Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Mintzolak antolatu dute 2010-06-18

"Ahoa bete hots" ikastaroa aurkeztu dute

Uztailaren 22, 23 eta 24an izango dira jardunaldiak. Honako hizlari hauek ariko dira: Jose Inazio Ansorena, Gorka Tolosa, Itziar Rekalde, Miren Ibarluzea, Juan Kruz Igerabide, Julian Beloki, Antton Luku, Jose Angel Irigaray eta Lorea Agirre.
 Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Mintzola Fundazioak batera antolatzen duten lehenengo ikastaroa aurkeztu dute gaur: "Ahoa bete hots". Ahozkotasunari lotutako jardunaldiak izango dira. Subijana Etxean egingo dute ikastaroa, uztailaren 22, 23 eta 24an. Ikastaroa, bereziki, irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, ipuin kontalari, antzezle, euskara teknikari eta ikerlariei zuzenduta badago ere, ahozkotasunean interesa duen edonor bertaratu daiteke.

 Uztailaren 22an hasiko dira jardunaldiak. Lehendabiziko egunean ahozkotasunaren eta haurren arteko harremanaz ariko dira. Honako hau da egitaraua:

 8:30etan: Jardunaldien hasiera, aurkezpena
 9:00etan: Piter Ansorena, "Euskara la Kakatua?" Ahozkotasuna eta aditasuna. Jose Inazio Ansorenaren iritziz gaur egun ahozkotasunak bi gaitz jasaten ditu nagusiki: inozokeria eta naturaltasunik eza. Haurrek hizkuntzarekin harreman jostakin, aberats eta librea eduki beharko lukete hizkuntzarekin maiteminduko badira. Horretarako gakoak tradizioan aurkitzen ditu Piterrek.
 10:05etan: Gorka Tolosa, "Ahozkotasunetik haurrentzako sorkuntza konkretu bat: Iñaxito. Bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia". Gorka Tolosa bertsolari, antzezle eta gai-jartzailea da. Trikuharri taldeko kide ere bada Ibai Esoain eta Xabier Sukiarekin batera. Hiruren artean Iñaxito protagonista duten hiru ikuskizun sortu dituzte, antzerkia eta bertsoa uztartuz haurrengana iristeko. Beraien esperientzia azalduko du.
 11:05etan: Itziar Rekalde, "Zertaz ari gara ipuinetaz ari garenean?". Ipuin kontalari, antzezle eta antzerki zuzendaria da Itziar Rekalde. Ipuinak zenbait helburu bete ditzake: gizarteen sortze prozesua azaltzea, ulergaitza ulergarri bihurtzea mitoak sortuz... Heziketa prozesurako garrantzitsuak izan dira betidanik. Dena den, gaur egun memoria galtzen ari garelakoan dago Itziar Rekalde
 12:30etan: Mahai-ingurua: Piter Ansorena, Gorka Tolosa eta Itziar Rekalde. Xabier Sukia irrati-esataria eta bertsolaria ariko da moderatzaile lanetan. Xabier Sukia bera ere Trikuharri taldeko kide da, eta gertutik ezagutzen du zer den haurrentzat sortzea.
 13:30etan: Galdera-erantzunak
 14:00etan: Bukaera

 Uztailaren 23an hiru esparrutan aztertuko dute ahozkotasuna: hezkuntzan, literaturan eta hedabideetan. Honako hau izango da egitaraua:

 9:00etan: Miren Ibarluzea, "Ahozkotasuna hezkuntzan: ahozkotasuna lantzeko materialak garatzea". Labayru ikastegiko Herri Ondarea ataleko kide da Miren Ibarluzea. Azken urteotan, gizartean izandako aldaketak direla eta, galdu edo ahuldu egin da ahozkotasunaren berezko transmisioa. Hezkuntzan idatzizko hizkera landu izan da orain arte. Labayruko Herri Ondarea taldeak lekuan-lekuko unitate didaktikoak garatu ditu ahozkotasunaren inguruan, haurrak treba daitezen.
 10:05etan: Joan Kruz Igerabide, "Ahozkotasuna eta literatura": Idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Joan Kruz Igerabide. Literaturak eta ahozkotasunak betidanik izan dute harremana. Poesia ahozko tradiziora estuki lotuta dago, besteak beste. Lotura hauei buruz ariko da Joan Kruz Igerabide.
 11:05etan: Julian Beloki, "Hik nola esango hukek/n?": 1975ean irratigintzan hasi zen Julian Beloki. Ordutik, egunero sortu izan zaizkio ahozko jardunari buruzko galderak eta zalantzak, eta horiek argitu behar izan ditu entzuleari egoki eta zuzen komunikatzeko. Zalantza eta galdera horiei emandako soluzio eta erantzunak azalduko ditu hitzaldian.
 12:30etan: Mahai-ingurua: Miren Ibarluzea, Joan Kruz Igerabide eta Julian Beloki. Laxaro Azkune irrati esatari eta gai-jartzaile ezagunak egingo ditu moderatzaile lanak.
 13:30etan: Galdera-erantzunak
 14:00etan: Bukaera

 Azkeneko eguna uztailaren 24a izango da. Ahozkotasuna euskal kulturaren barruan aztertuko dute lehen, orain eta gero. Honako hau izango da egitaraua:

 9:00etan: Antton Luku, "Zer da Euskal antzerkia?": Antton Luku Lizeoko irakaslea eta idazlea da, antzerkirako batez ere. "Antzerki" hitzak bi esanahi biltzen ditu gurean. Alde batetik, zerbait modernoa da, teloi bat atzean duela eta oholtza baten gainean imajinatzen dena, dantza eta kantutik bereizia. Baina, bestetik, euskal tradizioan dantza eta kantari lotua agertu izan da, inauterietan bereziki. Euskal antzerkiaz ariko da bere hitzaldian.
 10:05etan: Jose Angel Irigaray, "Modernitatearen hastapenak. 60. hamarkadako kultur garapena": 60ko hamarkadan euskal kulturak ezagututako aurrerapena lehenengo pertsonan bizi izan zuen Jose Angel Irigarayk, Ez Dok Hamairu taldeko kide izan baitzen.
 11:05etan: Lorea Agirre: "Nola egiten dugun horrek nolakoak garen esaten baitu": Kazetaria eta Sorguneak ikastegiko kidea da Lorea Agirre. Bertan, euskal kulturaren inguruko azterketa egiten dute. Euskal kulturak euskal hizkuntza komunitatea sinbolikoki elikatzen du. Euskara erdigunean jartzeak modu jakin bateko kultur politikagintza eskatu eta ekartzen du.
 12:30etan: Mahai-ingurua: Antton Luku, Jose Angel Irigaray eta Lorea Agirre. Joxean Agirre Garako kultur kazetariak gidatuko du saioa.

 Datorren astelehenean -ekainaren 21ean, alegia- irekiko da izena emateko epea, eta uztailaren 16ra arte egongo da aukera. Izena eman nahi izanez gero, bi aukera daude. Telefono bidez egin daiteke, honako zenbaki honetara deituta: 943 694 129. E-mailez ere egin daiteke, helbide honetan: administrazioa@bertsozale.com. Honako datu hauek eman beharko dira izena emateko: izena, abizenak, helbidea, nortasun agiria, telefonoa, e-posta eta sorteguna. Ordainketa honako kontu-zenbaki honetan egin beharko da:

 2101 0005 12000684 6646

 Ordainketa agiriaren edo transferentziaren azalpenean "ABH" eta norberaren izen-abizenak idatzi beharko dira. Orainketa agiria e-postaz bidali daiteke, baina baita posta arruntez ere, honako helbide honetara:

   Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
   Kale Nagusia 70
   20150 Villabona
   Gipuzkoa

 Prezioari dagokionez, matrikula arrtuna 50 eurokoa izango da. Dena den, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ikasleek eta langabetuek %30eko beherapena izango dute eta 35 euro ordaindu beharko dituzte. Horretarako INEMeko agiria edo unibertsitateko matrikula agiria igorri beharko dituzte.

 Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak kreditu bat emango du ikastaroan parte hartzeagatik.

 Ikastaroa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kutxak babestu dute.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri