Juan Mari Juaristi, Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria 2010-02-09

"Nik uste Arabako Elkartearen historia gerora kontatzekoa izango dela"

"Nik uste Arabako Elkartearen historia gerora kontatzekoa izango dela"
Joan zen larunbatean egin zen Arabako Bertsozale Elkarteko Batzar Orokorra. Zuzendaritzako kideak "oso gustura" atera ziren bertatik, jende dezente elkartu zelako. Ekonimikoki urte gogorra izango bada ere, transmisioan, hedapenean eta sustapenean lan ona egiten ari direla uste du. Aurtengo Txapelketak "eragile guztiak pizteko" balioko duela espero du.
 Joan zen larunbatean ospatu zen Arabako Bertsozale Elkarteko Batzar Orokorra, Gasteizen. Bertsoa.com-ek zuzendaritzako bileran harrapatu du Juan Mari Juaristi, Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria. Larunbatekoaz zera dio: "Oso balorazio ona egiten dugu. Batetik, ez da lehenengo batzarra eta badugu beste urteetakoekin alderatzeko aukera. Jende asko elkartu ginen. Aurkezpenean, agian, jende gehixeago egongo ginen, baina batzarrean ere hogeitik gora izan ginen, eta hori, Arabako Elkartean ehun bazkide garela kontutan hartuta, kopuru handia da.  Oso arin azaldu zen informazioa eta egon zirenak gustura egon ziren. Bilera oso aprobetxagarria izan zen.

 Bileraren ondoren bazkari bat egin genuen. Batzar Orokorra, azken finean, Elkarteak urtero egin behar duen zerbait da, baina azken urteetan jende gutxi xamar elkartzen zen, eta hankamotz geratzen ginen. Azken urte hauetan aldatu egin dugu hori: Elkartearen eguna deitzen diogu eta Txapelketa aurkezten dugu, bazkaria egiten dugu eta bazkarian Txanpinoien saioa antolatzen dugu (noizbait Arabako txapeldun izan diren bertsolariekin)… Horrekin jende gehiago biltzea lortzen dugu."

 Egonkortasuna, Transmisioa, Hedapena eta Sustapena; 2010erako erronkak


 Aurtengo egitasmoari begira, zenbait frente bereizten dituzte Arabako Bertsozale Elkartean. Ekonimikoki urte "gogorra" izan daitekeela aurreikusten dute: "Aldaketa nagusia orain dela pare bat urte gertatu zen, Gobernu aldaketarekin, hitzarmenak sinatzen hasi ginenean. Orain erronka nagusia daukagunarekin egonkortasuna lortzea da. Ekonomikoki urte beltzagoa dator: nahiz eta erakundeekin harremanak onak izan, laguntzak denoi murriztuko zaizkigu."

 Dena den, gainerako frenteetan lan ona egiten ari direla iruditzen zaio: "Hezkuntza arautuan lan polita egiten ari gara: 31 ikastetxetan 1500 ikasle. Zifra interesgarriak dira Arabarako, eta hori mantendu eta, ahal dela, zabaltzea da erronka. Bertso-eskolen sarean harremanak egonkortu egin nahi ditugu eta sare hori txirikordatu. Helburu horri erantzuten dio Txapelketak ere. Elkarteak epe motzera daukan erronka nagusia hori da: taldekako txapelketa hori aurrera ateratzea.

 Horrez gain, bertso-eskola bat zabaldu da Errioxan eta Txapelketan parte hartuko dute, gainera, bertako ikasleek. Hedapenean ere jarraitu nahi dugu.

 Sustapenari dagokionez, “Araba Bertsotan” izeneko proiektu bat daukagu, gaur bertan Diputazioan aurkeztekoak garenak. Kulturan aurkeztutako egitasmo bat da, eta Araban bertso-saioak egitea da helburu, baina bertako bertsolariekin eta hasiberriak eta esperientzia gehiago daukatenak nahasita. Txapelketan parte hartzeko saioak behar dira, eta guk hori eskaini nahi dugu."

 Arabako Kuadrilen Arteko Txapelketa

 "2002an pasa ginen Prudentzio Deuna sariketatik Arabako Bertsolari Txapelketa antolatzera. Geroztik zortzi edizio egin dira. Ziklo interesgarri bat bultzatu dugulakoan gaude: Printzipal Antzokia bete dugu… Hori oso ondo baloratzen dugu. Gertatzen dena da gure lurraldea den bezalakoa dela, eta soziolinguistikoki ere egoera berezia dela, eta Txapelketarekin gustura gauden arren, 18 bertsolari bakarrik ateratzen direla eta juxtu gabiltzala: gai-jartzaile gutxi daude, epaileak ere bai… Horri bultzada bat emateko erabaki dugu bi urtean behin Arabako Txapelketa taldeka egitea: Arabako Kuadrila arteko bertso-txapelketa.

 Zenbakiek adierazten dute ezberdintasuna: iaz 18 bertsolari atera ziren Txapelketan eta hemen 41 daude kantatzeko prest. Egia da hasiberriak direla asko, baina taldearen babosean eta denek egiteko moduko ariketak jarrita parte hartuko dute. Helburua da datorren urteko Txapelketan 18 beharrean 24 izatea. Bestalde, lehengo urtean 18 bertsolari horietatik 3 ziren emakumeak, eta oraingoan 41 horietatik 14. Honekin eragin egin nahi dugu lurraldean; bertsolaritza herrikoiagoa egin nahi dugu eta eragile guztiak piztu nahi genituzke: zaleak, lagunak, epaile egiteko prest dagoena, gai-jartzailea… Azkenean 9 talde dira eta talde bakoitzak 9-10 pertsona bilduko ditu bere bueltan. Horrek esan nahi du 100 pertsona inguru ariko garela Txapelketa honetan."

 Etorkizuna

 "Aurrera egiteko gogoarekin gaude. Badakigu gure parametroak oraindik ez direla Euskal Herrikoak, baina horra heltzeko lan egin behar da. Ausartu ginen Txapelketa egiten, itsututa ekin genion abentura horri, baina gai izan gara. Taldekako honekin aurrera egin nahi dugu, lehen aipatutako frente horietan ekinez. Nik uste Arabako Elkartearen historia gerora kontatzekoa izango dela; diakronikoki kontatu beharko da. Orain zer garen neurtu behar dugu lehen zer ginen kontutan hartuta. Bide horretan beti aurrera egin nahi dugu: gainditu duguna eredu izan dadila jende berriarentzat, jende berria animatu dadin bertsotan eta bertsotan ez bada gaiak jartzen."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri