Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Sailak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa 2010-06-08

"Antolaketa lanak egokitu nahi ditugu"

Bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen duen dokumentazio zentroa da Xenpelar. 2010ean datu-baseak diseinatu eta internetez publiko egin eta "Bilduma digitala" martxan jarri nahi dituzte.
 Xenpelar Dokumentazio Zentroa izen ezaguna izango da askorentzat, baina bertan egiten den lanaz ezer gutxi jakingo du askok. 4 lagun ari dira bertan lanean une honetan eta Bertsoa.com Nere Erkiagarekin aritu da hizketan. "Elkartearen sorreran bertan argi ikusi zen bertsolaritzaren edozein motatako ikerketa ahalbideratu ahal izateko, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuko zuen dokumentazio zentroa behar zela. Eta hala sortu zuen 1991ean, Elkarteak berak zituen baliabideekin. Zerbitzu publikoa ematen duen zentroa izanik, gerora lortu ziren funtzionatu ahal izateko diru-laguntzak eta hitzarmenak. Beste edozein biblioteka edo dokumentazio-zentrorekin alderatuz gero, XDZk duen ezaugarri nabarmena dokumentazioaren bilketa batez ere Elkartearen jardunaren bidez eta bertsozaleen borondatezko lanaren bidez egiten dela esango nuke.

 Gutxi ezagutzearen arrazoietariko bat, aipatutako 3 lanen artean oreka garaian garaiko baliabideekin mantendu beharrak denetara nahi den moduan iritsi ezina delakoan nago. Ni lanean hasi nintzenean, harrituta gelditu nintzen hain baliabide gutxirekin ze egoki ematen zen zerbitzua irratiei, telebistari (Hitzetik Hortzera), elkarteak zituen egitasmoei, eta tartean hurbiltzen ziren ikerlari eta bertsozaleei. Orain, baliabide gehiago ditugunez, antolaketa lanak egokitu nahi ditugu, datu-base berri bat egin eta orain arteko informazio guztia bertan jasoaz. Hori lortzen badugu, gure katalogoa interneten erakutsi eta edonork jakin ahal izango du zer dugun, bertora etorri edo galdetu beharrik izan gabe.

 Dena dela, liburutegi eta dokumentazio-zentro espezializatu askori buruzko ezezagutza orokorra dela esango nuke unibertsitate mailan. Eta ezezagutza hori aldatzea oso zaila izango da unibertsitate titulua ia-ia liburutegirik zapaldu gabe lortu ahal dugun bitartean."

 Nere Erkiagak azaldu duenez, "elkarren osagarri diren ataletan" daude banatuta langileak, eta atal bakoitzaren ardura duenak egiten ditu lehen aipatutako hiru lanak: bilketa, antolaketa eta gizarteratzea: "Alde batetik, bertsolaritzan ari edo aritu direnen biografiak, eta plazako jardunari buruzko datuak jasotzen dira: mota guztietako bertso-saio, txapelketa, sariketa eta lehiaketei buruzko datuak.
 
 Eta bestetik, edozein motako dokumentuak: bat-bateko eta idatzizko bertsoak, grabazioak, argazkiak, kartel eta esku-orriak, paperezko eta interneteko prentsan agertzen diren berriak, elkarteak berak edo beste edozein pertsona edo bertso-eskolak sortutako dokumentazioa gordetzen da artxiboan, eta liburutegiko atalean, argitaratu den edozein liburu, disko, aldizkari edo bideo".

 Agian publikoari begira bilketa lana izango da dokumentazio zentroaren zeregin ezagunena. Dokumentazio Zentrotik azaldu dutenez, urtean zehar egindako saioen ehuneko 15 eta 18 artean biltzen dute, nahiz eta lurraldez lurralde aldatu egiten den portzentajea. "

 Ahal denik eta bertso-saio gehien grabatu eta biltzea da helburua, saio-mota, lurraldea, eta beste hainbat ezaugarri kontutan hartuta, eta horretarako Elkarteko hainbat sail eta bertsozaleen arteko elkarlanaren bidez osatu da “Grabazioen bilketa Sarea” deitzen den egitasmoa. Herrialdeetako eragile eta grabatzaileak, Hitzetik Hortzera, Bertsoplaza.tv, Bertsoa.com, eta askotan, bertsolariak beraiek ere lagunduta, lortzen dira grabazioak".

