Lanku- Unai Elizasu eta Mikel Mariskal 2010-02-11

"Aurten barrura begirako lana egin beharko dugu"

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak sortutako enpresa bat da Lanku. Iaz 350 bertso-ekitaldi egin zituzten, eta horietako 100 emanaldi bereziak izan ziren. Aurtengo urtean bertso-saioak izango dira protagonista, Txapelketa osteko urtea delako eta krisi garaian emanaldi berezien eskaria murriztu egin delako.
 Bertsoa.com zuzeneko elkarrizketak egiten hasi zen asteartean, Trikuharri taldearekin. Atzo izan zen bigarren elkarrizketa. Atzokoan Lankuren egoitzan izan ginen, Oiartzunen, eta Unai Elizasu eta Mikel Mariskalekin hitz egin genuen Lankuren inguruan.

 Mikel Mariskalek azaldu zuenez, badira 10 urte Lanku sortzeko bidea martxan jarri zutenetik. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua izan zen. "Behar batzuk ikusten ziren". Alde batetik, esperientziak pilatu behar ziren saioak antolatzeko. Ordura arte, Txapelketak antolatzeko kanpoko jendearengana jotzen zen, eta hortik ateratako irabazien zati bat ere bai. Horregatik, antolakuntza guztia "etxekoen" esku geratzea erabaki zen. Beste aldetik, garaiko bertsolariek ere zenbait behar omen zeuzkaten. "Garai hartako antolatzaileek zailtasunak zeuzkaten ordainketak egiteko: faktura zela, kontratazioa...".

 "Lanku Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektuarekin bat egiten duen enpresa bat da, produkzio eta azpiegituraz arduratzen dena". Eta, horrez gain, sortzaileen kezkez ere arduratzen dira.

 Unai Elizasuk azaldu zuenez "edozein" antolatzailek jo dezake Lankura. Bertsolari bakoitza kontratatzeko salneurri batzuk daude, bertsolariekin adostutakoak, eta antolatzailea horra iritsi ezin bada bestelako bideak proposatzen dizkiete Lankutik.

 Urtean zehar 350 bertso-ekitaldi kudeatu omen zituzten iaz, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago. Horietarako antolatzaileek edozein bertsolari eskatu omen dezakete. Eta, zerrendan ez badago, Lankuk berak egiten du kontaktua.

 Aurtengo urtea berezi xamarra izango da, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren ondorengo urtea baita. Horrek, Unai Elizasuk azaldu duenez, eragiten omen du saioetan. Txapelketak gizartean zabalkunde handia izan omen du, eta antolatzaileek zabalkunde honen arabera aukeratzen dituzte, askotan, bertsolariak.

 Emanaldi Bereziak

 Bertso-saio arruntak antolatzeaz gain, emanaldi bereziez ere arduratu ohi da Lanku: Erregea eta Bufoia, Mc Txirrita, Mario Haritik Tiraka... Emanaldi horiek harrera ona izaten dutela azaldu du Elizasuk. Sortzaileek beraiek proposatzen omen dituzte, eta sortzaileengandik datozenez, mimoz prestatuak egon ohi dira. Iaz emanaldi bereziekin 100 saio antolatu omen zituzten.

 Aurtengo urtea, dena den, ez omen da emanaldi bereziena izango. Txapelketa Nagusiak eragin du hemen ere, eta antolatzaileek bertso-saioak eskatzen dituzte.

 Mikel Mariskalek azaldu zuenez emanaldi hauek ekarpen bat egin diote bertsolaritzari.Lehenago bertsolaritzak bere espazioa omen zeukan, baina emanaldi bereziei esker sortzaileak programazio kultural arruntean txertatu omen ziren.

 Publikoaren esparru gehienetara iristen saiatzen badira ere, ba omen daude bi oraindik landu ez dituztenak: zaharrenak eta nerabeenak. Bere garaian aritu omen ziren zahar-etxeetarako eskaintzaren bat prestatzen, baina une honetan ez daukate ezer. Eta, nerabeen kasuan, hutsune hau orokorragoa da.

 Denda

 Aurtengo berrikuntza nagusia saltokien sarea izango da, beharbada: Euskal Herriko 50 liburudendarekin akordio batera iritsi da Lanku, bere produktuak haietan egon daitezen. Ez omen zuten edozein liburudendatara jo, ordea. Lehendabizi bertso-eskola ezberdinekin jarri ziren harremanetan, eta hauei galdetu zieten beren inguruan zein denda ikusten zuten egokiena horretarako.

 Horrez gain, Lankuk badu denda digitala ere.

 Mikel Mariskalek azaldu zuenez Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektuarekin bat eginda erabaki zuten argitalpen zerbitzu bat jarri behar zela abian. Horrela, bertsolaritzarekin lotutako material guztia katalogo batean egotea zen helburua. Gaur egun Lanku arduratzen da horretaz.

 Material honek harrera ona izaten omen du, nahiz eta aldea dagoen batetik bestera.

 Besteak

 Azkeneko urteotan Lankutik kanpoko proiektu bat baino gehiago agertu dira: Ornitorrinkus, Hamaika Bertute, Zaharrak Berri Xou, Hudaltzainak... Unai Elizasuk dio bide hau ez dutela gaizki ikusten, eta ez dela azken urteetan soilik gertatu, gainera. Lankuk bere zerbitzuak denei eskaintzen dizkiela argitu du, eta ez dutela inor behartzen.

 Lanku gabeko bertsolaritzarik imajinatzen ote duten galdetuta, Mikel Mariskalek argi dauka baietz, Lanku sortu aurretik ere bertsolaritza bazegoelako. Horrez gain, zenbait gauza ikusten ditu Lankutik kanpokoak eta Lankutik kanpo egon behar dutenak. Horien artean bertsolarien jarrera nabarmentzen du. Bere ustez bertsolariak publikoarekiko duen gertutasuna da gaur egungo arrakastaren gakoetako bat. Zenbait ekimen bertsolarien borondatearen esker atera omen dira. Gainera, nabarmendu du bertsolariek saio asko egiten dituztela borondate hutsez.

 Unai Elizasuk zihoen Lanku ez zetorrela herri-mugimendu hori ordezkatzera, horri zerbait gehiago eranstera baizik.

 Egile Eskubideak

 Azken urteotan puri-purian dago gizartean Egile Eskubideen inguruko eztabaida. Bertsolaritzari ere eragiten dio honek. Mikel Mariskalek azaldu zuenez sorkuntzak berak dirua sortzen du. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Lankuri eskatu omen zion hori aztertzeko. Eta Lankuk nolabaiteko adostasuna lortu zuen SGAErekin. SGAEk eskaera egiten du ikuskizunetan, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ez du onartzen plazetan kanon bat ordaintzerik.

 Horregatik, zera adostu zuten: SGAEk bere diru-bilketa egiten du, baina Lankuk editore moduan eman zuen izena SGAEn. Era horretan, bertsolariek Lankuren bidez egin dezakete dagokien zatiaren eskaera. Bitartekaritza honen bidez zenbait bertsolari hasi omen dira zor zitzaiena jasotzen.

 Bertso Eguna

 Lankuk urtean zehar antolatzen dituen saioen artean esanguratsuenetakoa da Bertso Eguna. Urtarrilaren 30ean ospatu zen Donostiako Kursaalean. Lanku produkzioaz arduratu zen, eta, nabarmentzen dutenez, horrelako egunek bertsolaritzatik kanpoko jendea ezagutzeko aukera ematen diete. Eguna esperimentatzeko aprobetxatzen dutela nabarmendu zuten.

 Aurtengo Helburuak

 Krisi urtea da aurtengoa, eta horrek izango omen du eraginik Lankun. Unai Elizasuk azaldu du bertso-saioen kopurua orokorrean ez dela jaitsiko, baina, zenbait antolatzailek, nahikoa baliabide izan ez eta Lankura jo beharrean, zuzenean deituko diete bertsolariei. Horrez gain, emanaldi berezien kopurua ere murriztu egingo dela uste du Mikel Mariskalek, arte eszenikoetan ere hala gertatu baita.

 Etorkizuna

 Lankuren helburu nagusia antolatzaileak mimatzea eta sortzaileei beraien ideiak aurrera ateratzeko bide bat eskaintzea dela nabarmendu du Mikel Mariskalek.

 Une honetan beraien arazo nagusia espazio falta omen da, baina, etorkizunean hori konpontzea espero du. Aurtengoan barrura begira ariko direla iruditzen zaio, dauzkaten baliabideak optimizatzen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri