Bertsolantegia, lehenengo eguna 2010-07-01

Andoni Egaña eta Xabi Paya izan ziren hizlari

Andoni Egaña zutabegintza, ipuingintza eta bakarkako bertsoez aritu zen, horien artean dauden loturez. Xabi Payak, berriz, irudimena landu zuen arratsaldean. Jende dezente bildu zen.
 Atzo hasi zen Bertsolantegia Eibarren, Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatuta. Aurtengo ikastaroak honako izenburu hau dauka: "Bertsormena: Landu sormenaren alderdi komunikatiboa".

 Andoni Egaña izan zen atzoko lehenengo hizlaria, goizeko 9etan. Ipuingintza, zutabegintza eta bakarkako bertsoen arteko antzekotasunez aritu zen. Nobela baino motzagoak izanik, hiru diziplina horiek polifonia gutxiago izaten dutela azaldu zuen. Kodeari eman zion garrantzia, hau da: prentsa idatzirako balio dezakeenak, beharbada, ez du balioko irratirako. Amets Arzallusek Berria egunkarian Munduko Futbol Txapelketari buruz idatzitakoak hartu zituen adibidetzat. Hala ere, kodeak aldatu egiten direla ere esan zuen. Bertso-saio batean publikoa dago aurrean, baina, gaur egun, saio askotara kamarak ere joaten dira, eta grabatutakoa telebistaz edo internetez ematen dute. Pantailaren atzean egongo direnei ere kantatu behar zaie?

 Xede taldea garrantzitsuagoa izaten omen da, askotan, hizlaria bera baino. Hitzaldiaren bukaeran galdetu zioten ea bertsolariak publiko horren guneari kantatu behar dion, eta publikoaren ideologiarekin bat egin behar duen. Andonik erantzun zion detektatu egin behar direla publikoaren ideiak eta bertsolariak egokitu egin beharko duela horra, baina bere ideiak ere baztertu gabe.

 Andonik bere zutabe bat irakurri zuen ondoren, BECeko finalaren aurretik itolarriari jarria. Kasu horretan ere xede taldera nola egokitu zen azaldu zuen.

 Bakarkako bertsoaldien kasuan, nahiko jardun antinaturala dela esplikatu zuen, bertsolaritza dialektikoa baita normalean: bertsolariak binaka edo taldeka aritzen dira. Horretan antza dauka zutabe eta narrazio laburrarekin. Ofiziokako lanetan "judo-efektua" aprobetxa daitekeela esan zuen: bestearen ideiaren indarrak indartsuago bihurtuko du zure erantzuna. Bakarkakoetan ez dago halakorik eta, gainera, normalean hiru bertso kantatu behar izaten dira, askotan gai ireki baten inguruan... Bertsolariak zer pentsatu behar du lehenengo? Zein estrategia jarraituko du? Batzuetan azkeneko bertsoa karga daiteke gehien, baina horrek baditu bere arriskuak. Hala, aurreko bi bertsoak ahulegi joan daitezke. Beste batzuek nahiago izaten dute bigarrena kargatzea, azkenekoan nolabait buelta bat emateko konfiantza edukiz. Azalpena osatzeko 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatutako zenbait bertso aztertu zituen.

 10:30ak aldera atsedenerako tartea izan zen eta ondoren iritsi zen ariketa praktikoa. Andonik bi gai jarri zizkien ikasleei. Lehenengoak hala zioen: "Ni ez nintzen aldekoa, baina etxera lehenengoz maskota bat ekarri dut". Bigarrena hau zen: "Carla Bruniren iritsierak gauzak asko aldatu zituen". 20 minutuan, gai horiek hartuta, ikasleek nahi zutena sor zezaketen, ondoren denen aurrean aurkezteko. Narrazioak, bertsoak, irratirako edo prentsarako zutabeak eta bakarrizketak asmatu zituzten.

 Andoni Egañari atzo bertan egindako elkarrizketa irakurgai dago hemen.

 Irudimenaz aritu zen Xabi Paya

 Bazkalostean iritsi zen Xabi Payaren txanda. "Nola landu irudimena? Ideien iturriez eta originalitateaz: almazena eta sorkuntza". Horixe zen hitzaldiaren izenburua eta horretaz aritu zen: irudimenaz. Horri buruz hitz egitea, askotan kea saltzea iruditu izan zaiola esan zuen. Baina, gidoigintza ikastaro bat egin zuenean ideien kudeaketaz zerbait ikasi omen zuen, eta hortik osatu zuen hitzaldia. Hala ere, hasi aurretik galdera batzuk ere plazaratu zituen: zertarako landu sormena? Ez gara berez sortzaile? Zilegi da sormena lantzeko tresna espezifikoak lantzea? Berezkotasunaren balioaz aritu zen: teknikekin errazago iritsiko gara, baina ez dugu satisfakzio maila bera lortuko. Gainera, aldez aurreko lanketak ez du bat-batekoa mugatzen?

 Sormena lantzeko pertsona sortzaile izatera iritsi behar da. Pertsona sortzaile honek, etengabe, honako pausu hauek eman beharko lituzke: behaketa, erantzun sortzailea, ezarpena, ekoizpena eta hedapena. Hala, behatutako guztia sistematizatzeko gai izan beharko luke, baina denbora egoki kudeatuta. Pertsona honek, gainera, zenbait balio eduki beharko ditu: jakin-mina, azkartasuna, arrisku gaitasuna edo hanka sartzearekiko kudeaketa egokia. Izan ere, hanka sartzea ez bada zigortzen arrisku gehiago hartuko ditu.

 Hau guztia lortzeko, zenbait ohitura hartu beharko ditu pertsona honek. Honen bidez, gauzak beste era batera ikusi beharko lituzke. Berrikuntza bila dezake, eta horretarako hegan egin beharko du, baina baita lurreratu ere. Gure ideia eta ikusmoldeak ere hautsi egin beharko dira, eskema aurrezarriak hausteko, hortik bakarrik sortu daitekeelako. Hala, gauzak desikasi egin beharko ditu pertsona horrek.

 Pentsamendu sortzailea bizimodutik bertatik etorriko litzateke, denok gara sortzaile. Hala ere, Xabi Payak zehaztu zuenez, taldean hobeto sortzen da. Pentsamendu sortzaile honek berrikuntza bilatu beharko luke, eta lehenengo kolpean ulertu beharko litzateke. Zazpi adimen erabiliko lituzke: linguistikoa, logikoa edo matematikoa, kinetikoa, espaziala, musikala, interpertsonala eta intrapertsonala.

 Bertsolarien kasuan, askotan dialektikan aritzen direla esan zuen Xabi Payak, barneko lanketarik gabe. Dialektika izango litzateke sortua dagoena pulitzea, baina ez sortzea.

 Hitzaldiko zatirik interesgarriena, beharbada, ondoren etorri zen. Sei kapelen teoria azaldu zuen. Pertsona sortzaile batek sei kapela jantzi beharko lituzke gai bati heltzeko. Kapela bakoitzak bere funtzioa beteko luke. Zuria da informazioa edo datuak ematea, zer dakigun jakiteko eta baita zer jakin beharko genukeen ere. Kapela gorria sentimenduei lotua dago, emozioei. Horiak gaiaren onurak bilatuko ditu, baikorra izango da. Beltza da honen osagarri eta zailtasunak eta arriskuak hartuko ditu kontuan. Berdeak, berriz, ideiak sortuko ditu. Azkenik, urdinarekin aurreko guztia antolatuko dugu eta helburuak finkatuko ditugu.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri