Aurtengo denboraldian Txapelketa Nagusiak pisu handia izan duela dio. Berrikuntza nagusia aurkezpenak erredakzioan bertan egitea dela dio, freskotasuna lortu dutela. Jendeak bidalitako bideoen balorazio baikorra egiten du.
Bukatu da Hitzetik Hortzera programaren aurtengo denboraldia. Guztira 32 programa emititu dituzte irailetik hona. Ordutegian aldaketak ezagutu dituzte, nahiz eta ETB3an beti ostegunez emititu. Hala, ETB1ean larunbatez ematen hasi baziren ere igandera pasa zuten ondoren, eta ostiral arratsaldeetan eman dute azken aldian.
Jon Artano da Hitzetik Hortzera saioko zuzendaria. Iaz hartu zuen postua. Aurtengoan Txapelketa Nagusiak pisu handia izan duela onartzen du: "Gure lehenengo programa txapelketa hasi baino bi egun lehenago eman genuen eta urte amaierara arte ez genuen beste konturik izan. Saio guztietan egon gara eta, orohar, gustura gelditu gara egin dugunarekin. Hala ere hori beste jendeak esan beharko du."
Abenduan bukatu zen Txapelketa Nagusia, eta horrekin batera "kurtso arrunta" hasi zen Hitzetik Hortzeran, asteburuko saioekin. Hala ere, aurtengoan berrikuntza nabarmen bat ezagutu du programak. Aurkezpenak, platoan egin beharrean, erredakzioan bertan egiten dituzte erredakzioko kideek: Felix Irazustabarrenak, Amaia Uribek, Eneko Dorronsorok eta Jon Artanok berak. "Gure kalkuluak eginda hasi ginen baina erabat jakin gabe nora eramango gintuen aurkezteko modu berri horrek. Urtean zehar hobekuntza batzuk egiten joan gara kanpotik eta guk geuk detektatutako akatsak zuzentze aldera. Iruditzen zaigu gauza batzuetan behintzat irabazi egin duela programak. Adibidez, orain bertsozaleek badakite Hitzetik Hortzera nork egiten duen eta identifikatzeko errazagoa da. Antzezpena bada, baina neurri batean bakarrik. Jendeak gu ikusten gaitu erredakzioan eta bere herriko saiora eta hautaketa egitera joaten garenok ere gu gara. Felixek (Irazustabarrenak) konparatzen zuen bertsolariekin pasatzen denarekin: norbaitek telebistan ikusi dezake bertsolaria eta gainera kantuan, baina ondoren hezur-haragizkoa ikusten du, hizketan. Programa etxekoago bihurtzeko balio du. Gainera, Miramongo platotik ateratzeak ere zurruntasuna kendu diola uste dut. Gonbidatuak ekartzea ahalbidetu digu, jendea erosoago sentitzea. Aurkezle batek esaten duenak pisu handia hartzen du eta gure artean, lankide artean, teorian inork ikusten ez gaituela hitz egiteko erraztasun handiagoa izaten dugu. Arnasaldia ere ematen dio programari."
Dena den, Hitzetik Hortzerako kamarek grabatu ez dituzten saioak ere eman dituzte aurten, jendeak bidalita. "Karetatxo bat jartzen dugu aurretik jendeak antzeman dezan bideo horiek ez direla guk hartuak. Azkenean 18 izan dira 32 programatan, eta programa bereziak kenduta gehientsuenetan sartu ditugu. Oso interesgarria iruditzen zaigu bide hori: programaren bizkarrezurra, oraindik, guk grabatutako bi saioek osatzen dute eta bideo horiek ahalbidetzen dute Hitzetik Hortzerak iristea zailago duen lekuetara iristea: gaztetxeak, poteoak, azken orduan sortutako saioak, lagunartekoak... Protokolo bat zehaztu dugu. Gaur egun edonork graba dezake saio bat eta bertsolariak jakinaren gainean egon gabe sareratu dezake. Gu, halako bideo bat emititu aurretik, bertsolariekin harremanetan jartzen gara esateko nondik nora iritsi den bideo hori guregana, ze zati eman nahi dugun eta zer iruditzen zaien."
Honen bidez, gainera, bertsozaleekin feedbacka lantzen dutelakoan dago Jon Artano. Aurtengo bideo gehienak erredakziotik sustatuak izan omen dira. Dena den, izan dute bestelakorik ere: "Esate baterako, Lekeitiko neska batek bidali zigun etxean gordeta zeukan 1985eko saio bat, Mendexakoa. Bere senideren batek-edo grabatu omen zuen. Etorkizunean nahi genuke jendeari ematea aukera horiek bidaltzeko. Artxiboko errepasoan ere hori litzateke asmoa. Errealizazio aldetik ere freskotasuna ematen dio; gaur egun argazki-kamara edo mugikor batekin grabatu daiteke. Noizbait jaso izan dugu hala-moduz grabatutako saioren bat, baina bertsoa ona bada ederki aguantatzen du."
Esan bezala, iaz hartu zuen postua Jon Artanok. Aurtengo urtearekin, pertsonalki, gustura dagoela nabarmentzen zaio: "Zorionez lan-talde asko ezagutu ditut azken urteotan eta saiatzen naiz bakoitzetik aberasten. Iaz, erantzukizunagatik-edo, estuegi hartu nuen nire burua eta aurten konturatzen ari naiz ze zorte eduki dudan hona etorrita. Gozatzen ari naiz. Jende askorentzat aisialdiko plan ideala da bertso-saio batera joatea. Bertsoak lehen ere jarraitzen nituen baina ez nengoen barru-barruan sartuta. Horregatik erabaki dut saioetara joatea bertsolariak, antolatzaileak, saioak nola diren... ezagutzeko. Pertsonalki oso aberasgarria izaten ari da."