 2010ari begira, bi erronka nagusi dauzka Xenpelar Dokumentazio Zentroak: "Batetik, datu-basea diseinatu eta interneten publiko egitea, edonork kontsultatzeko modua izateko. Ditugun atal guztiak ezin izango dira aurten erakutsi, baina atal batzuetako informazioa eskaintzeko moduan egotea espero dugu.

 Eta bestetik, digitalizazio planarekin jarraituz, “Bilduma digitala” deitu dugun egitasmoa martxan jartzea, erabiltzaileei behar dituzten dokumentuak errazago eskaini ahal izateko asmoarekin".

 Etorkizunera begira, honela ikusten du Xenpelar Dokumentazio Zentroa Nere Erkiagak: "Gure oinarrizko egitasmoari buruz, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzea helburu hartuta, oraindik ere hainbat lan daude egiteko. Behin dokumentazioaren antolaketa orokorra erraztea lortzen dugunean, gizarteratzea indartu beharko dugu, bertsolaritzari buruzko ikerketa gehiago bultzatu eta beharrezko informazioa eskaini ahal izateko. Baina baita bilketa lanak ere, biltzaile sarea zabalduaz, bildu gabe ezin baita ezer ikertu ezta kontsultatu ere".

 Hala ere, azken urte honetan aldaketak ezagutu ditu Xenpelarrek, Mintzola Fundazioa sortu baita: "Bertsozale Elkartea fundazio kide den heinean, XDZ arduratuko da Mintzolako ikerketa-egitasmoen informazio eta dokumentazio beharrei erantzuna emateaz, dagoeneko ahozkotasunaren inguruan diren dokumentazio-guneen bidez (liburutegi, artxibo, fonoteka...) edo oraindik antolatu gabe dauden ahozkotasunaren inguruko gaien bilketa, antolaketa eta gizarteratzea bultzatuz. Hasteko, Ahozko Dokumentazio Mapa osatu nahi da, ahozkotasunaren inguruan dauden liburutegi, artxibo eta dokumentazio zentroei buruzko informazio sakona zabaldu nahi da informazio beharra duen ikerlariak nora joan berehala jakin dezan. Mapa horretatik abiatuta, epe luzerako helburu nagusia Ahozkoaren Dokumentazio Sarea eraikitzea izango da, elkarren artean, mailegu eta informazio truke sistema baten bidez, edozein ikergunetan sortutako dokumentazio-beharrizanari erantzun ahal izateko".

 Jon Agirresarobe da Bertsozale Elkarteko sustapen saileko eragilea. Bertsoa.com-i aitortu dionez aurten audientzia datuak jaitsi egin zaizkio Hitzetik Hortzerari. Alde batetik, ETBren audientzia datuekin batera jaitsi direlakoan dago. Lurreko Telebista Digitalaren iritsierarekin aukera zabalagoa dago telebistetan, eta bakoitzaren ikus-entzule portzentaiak nabarmen murriztu dira.

 Beste alde batetik, aurten emisio egunarekin gora-beherak izan dituzte. ETB3an ostegunez gaueko 22etan izan bada ere, ETB1ean aldaketak izan dituzte. Larunbatetan hasi ziren, ondoren igandeetan, azkenean ostiralez... Gainera, datuei gehitu egin behar zaizkie ETB Sat-en portzentaiak ere. Nahaste honen ondorioz, ezinezkoa da jakitea Hitzetik Hortzera astero zenbat pertsonak ikusten duten. Hala ere, internetez jarraipen zabala izan omen du programak, bai web orrian eta baita facebook bidez ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri