Larunbatean jokatu zen finala Mutrikun 2010-06-06
Ander Lizarralde oiartzuarrak irabazi Plazatik Gaztetxera sariketa, eta Odei Barroso gelditu zen bigarren. Larunbat arratsaldean jokatu zen finala Mutrikun. Lehen bi horiekin batean, Ane Labaka, Mikel Artola, Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz aritu ziren bertsotan. Lehen fasean ofiziotan eta bakarka egin zuten bertsolariek, eta ondoren buruz burukoa jokatu zen, Ander Lizarralde eta Odei Barrosoren artean. Txapelduna, Lizarralde. Mutrikuko gaztetxean 80 entzule inguru bildu zen finala entzutera.
Bertsolariek ofiziotan egin zituzten lanei helduz, zortziko handian aipatzekoa da, ale gogoangarriak egon baziren ere, bertsolariek ez zutela entzuleengana heltzea lortu. Hala ere Artolak eta Labakak ongi borobildu zuten harreman moduen inguruan eztabaidan ari den bikotearen papera. Ondoren zortziko txikian aritzeko ordua heldu zen, eta gaiek ala eskatzen zutelako edo, bertsoaldi umoretsuak osatu zituzten bertsolariek. Bertsoaldi hauen artean gehien nabarmendu zena Mikel eta Odeirek lagun parrandazale paperean osatu zutena izan zen. Ofizioakako lanak amaitzeko bertsolariek koplatan aritu behar izan zuten, bakoitzak launa kopla botaz. Bizi-bizi ekin zioten bertsolariek lanari eta ideia freskoak ongi landu zituzten koplak osatzeko orduan. Bertsoaldi gogoangarria izan zen Lizarraldek eta Odeirek osatu zutena. Bakoitza Mutrikuko moila banatan txibiak harrapatzen, umoretsu ekin zioten biek lanari eta ale bikainak gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek Oiartzuarraren eskutik.
Lehen fasea bukatzeko bakarkako lana falta zen, eta bertan ere bertsolariek ez zuten kale egin. Ikuslegoaren gozamenerako, ongi landu zituzten gaiak, bertso bikainak sortuz eta bertsotik bertsora aldea egon bazen ere bertsoaldi guztiek izan zuten bere xarma.
Lehen fasea bukatuta, epaileak eta entzuleak iritzi berdina erakutsi zuten: Ander Lizarralde sailkatu behar zen buruz burukora. Horrela, bi iritziak berdinak izanik, buruz burukoa puntuazioaren araberako lehenengo bien artean erabaki zen. Beraz, Odei eta Lizarralderen artean.
Buruz burukoan, sei puntuko motzean ofizioka 3na bertso eta hitza emanda hamarreko haundian bertso bana osatu behar zituzten. Bi bertsolariek ofiziotako bikote bikaina osatzen dutela erakutsi zuten bai umorean, koplatan osatutako bertsoaldian, eta baita tragedian ere, 6ko motzean egindako lanean. Hezurretako minbizia duen eta indartsu dagoen aitaren(Ander) eta lur jota dagoen alabaren(Odei) arteko elkarrizketa ezinhobe osatu zuten bai Oiartzungoak eta baita Urruñakoak ere familiaren bizkarrezurraren metafora baliatuz.
Hitza emanda ere oso ongi aritu ziren biak ala biak ere eta Odeirek “argazkia” hitza landu zuen bitartean Lizarraldek “edalontzia” hitza baliatu zuen bere izaera parranderoa argitara emateko.
Buruz burukoa bukatuta erabakita geratu zen IX. Edizioko irabazlearen izena eta ohiturari jarraituz bertsolariei sari bana eman eta agur bana kantatuaz amaitu zen saioa.
Lehen faseko sailkapena eta puntuazioa hurrenez hurren:
1.Ander Lizarralde____________________211 puntu
2.Odei Barroso_______________________200 puntu
3.Ane Labaka________________________197 puntu
4.Mikel Artola_______________________196.5 puntu
5.Asier Aspiroz______________________195 puntu
6.Beñat Iguaran______________________192 puntu
Buruz Burukoa:
1.Ander Lizarralde___________________98.5 puntu
2.Odei Barroso______________________94.5 puntu
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24