Nafarroako Txapelketan izango da berriz ere Estitxu Arozena bertsolaria , lau urteko etena eta gero. "Ez nuen txapelketa nik erabakitako arrazoiengatik utzi, baina, era berean, ez nion erabat utzi ere, beti egon izan naiz hor, jarraitzen eta antolatzen laguntzen". Bi urtez Nafarroako txapeldun izanak fase berri baten hasiera gisa bizi du itzulera. Gogoz dator, prestaketa lanak eginda, eta hausnarketa utzi eta transmititu nahi luke bere bertsoetan.
Estitxu Arozena bertsolaria Nafarroako Txapelketan izango da berriz ere, lau urteko etena eta gero. "Ez nuen txapelketa nik erabakitako arrazoiengatik utzi, baina, era berean, ez nion erabat utzi ere, beti egon izan naiz hor, jarraitzen eta antolatzen laguntzen" esan du lesakarrak. Izan ere azken hiru edizioetan hor egon baita ardura eta lan desberdinak egiten. Era berean aitortu ez zuela nahi behartutako eten hori izaterik bere txapelketako bidearen bukaera, eta orain bere bertsolari ibilbidearen fase berri bati ekingo diola.
Nafarroako txapelketa, ordea, ez da berria Estitxu Arozenarentzat. 15 urtez hartu du parte eta bi aldiz txapeldun izana da. Beraz, “badakit nora itzultzen naizen” esan dio Bertsoa.com-i. Lesakarra gogoz eta ilusioz dator, eta aitortu du, beharbada, orain arteko prestaketa lanik kontzienteena egin duena txapelketa honi begira, “gero edozer gauza ateratzen ahal da eta igual lehenbiziko kanporaketan kalean gelditu, aldagai asko ez daudelako bertsolariaren esku, eta dauden horiek ere posible delako uste ez bezala joatea”. Presketari dagokionez, Nafarroako Elkarteak antolatutako ikastaro batean hartu parte, Karlos Aizpurua irakasle dela, Lesakako bertso-eskolan ere bildu da eta etxeko lana ere egin du. Orain arteko ibilbide oparoak ardura edo presiorik ematen dion galdetuta, ezetz erantzun du Arozenak.
Bertsotan zer eman edo transmititu nahiko lukeen galdetuta, hausnarketa nabarmendu du Arozenak. “Batzuk konkreturako joera dute, eta hori oso modan dago orain. Nik hausnarketa egin nahiko nuke”