Beterriko Txapelketa 2010-02-08

Mandeuliak sailkatu dira finalerako

Armiarmak kanpoan utzi dituzte. 50 bat lagun elkartu dira Zizurkil Goiko Zentroan saioa jarraitzeko. Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martinek jaso zituzten boto gehien.
 Larunbatean jokatu zen Beterriko Txapelketako bigarren eta azken kanporaketa. Zizurkil Goiko Zentroan izan zen saioa eta 50 entzule inguru elkartu ziren. Honako talde hauek kantatu zuten:

 Mandeuliak: Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin
 Armiarmak: Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria "Ministro" eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"

 Iker Iriarte aritu zen gaiak jartzen. Ariketa bereziak eta ohikoak txandakatu zituzten. Saioa agur bereziekin hasi zuten bi taldeek. Mandeuliak euliz mozorrotuta atera ziren eta armiarmak, berriz, Spiderman-en arroparekin. Bigarren hauen agurrean argia joan egin zen eta kosta zen berriz mikrofonoak martxan jartzea. Entzuleek gozatu egin zuten bi agurrekin. Ondoren, "Juana Bixenta Olabe" doinuan aritu ziren ofizioka Agin Rezola eta Ministro. Bertsolariei kosta egin zitzaien, agian, doinu berezira moldatzea.

 Saioan zehar ariketa berezi eta ohikoak tartekatzen joan ziren. Agin eta Ministroren ondoren Jon Martin eta Xamoa atera ziren, hamarreko txikian kantatzeko. Hauek gehiago asmatu zuten, agian. Ondoren, Iñaki Gurrutxaga eta Beñat Lizaso sei puntukoan aritu ziren, eta entzuleen barreak lortu zituzten. Hemen hasi zen saioa berotzen. Aginek eta Xamoak puntuka kantatu zutenean iritsiko zen, beharbada, saioa bere lehenengo gailurrera. Bizi aritu ziren biak bertsotan eta entzuleek eskertu zuten hori.

 Honen ondoren, bertsolariak taldeka jarri ziren berriro, kopletan egiteko. Mandeuliak hasi ziren kantuan, eta umorez osatu zuten saioa. Armiarmenak eragingo zituen, ordea, barre-algararik handienak. Hiru eraztun ziren: jabeak gauez ateratzen denean portalean patrikan gordetzen duena; parranda patrikan egiten duena eta itzulerakoan jabeak portalean janzten duena. Ateraldi dotoreak izan zituzten hiru bertsolariek.

 Saioa kartzelako lanera iritsi zen orduan. Agin eta Xamoa aritu ziren kartzelan, gai honekin: "gaur ere ez". Umorez josi zituzten bertsoaldiak biek ere. Anekdota bat ere izan zen hemen. Agin kantuan ari zela Xamoa kartzelara eraman zuten. Bere txanda iritsi zenean, ordea, kosta zitzaien bera aurkitzea, honen ondotik, saioan zehar behin baino gehiagotan aipatu zen gertaera.

 Saioa bukaerara iristen ari zen, eta ariketa berezi bat jarri zien Ikerrek Ministro eta Iñakiri. Lehendabizi habaneran lau bertso osatu behar izan zituzten puntu-erdika. Ondoren, zazpi oinak emanda kantatu zuten biek. Umorezko saioak izan ziren, eta giroak gora egin zuen hemendik aurrera.

 Leherketa, ordea, Beñat Lizaso eta Jon Martinek segidilan egindako saioarekin gertatu zen. Publiko artean ibili ziren biak, mikrofonoa eskutan hartuta, eta hau izan zen entzuleak gehien gozarazi zituen unea.

 Behin saio hau bukatuta, entzuleek erabaki behar izan zuten zein pasako ziren finalera. Azkenean Mandeuliek jaso zituzten boto gehien (29 beraiek eta 25 Armiarmek). Ondorioz, Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin Beterriko finalean izango dira. Beraiekin batera Sorgin-Orratzak ariko dira (Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa). Finala larunbat honetan izango da, Villabonako Irrintzi Elkartean. Sarrerak honako leku hauetan egongo dira salgai: Larramendi Bazkunaren eta Aiurriren egoitzetan, Ogigoxo okindegian, Iriarte Kultur Etxean eta Emaitza eta Stop Liburu dendetan. Nahi izanez gero telefonoz ere egin daiteke erreserba. Honako hau da zenbakia: 943 300 733.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri