Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko sailak: Sustapena 2010-06-23

"Sustapenaren egiteko zailena da, beharbada, bertsoa nola eman zaintzea"

Jon Agirresarobe da saileko eragilea. 2009ko Txapelketa Nagusiaren balorazio ona egiten dute, baina aurtengoa ez da atseden urtea izango. Hitzetik Hortzera datorren urtean ere "ETBn ikusiko da, antzeko parametroetan".
 Euskal Herriko Bertsozale Elkartean sail garrantzitsua da Sustapena. Jon Agirresarobe oriotarra da bertako eragilea. Honela laburtzen du egiten duten lana: "Sustapen sailak bertsolarien plazaratzea eta plazako jardueraren oihartzuna lantzen ditu. Hiru dira oinarri nagusiak: bertsolari, epaile eta gai-jartzaile gremioak egunerokoan dituen beharrei erantzutea, plazaren egoera baloratzen nahiz jarduera estimulatzea eta jardun artistikoak komunikabideetan duen hedapena zaintzea."

 Kanpora begira, beharbada, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia antolatzea izango da sail honen egiteko nagusia. 2009koaz balorazio ona egiten du Jonek: "      Talde berria aritu ginen lanean. Gustura aritu gara eragileak eta borondatezkoak. Elkartea ez da bakarrik aritu, ezta antolakuntza-batzordea ere. Ondoan izan ditugu bertso-eskolak, ondoan izan ditugu Euskal Herriko Bertsozale Elkartean sailez sail lanean ari direnak, herrietako bertsozaleak…  Errota ez du txapelktaren antolakuntzak edo elkarteak bakarrik mugitu behar eta harremanak indartu dira bertsolaritzan inplikatuta gauden jendearen artean.

 Proiektuak indar handia hartzen du, tentsioa eragiten du Elkartean, Antolakuntza taldean, bertsolari, gai-jartzaile eta epaileengan. Udazkeneko astinaldiak bezalakoak behar ditu bertsogintzak baina egitasmoei bere garrantzia ematen ere ikasi behar dugu.

 Jendetsua izan da. komunikabideen bidez jende askok jarraitu du txapelketa, areto batzuk gainezka egin dutelako. Sei bertsolari gehiagok abestu dute eta berriek primeran erantzun dute. Finalaurrekoetan sartu zen berrikuntza ongi baloratu da."
 
 Akaso baten batek pentsatuko du 2010a, Txapelketa Nagusirik gabe, atseden urtea izan daitekeela: "Hala da, lau urteko ibilia markatzen du Txapelketa Nagusiak, bidea distantziatik ikusteko balio du pasa berri denak. Baina aurten ez diogu eskenatokiak muntatzeari utziko. Udaberrian burutu dira bi txapelketa: Nafarroakoa eta Arabako koadrila artekoa, taldekako formatuan bigarrena. Gustura agertu dira Arabako Elkartea bera, baita bertsolari eta gainontzeko partehartzaileak ere. Nafarroan esparru geografiko zabalera egin du jauzi txapelketak, aretoz areto entzuleak irabaziz.

 Bizkaikoan uda ostean etorriko da handiena. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako bigarren txapelketarekin batera. Ez du etenik txapelketaren ibilbideak, eta azpiko lan handia eskatzen du. Bide luzeko proiektuan estualdi asko pilatzen dira Elkartearen bueltan. Halere, bertsolarientzat da gogorrena.

 Hedapen gaiei helduta, bertsogintzak komunikabideetan duen lekua zaindu nahi dugu. Plaza ez den bidetik bertsorik ez entzutea ez litzateke ona, aukera eman behar da, baina entzulea aspertzea ere ez litzateke ona. Sustapenaren egiteko zailena da beharbada, bertsoa nola eman zaintzea. Teknologia berriek aukera handiak eskaintzen dituzte, baina berekin dituzte arriskuak. Egokitzen asmatu behar dugu, gure aukerak ezagutu eta teknologia nahi dugun bezala ustiatzen.

 Bestalde, bertsolari, gai jartzaile eta epaile gremioaren prestakuntza harremana bideratzera mantentzen da gehienbat. Gai-jartzaile eta epaileak ohituta daude elkarrekin lan egitera, plazak eta txapelketak behartzen ditu horretara. Lan horretan, ondoan behar dituzte bertsolariak. Harreman horiek indartzeko zabaldu dugu sortzaileen sarea deitu duguna. Bertsolari, epaile eta gai-jartzaileek gidatuko dute, txoko propioa izango da."

 Orain dela aste gutxi bukatu zen Hitzetik Hortzeraren aurtengo denboraldia. Oraindik balorazio garaian daudela onartzen du Jonek: "Duela bi urte ariketa gogorra egin genuen: zer eskatzen diogu programari? Hain bertsozalea ez den jendearen arra zirikatzea behar du helburu. Duela urte asko eduki gutxiago zituen programak, orain ere bertsoa da bizkarrezurra, janzkera da gehien aldatu dena. Bertsoa erakargarri egitekotan, traje eta konpainia elegantea jantzi behar zaio programari. Edukia ez dio bertsoak bakarrik emango, hein handi batean, baina saioa berak identitate propioa izan behar du. Horretan saiatzen ari gara, hortik urtero elementu berriak sartzearena. Ez da denetan asmatzen, baina orokorrean gustura ari gara gelditzen."

 Zenbait komunikabidetan agertu izan da Hitzetik Hortzeraren jarraipena zalantzan jartzen zuen informaziorik. Dena den, Jon Agirresarobe ziur dago: "Datorren urtean ere ETBn ikusiko da Hitzetik Hortzera, antzeko parametrotan. Janzkera egokiaren bila saiakera berriak neurtzen ari gara. Horretan, lan-taldea izango da klabea, orain arte bezala."

 Hala ere, gaur egun telebista ez da bertsoa kontsumitzeko modu bakarra: "Sareak iraultza ekarri du komunikatzeko moduetan. Bertsoaren kasuan eskuragarri jarri du, ale gehiago entzun edo ikus ditzakegu edozein ordutan eta lekuan. Aukera eta arriskua da, ez baitakigu kontsumo modu berriak zertan eragingo dion izaeraz hain hauskorra den espresio bideari. Telebista geroz eta gutxiago kontsumitzen da eta sareak jan dio galdu duen leku hori. Produkzio bideak oso ezberdinak dira bi kasuetan. Eskura ditugun baliabide txikiekin kanal guztiei erantzuten saiatuko gara."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri