Zuzeneko Elkarrizketak: Sebastian Lizaso 2010-06-17
"Sortzaileak makina beti martxan behar du"
Urtean 140-160 plaza inguruan dabil azken aldian. Plaza azken urteotan asko aldatu delakoan dago, ekitaldi gehienak asteburuz egiten direlako. Garbi dauka bertsoa ezin dela aldi baterako utzi.
Sebastian Lizaso txapelketak utzi eta plazako ibilian murgilduta dabil azken aldian. Urtean 140-160 plaza inguruan dabilela uste du. 80ko hamarkadaren bukaera aldera 200 saiotara iritsi omen zen, baina gehiegizkoa zen hura. Bertsotan aritzeaz gain lan ere egiten du aste barruan Sebastianek. Bi jardunak uztartzea zaila dela dio, eta ahal den moduan moldatzen omen da, loari orduak kenduz.
Hasi zenetik hona plaza asko aldatu omen da. Garai batean astean zehar ere ekitaldi asko izaten omen ziren. Azken urteotan dena asteburuz jartzen hasi dira, eta horrela desagertzen ari dira herri bazkariak. Horrez gain, entzulegoa asko gaztetu omen da.
Saioak asteburuetan pilatuta, urtean zehar bat baino gehiago izaten ditu hiru saioko egunak. Dioenez errazagoa omen da egun batean herri ezberdinetan hiru saio egitea herri berean hiru egitea baino. Herrian bertan egonda bertsotan ari ez den uneetan pasatzen omen du okerren. Hala, askotan bertsokidearekin ia hitz egiteko ere ez omen du aukerarik izaten halakoetan.
Sebastian Lizaso belaunaldi indartsu bateko kide da. Bere adin ingurukoak dira Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Milan Telleria, Andoni Egaña, Loidisaletxe... Hasieran elkarrekin aritzen baziren ere, aurreko belaunaldiko bertsolariekin kantuan ere aritu ziren plazan. 20 urteko tartea omen zegoen batetik bestera, bertsolaritzan geldiune moduko bat izan zelako tartean. Ondoren, gazteagoekin kantatzen hasi ziren bere belaunaldikoak. Gazteagoak unibertsitatetik igaroak ziren.
Azken urteotan bertsoa gehiago kargatzen dela iruditzen zaio Sebastiani, baina batzuetan elkarrizketak lehengo bizitasuna galdu duela. Hala ere, orain adina bertsolari on ez omen da historia guztian egon.
Sebastian Lizasoren izena Andoni Egañarenari lotuta ageriko da askoren buruan. Gaur egun ere 10 saiotik 7 Andonirekin egiten omen ditu. Elkar oso ondo hartzen dute, elkar estutzen badakitelako, Sebastianen iritziz. Elkar ezagutzeak asko egiten duelakoan dago, "begiratuta bakarrik nabaritzen dut zer esango didan".
Une honetan plazan kantatzeko ez omen dago nekatuta. Norbaitek saio batera joateko deitzen dionean gustura esaten omen du baietz. Saio aurretik pereza moduko bat sentitu arren, pozik kantatzen du.
Sebastian Lizaso gutxitan ikusi izan dugu emanaldi berezi batean parte hartzen. Bere garaian "Kupeletan Erronka" ikuskizunean aritu zen. Hala ere, plazako jardunak betetzen du gaur egun. Emanaldi bereziek aurretik lana eskatzen dute prestatzeko, eta berak ez omen dauka denborarik, lana eta bertsoa uztartzeak ere lanak ematen dizkiolako. Hala ere, gustatzen omen zaizkio ekitaldi bereziak ere.
Inoiz atsedenik hartuko ote duen galdetuta, ezezkoan dago, bertsoa uztekotan betiko utziko duela. Bertsolari bat 24 orduz izaten da bertsolari, "errota beti dauka martxan". Bertsolari batek egun osoan izan behar du bertsolari, ikusten duenarekin martxan jarri behar du makina, gero plazan maila eman nahi badu.
Uda izaten da bertso-saioei dagokienez garairik oparoena. Ekainaren erditik urrira bitartean luzatzen da udako denboraldia, eta aurtengoa ere kargatua omen dator. Dena den, abuztuan lanik ez izatea abantaila bat omen da.
Aurrera begira ez du epe motzean atseden hartzeko asmorik. Sasoiak laguntzen eta jendeak deitzen dion artean jarraituko omen du. Hori bai: noizbait bere burua ezinean ikusiz gero bere kabuz hartuko omen du etxerako bidea.