San Juan jaietako bertso-saioan 2010-06-25

250 bat lagun elkartu ziren Andoainen

Iñaki Apalategi, Anjel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde aritu ziren kantuan, Naroa Sasietaren esanetara.
 San Juan jaiak ospatzen ari dira Euskal Herriko txoko askotan, eta jaiekin batera iritsi dira udako bertso-saioak ere. Atzo Andoaingo Goiko Plazan saioa egin zuten, uda giroan, eguraldi ona lagun. 150 bat eserleku zeuden jarrita plazan, baina nahikoa ez eta inguruan ere jendea egon zen saioa jarraitzen. Guztira 250 bat lagun elkartuko ziren atzo Andoainen. Bertsotan, berriz, honako hauek aritu ziren:

 Iñaki Apalategi
 Anjel Mari Peñagarikano
 Sebastian Lizaso
 Aitor Mendiluze
 Unai Muñoa
 Ander Lizarralde

 Naroa Sasieta aritu zen gaiak jartzen. Umoretik joan ziren gai gehienak, baina izan zen serioagorik ere.

 Hasteko, seiak altxarazi zituen eta San Juan suan zer erreko zuten galdetu zien. Erantzunak denetarikoak izan ziren. Iñaki Apalategik, adibidez, errenta aitorpena erreko zuela esan zuen, Unai Muñoak zoriontsu izaten uzten ez dioten gauza guztiak eta Ander Lizarraldek belar txarrak, nahiz eta hurrengo urtean berriz atera.

 Gai serioagoei heldu zieten ondoren Aitor Mendiluzek eta Iñaki Apalategik. Iñaki, alabak, behin eta berriz esaten dio Aitorri, amari, tratu txarrak jasateko. Biek oso lan ona osatu zuten elkarri erantzunez eta elkarrizketa sinesgarri eta sakona osatuz.

 Anjel Mari Peñagarikanok eta Sebastian lizasok urteetako bertso ibilian bildutako trapu zaharrak astindu zituzten ondoren. Anjel Mari zirikatzaile aritu zen, baina Sebastianek primeran erantzun zion, bizi. Saioko une gorenetako bat izan zen.

 Ofiziokako jarduna Ander Lizarraldek eta Unai Muñoak bukatu zuten. Parrandan ibili ondoren, zaurituta esnatu zen Ander. Medikuaren kontsultara joandakoan Unai medikuak egin zion kasu, bezperan berarekin parrandan ibilitakoak. Saio umoretsu eta polita osatu zuten.

 Bakarka Anjel Mari Peñagarikanok eta Iñaki Apalategik kantatu zuten. Anjel Mariri honako galdera hau egin zion Naroak: "merezi al du, gaur egun, haur bat mundura ekartzeak?". Nahiko ezkor kantatu zuen Peñagarikanok.

 Iñaki Apalategiri ere aktualitateaz galdetu zion Naroak. Askorekin ere ez omen dugu nahikoa gaurko munduan. Iñakik hiru bertso sakon kantatu zituen.

 Bestelako ariketarik ere izan zen. Aitor Mendiluzek atzekoei kantatu ziena, adibidez. Atzekoekin futbol talde bat osatu behar izan zuen andoaindarrak, bakoitza postu batean jarriz. Saio umoretsu eta polita izan zen.

 Sebastian Lizasok eta Unai Muñoak ere goi mailako saioa osatu zuten koplatan. Hondartzan bata bestearen bainu-jantziari begira gelditu omen ziren. Umorez eta oso bizi aritu ziren biak.

 Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bi udaltzainen paperetik ere egoki aritu ziren. Anjel Marik behar ziren isun guztiak jartzen zituen, baina Aitorrek batzuei besterik ez. Saio ona egin zuten.

 Bukatzeko, Anjel Mari, Sebastian, Aitor eta Ander puntuka aritu ziren, saioaren hasieran Peñagarikanok eta Lizasok trapu zaharrak aireratu izana gaitzat hartuta.

 Ia ordu t`erdiko saioa osatu zuten bertsolariek, eta entzuleek gustura jarraitu zuten saioa.

Puntuka
2010-06-24 Andoain

Lizaso eta Muñoa hondartzan
2010-06-24 Andoain

Mendiluze atzekoei
2010-06-24 Andoain

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri