Bizkaiko txapelketa 2008-05-15

Ipar Uribe eta Arratiako finalak zapatuan eta domekan

Ipar Uribeko finala larunbatean, Areetako Andres Isasi musika eskolan, 18:00etan. Arratiakoa, igandean, Igorreko kultur etxean, 17:00etan

Ipar Uribe eta Arratiako finalak jokatuko dira asteburu honetan, larunbat eta igandean. Ipar Uribeko txapelketan 20 lagunek parte hartu dabe eta, beraz, hiru kanporaketa saio egin behar izan dabez finalean abestuko daben sei bertsolariak aukeratzeko. Barikuan, maiatzaren 9an, izan zan azken kanporaketa Fikan eta ez zen entzulerik ez girorik falta izan. Aurreko kanporaketak Larrabetzun eta Sopelan izan dira. Hiru kanporaketetako puntuazinoak kontuan hartuta, honexek izango dira maiatzaren 17an Areetako Andres Isasi musika eskolan abestuko duten sei bertsolariak: Miren Ibarluzea, Olatz Ibarluzea, Jone Uria, Arrate Illaro, Itsaso Paia eta Peru Vidal. Saioa 18:00etan hasiko da eta Aitzol De Castro izango da gaijartzailea.

Arratiako txapelketan bost bertsolarik bakarrik emon dabe izena eta, beraz, bost horreek abestuko dabe finalean: Iñaki Iturriotzek, Jabier Olibaresek, Eñaut Intxaurragak, Manex Sagarnak eta Illart Gumuziok, hain zuzen be. Lehenengoz Igorren izango da Arratiako finala, bertako kultur etxean, 17:00etan. Gaijartzailea Saioa Amuriza izango da.

Bai batean eta bai bestean epaimahai bera izango da. Josu Telleria, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula eta Asier Ibaibarriaga ibiliko dira epaile lanetan eta Miren Itziar Basterretxea idazkari lanetan.

Bertsolarien datuak
Ipar Uribeko finalistak

• Olatz Ibarluzea.- 21 urteko Mungiarra.Topografia ikaslea gasteizen.
Aurton bigarrenez doa bizkaiko txapelketara.
 Itsaso Paia.- Getxoztarra. 19 urte. Psikologia ikaslea. 2006ko Ipar Uribeko txapelduna.
• Peru Vidal.- 20 urte. Ikaslea. Sortzez Plentziakoa dan arren, Leioan bizi da gaur egun. Bigarrenez parte hartuko dau Ipar Uribeko bertsolari txapelketan.
• Arrate Illaro.- 19 urteko algortarra. Ikusentzunezkoak ikasten dabil Leioan. Eskolartekoetan Euskal Herriko txapelduna 2006an. Lehenengoz parte hartuko dau Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan.
• Miren Ibarluzea.- 1984an jaioa. Mungiarra. Itzulpengintza eta interpretaritzan lizentziatua. Egun Labayru ikastegian ari da beharrean, Herri Ondarea mintegian irakaskauntzarako materialgintzan. 2006ko Bizkaiko Bertsolari txapelketan finalaurrekoetan abestu eban.
• Jone Uria.- 18 urteko algortarra. Bizkaiko Eskolartekoetan txapeldun izandakoa txikietan zein nagusietan. Lehenengoz parte hartuko dau Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan.

Arratiako finalistak
 Eñaut Intxaurraga.- Zeaniztarra, 31 urte. Euskal Filologia ikasi ostean, irakasle lanetan dabil. 1998an parte hartu eban lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan (Garai horretan Araba-Bizkaikoa zan). 2000, 2002 eta 2004ko txapelketetan finalaurrekoetara heldu zan; eta 2004ko zein 2006ko Arratiako txapelduna da.
• Iñaki Iturriotz.- Igorreztarra, 25 urte. Kazetaritzan lizentziatua. Gaur egun, doktoradutza egiten dabil eta Bertsozale Elkarteko komunikazio taldeko kidea da. 2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara heldu zan.
• Jabier Olibares.- Zeaniztarra, 28 urte. Fabrikan lan egiten dau. 2002ko Arratiako txapelduna.
• Manex Sagarna.- Igorreztarra, 21 urte. Euskal filologia ikasten dabil. Duela lau urte be kantatu eban eskualdeko finalean.
• Illart Gumuzio.- Igorreztarra, 18 urte. Lehenengoz parte hartuko dau eskualdeko txapelketan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri