. Gainera, leku beretan eta jende berari kantatzen zaio. Zubietan, esate baterako, bada emakume bat bezperan urteak betetzen dituena, eta hari urtero antzekoak kantatzen dizkiogu."
Aitor Mendiluze:
"Gaur ez daukat saiorik, berez. Aukera badaukat Hernanira joateko, baina lanagatik eta bestelakoengatik utzita daukat denera iristerik ez dago. Santa Eskean Hernanin kantatu izan dut eta Aizarnazabala ere joaten naiz, baina han larunbatez egiten da beti. Bestela kuadrilako eta etxeetako jendea falta izaten da.
Aizarnazabalen giro polita izaten da. 20 bat gazte eta beterano pare bat elkartzen gara normalean. Nik 15. urtea izango dut jarraian. Etxez etxe ibiltzen gara, lehenagoko eran: furgoneta zahar batera igo denak eta etxe etxe herriko etxe gehienak pasa arte, 12 bat ordu denera.
Ohitura pixka bat ere badaukat kopletan aritzeko. Urtero hiru eske egiten ditut: Hernanin, ihauterietan Erasunen eta Aizarnazabalgoa. Egia da goizean kosta egiten dela berotzen, baina ez da hainbeste kostatzen gero.
Ni geroz eta gusturago joaten naiz, geroz eta konfiantza gehiago daukat. Nirekin hasi zirenetako gehienek ez dute jarraitzen, baina jende gaztea badator. Nik hor jarraitzeak poza ematen dit. Etxeetako jendearekin ere badut konfiantz eta orain ez da hain beharrezkoa herriko jendeak azalpenak ematea; joaterako badakit nori kantatu behar diodan."
Arkaitz Oiartzabal "Xamoa":
"Aurten ere Errenterian kantatuko dut. Badira urte batzuk kantari hasi ginela. Urtez urte aldatzen joaten da taldea. Gehienak bertso-eskolan ibiltzen garenak izaten gara, baina hortik aurrera Oreretako beste talde batzuek ere hartzen dute parte. Trikitilari batzuekin elkarlanean ariko gara gaur, adibidez.
Niretzat jauzi handia dago bertsotatik kopletara. Ni urtean zehar kopletan nahiko gutxi aritzen naiz. Baina, eguna berezia den horretan eta saio biziak izaten diren horretan (tabernariei edo trikitilariei adarra jotzeko), azkenean uste baino errazago moldatzen gara.
Egia esan urtero arazo nagusietako bat izaten da. Badira leku batzuk urtean behin bakarrik joaten garenak, eta horiek bereziki estimatzen dute joatea. Baina, azkenean, urtezaharrak, Santo Tomasak... Errutina baten parte izan daitezke, baina, agian, komeni da errutina horiek egotea. Oreretako euskaldun kuadrila horrentzat komenigarria da beste urtebetez kantatzen ari garela jakitea."
Jon Maia:
"Urtero Zumaian kantatu izan dut, 12 bat urte neuzkanetik. Bertso-eskolak antolatzen du. Baserriz baserri ibiltzen gara goizean, goizeko 8etan abiatuta. Askizutik Getariara bitarteko baserri eta txakolindegi denak pasatzen ditugu. Bazkaldu eta, ondoren, Zumaiako baserriak pasatzen ditugu. 21ak aldera jaisten gara kalera eta 23ak arte aritzen gara 15 bat lagun, trikitilariekin eta aurten dultzainarekin. Azken urteotan Basakarte ibili izan da nirekin, garai batean Joxe Agirrerekin-eta ibilia eta sariketa batzuk irabazitakoa. Zumaiarra da, oso koplari ona. Urte batzuetan ni bakarrik ere aritu izan naiz. Zumaiako bertso-eskolatik pasatako jendea ere sartu izan da.
Goizeko 8etan pixka bat hotz egoten gara, baina gero berotzen gara. Azkenean oso gustura aritzen naiz; bukaeran hizketan baino errazago kopletan. Kalkulatu izan dugu egunean zehar 500 bat kopla kantatzen ditudala. Azkenean oso erraz ateratzen dira. Ilusio handia egiten didan eguna da; ez dakit nire lehenengo plaza ere ez ote nuen Santa Eskean egin Patxi Etxeberriarekin batera.
Ez du nekatzen, beti dago zerbait berria esateko. Adarra ere jotzen dute askotan ez ote dugun antzekoa kantatzen esanez, baina konturatu gabe ere beti gertatzen dira. Batzuetan inor aurrean egon gabe kantatu behar izaten da, baina beste leku batzuetan zain egoten dira. Txiki ezagututako umeak nire pareko ikusten ditut askotan, istorioak ere badakizkigu... Horrek erraztu egiten du dena.
Amaia Agirre: "Ni egunean bertan Errenteriara joan izan naiz bertako Udal Euskaltegikoekin. Tabernaz taberna ibiltzen dira ikasleekin. Iaz eta aurten ez da atera, jende gutxi zegoelako. Beraz, Getarian atera naiz. Uxue Alberdi ere bertan bizi da, eta ostegun inguruan tokatu zenez iaz, bertso-eskolakoekin zerbait inprobisatzea pentsatu genuen. Ikasleak eta trikitilari elkartu genituen, egun pare bat lehenago kartelak jarri genituen Santa Poteoa egongo zela esanez, eta azkenean 60 lagun inguru ibili ginen tabernetan. Aurtengorako lehenago lotu genuen Getarian.
Larunbatez, berriz, Itziarren izaten naiz. Hiru talde ateratzen dira. Talde bakoitza auzo batera joaten da bertsolari batekin. 12 orduko lana izaten da; bazkaltzeko geratzen gara baina asko ere ez. Han ohitura zegoen etxe askotan atea ixtekoa. Koplatzen ari garela antolatzaile bat edukitzen dugu informazioa pasatzen, eta etxe barruan dauden guztien izenak aipatu behar izaten ditugu atea irekitzerako. Ondoren hasten gara eskean. Behin kunplitu dugula ikustean zabaltzen dituzte ateak. Askotan argiak pizten dituzte lehenago han daudela erakusteko eta kantatzen hasi gaitezen. Erreferentziarik eduki gabe zaila izaten da kantatzea. Gogorra da bakarrik egoten garelako, doinu berean. Baina satisfazioa ere handia da eunaren bukaeran. Aurten pena da, ez baitut joaterik izango Beterriko kanporaketa dagoelako.
Desberdina da kopletan edo bertsotan egitea. Erritual bat jarraitu behar da, baina ni beti saiatzen naiz koplak ez errepikatzen. Ondokoek esaten dute aurreko etxean kantatutako bat kantatzeko, baina niri ez zait gustatzen. Nahiz eta antzekoa kantatu behar izan, beste era batean egiten saiatzen naiz. Errimak aldatu arren askotan ideia bera izaten da. Horregatik saiatzen naiz beste erreferentzia batzuk sartzen: inguruan dagoen zerbait, eguraldia aldatu bada, bidea luze badoa... Niri gustatzen zait. Baina gogorra da bakarrik egitea, ez dagoelako inor ateak irekitzeko. Urte batean kontatu nituen eta 500 koplatik gora kantatu nituen, doinu berean. Etxera joan eta bi gauetan bueltaka aritzeko modukoa da hori. Itziarkoa fisikoki ez da gogorra, etxez etxe kotxeetan ibiltzen garelako. Baina, azkenean ez da atsedenik hartzen, bidea azkar egiten denez etxetik etxera denbora-tarte txikiagoa dagoelako.
Ni oso despistatua naiz. Errenterian, tabernetan, beti jende ezberdina egoten zen, eta horrek ez du nekatzen. Besteetan ere beti dago anekdotaren bat: umeren bat jaio dela, norbait gaixo dagoela... Beti dago zerbait. Ni ez naiz etxeen izenekin gogoratzen eta urtero galdetzen dut. Gainera, Itziarren urtero aldatzen dugu auzoz, hiru auzo baitira. Urtero, beraz, jende ezberdinarekin eta giro ezberdinean aritzen gara.
Itziarren urte askoan ibili zen Bernardo Azpillaga, eta orain dela 6 urtetik Bixente Gorostidi ere aritzen da. Orain Mantxi ere ibiltzen da. Itziarko bertso-eskolak osatzen du hirugarren taldea, eta beraiek kantatzen dute.
Anjel Mari Peñagarikano: "Leku batean baino gehiagotan atera izan naiz kantatzen, baina, normalean, azkeneko hogeitaka urte hauetan, Anoetan kantatu izan dut. Han atera ez naizenetan Asteasun eta Mendaron behintzat atera izan naiz.
Anoetan ez da luzeegia ere izaten. Eguerdiko 15:30etan hasiko gara kantuan eta iluntzeko 21:30ak arte jarraituko dugu. Giro onean aritzen gara. Baina, zerbaitek penatzekotan, gazteen faltak penatzen nau: hasi ginenok jarraitzen dugu oraindik ere eta gazte gutxi elkartu dira taldera.
Kopletan aritzea ez zait hain zaila egiten. Koplak pentsatzeko denbora izaten da ibilbidean zehar ere. Etxe batera iritsi aurreko bidean ideia bat egiten dut zer kantatu, eta horrela erraz ateratzen da.
Kantatzen ere geroz eta gusturago aritzen naiz. Giro onean ibiltzen gara, eta jendearekin ere geroz eta konfiantza gehiago daukagu. Horrela erraz egiten da koplatan."
Gaur, besteak beste, Elgoibar, Errenteria, Ibarra, Alegia eta Getarian ibiliko dira eskean.