Zuzeneko Elkarrizketak: Sebastian Lizaso 2010-06-17

"Txapelketak eman egin dit, kendu ezer ez"

Hasieran kosta egin zitzaiola dio Lizasoren seme izatetik Sebastian Lizaso izatera pasatzea. Txapelketak gehiegi landu ez arren beti "podiumean" ibili izan da, eta horrek erreferente bihurtzen duela dio.
 Sebastian Lizaso "jaioz gero" hasi omen zen bertsotan. Aita, Joxe, bertsolari ezaguna zen, eta taberna bat zeukaten Landetan. Han bertsotarako giro berezia izaten zen, eta handik jan zuen Sebastianek umetan. Hasieran Santa Agedaren bizitza bertsotan ikasi omen zuen, eta pixkanaka buruz ikasitako bertsoei berak asmatuak gehitu zizkien. 15 urterekin Gabirian kantatzeko deitu zioten. Baiezkoa eman zuen, baina aitak halaxe esan omen zion: "gaztetan hartutako burukoa gero ere gogoan izaten da". Esaldi hark zer pentsatua eman zion eta azkenean ez omen zen kantura joan. Hala ere, 16 urterekin berriz deitu zioten eta han egin zuen lehendabiziko plaza.

 Aita bertsolari izatea pisu eta ohorea zen beretzat, aldi berean. Plazara joan eta jendeak ezagutzeko aukera ematen zion, beste era batera hartzen zuten. Hala ere, zenbaitetan entzun behar izan omen zuen "aitak adina ez du egingo" eta antzekorik. "Kosta egin zitzaidan Lizasoren semea izatetik Sebastian Lizaso izatera pasatzea" dio.

 Sebastian Lizasoren izena plazako bertsogintzara lotuta ageri da nagusiki gaur egun. Dena den, txapelketetan ibilbide oparoa osatu du. 1982an hartu zuen parte lehenengoz Euskal Herriko Txapelketan, eta finaleraino iritsi zen. Bere belaunalditik Anjel Mari Peñagarikanok ere lortu zuen finalean sartzea. Beretzat apustu berri bat zela dio, inoiz ez zelako txapelketa-zalea izan ordura arte. "Mutil-koxkor" bat bezala ikusten du bere burua final hartan, bertsolari kontsagratuen aldamenean.

 Garai hartan Amuriza zen txapelketetan bertsolaritzaren ikur nagusia. Aldaketa handiak izan zirela dio Sebastianek. Hasieran bertsolariek gai jakinen inguruan kantatzen omen zuten, etxeko trapu-zaharrak ateraz askotan. Uztapide eta Basarrik hori aldatu egin omen zuten, baina benetako iraultza Amurizarekin iritsi zela dio.

 1986ko finalean txapela jantzi zuen Sebastian Lizasok. Urte hartan Amuriza eta Lopategi omen ziren faborito, eta berak ere onartua omen zeukan haiek egin zezaketena eginez gero txapela amets bat bakarrik izango zela. Hala ere, azkenean berak lortu zuen lehenengo postua. Urte hartan antolatu zuten bertsolariek beraiek txapelketa lehenengo aldiz. Puntuak bistan eman ziren, eta finalean giro beroa izan omen zen, "bertsotarako oso ona".

 1980 eta 1982an Amuriza izan zen txapeldun, eta Sebastianek lortu zuen hurrengoa. Kanpora begira, halako morbo moduko bat omen zegoen. Hala, 1988an telebistan ordubeteko libreko saio bat egiteko proposamena iritsi zitzaien Julian eta Joxe Ramon Belokirengandik. Sebastianen iritziz ez zen zailegia izan bertan kantatzea, azken finean edozein plazako libreko saiotan gauza bera egiten baita. Saio hari garrantzi handiegia eman zitzaiolakoan dago. Hala ere, berriro ere egingo omen luke pozik.

 1986tik aurrera beti "podiumean" egon izan da Sebastian Lizaso txapelketan. Dena den, txapelketak nahiko era berezian bizi zituela uste du. Eguna gainera etorri arte ez omen zen bereziki prestatzen, nahiz eta doinu berezi batean kantatzeko asmoa zeukanean hori landu. Eguna iritsi ahala, ordea, presioa sentitzen hasten omen zen bere ingurutik.

 Txapelketek "gutxi batzuri asko eman eta askori asko kentzen" dietela uste du. Berak zortea izan omen du, berari eman egin diotelako ezer kendu gabe. Txapelketek bertsolaria ezagun bilakatu dezakete bere ustez, askok postuaren arabera deitzen baitiote bertsolariari. Horrek bihurtzen du erreferente. Hala ere, onartzen du urte batzuetan "dena" eman diola bertsolaritzari.

 1997an hartu zuen Txapelketa Nagusia uzteko erabakia. Oraindik jarraitzeko moduan sentitzen zuen bere burua, baina ilusio handiagoz zetozenei bidea ixten zienaren sentsazioa zeukan. Azkeneko txapelketan bigarren postua eskuratu eta hurrengo txapelketan ziurtatua zeukan finalerako lekua. Horregatik dio goian amaitu zuela, baina presio bat ere kendu ziola bere buruari.

 Dena den, 1997koa ez zen bere azkeneko txapelketa izan. 1999an Herriarteko Txapelketa jokatu zen Gipuzkoan, eta Azpeitiko taldearekin aritu zen Sebastian. Hasieran ez omen zeukan kantatzeko asmorik, baina Leire Ostolaza eta Anjel Larrañaga kantatzeko gogoz ikusten zituenez, beraiekin eta Haritz Etxeberria "Ministro"-rekin osatu zuen taldea. Finalerdietara iritsi ziren eta oso oroitzapen politak dauzka txapelketa honetatik gordeta.

 Taldean astean behin egiten omen zuten entrenamenduren bat. Hala ere, bertsotan baino behiago hitzez aritzen omen ziren arrazoiak lantzen, gaia jarri eta horren inguruan eztabaidatuz.

 Plazako jarduna eta txapelketakoa oso ezberdinak direla uste du. Txapelketan neurri eta ariketa jakinak egiten ditu bertsolariak, baina plazan berak aukeratu behar ditu bai neurria eta bai bidea. Bertsolariak plazan jakin behar du non dagoen marra bai seriotik kantatzeko eta baita broman aritzeko ere. Ingurua eta inguruan daudenak ezagutu behar ditu bertsolariak, eta horregatik dio psikologotik zerbait eduki behar duela.

 "Sortzaileak makina beti martxan behar du"

 Sebastian Lizaso txapelketak utzi eta plazako ibilian murgilduta dabil azken aldian. Urtean 140-160 plaza inguruan dabilela uste du. 80ko hamarkadaren bukaera aldera 200 saiotara iritsi omen zen, baina gehiegizkoa zen hura. Bertsotan aritzeaz gain lan ere egiten du aste barruan Sebastianek. Bi jardunak uztartzea zaila dela dio, eta ahal den moduan moldatzen omen da, loari orduak kenduz.

 Hasi zenetik hona plaza asko aldatu omen da. Garai batean astean zehar ere ekitaldi asko izaten omen ziren. Azken urteotan dena asteburuz jartzen hasi dira, eta horrela desagertzen ari dira herri bazkariak. Horrez gain, entzulegoa asko gaztetu omen da.

 Saioak asteburuetan pilatuta, urtean zehar bat baino gehiago izaten ditu hiru saioko egunak. Dioenez errazagoa omen da egun batean herri ezberdinetan hiru saio egitea herri berean hiru egitea baino. Herrian bertan egonda bertsotan ari ez den uneetan pasatzen omen du okerren. Hala, askotan bertsokidearekin ia hitz egiteko ere ez omen du aukerarik izaten halakoetan.

 Sebastian Lizaso belaunaldi indartsu bateko kide da. Bere adin ingurukoak dira Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Milan Telleria, Andoni Egaña, Loidisaletxe... Hasieran elkarrekin aritzen baziren ere, aurreko belaunaldiko bertsolariekin kantuan ere aritu ziren plazan. 20 urteko tartea omen zegoen batetik bestera, bertsolaritzan geldiune moduko bat izan zelako tartean. Ondoren, gazteagoekin kantatzen hasi ziren bere belaunaldikoak. Gazteagoak unibertsitatetik igaroak ziren.

 Azken urteotan bertsoa gehiago kargatzen dela iruditzen zaio Sebastiani, baina batzuetan elkarrizketak lehengo bizitasuna galdu duela. Hala ere, orain adina bertsolari on ez omen da historia guztian egon.

 Sebastian Lizasoren izena Andoni Egañarenari lotuta ageriko da askoren buruan. Gaur egun ere 10 saiotik 7 Andonirekin egiten omen ditu. Elkar oso ondo hartzen dute, elkar estutzen badakitelako, Sebastianen iritziz. Elkar ezagutzeak asko egiten duelakoan dago, "begiratuta bakarrik nabaritzen dut zer esango didan".

 Une honetan plazan kantatzeko ez omen dago nekatuta. Norbaitek saio batera joateko deitzen dionean gustura esaten omen du baietz. Saio aurretik pereza moduko bat sentitu arren, pozik kantatzen du.

 Sebastian Lizaso gutxitan ikusi izan dugu emanaldi berezi batean parte hartzen. Bere garaian "Kupeletan Erronka" ikuskizunean aritu zen. Hala ere, plazako jardunak betetzen du gaur egun. Emanaldi bereziek aurretik lana eskatzen dute prestatzeko, eta berak ez omen dauka denborarik, lana eta bertsoa uztartzeak ere lanak ematen dizkiolako. Hala ere, gustatzen omen zaizkio ekitaldi bereziak ere.

 Inoiz atsedenik hartuko ote duen galdetuta, ezezkoan dago, bertsoa uztekotan betiko utziko duela. Bertsolari bat 24 orduz izaten da bertsolari, "errota beti dauka martxan". Bertsolari batek egun osoan izan behar du bertsolari, ikusten duenarekin martxan jarri behar du makina, gero plazan maila eman nahi badu.

 Uda izaten da bertso-saioei dagokienez garairik oparoena. Ekainaren erditik urrira bitartean luzatzen da udako denboraldia, eta aurtengoa ere kargatua omen dator. Dena den, abuztuan lanik ez izatea abantaila bat omen da.

 Aurrera begira ez du epe motzean atseden hartzeko asmorik. Sasoiak laguntzen eta jendeak deitzen dion artean jarraituko omen du. Hori bai: noizbait bere burua ezinean ikusiz gero bere kabuz hartuko omen du etxerako bidea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri