Santio Errekako jaialdia 2010-07-26

500 lagun inguru elkartu ziren Aian

Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren kantari. Gaiak Unai Manterolak jarri zizkien.
 Joan zen larunbatean urteroko bertso-saioa egin zuten Aian, Santio Errekako frontoian. 500 bat lagun elkartu ziren bertan. Hedabideetan saioa 22etan hasiko zela agertu zenez, ordu horretarako 500 bat lagun elkartu ziren pilotalekuan. Asko eserita, baina gehienak zutik. Hala ere, saioa ez zen 22:30ak arte hasi. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:

 Sebastian Lizaso
 Andoni Egaña
 Anjel Mari Peñagarikano
 Maialen Lujanbio
 Amets Arzallus

 Unai Manterola aritu zen gai-jartzaile lanetan, Orioko Errikotxia bertso-eskolako kidea. Apaiza da Unai Aian eta Orion, eta lehendabiziko gaia horren inguruan jarri zien 5 bertsolariei. Saio guztietan jotzen omen diote adarra bere ofizioagatik, eta hasieran gaia jarrita libratuko zelakoan zegoen Unai. Azaldu zuenez, seminarioan jende gutxi dagoela eta, deialdi bat egin dute jendea biltzeko. 5 bertsolariak agertu ziren, curriculumak eskutan hartuta, seminarioan sartzeko. Saio umoretsua osatu zuten denen artean, eta entzuleek gogotik txalotu zituzten bertsoak. Goitik hasi zen saioa.

 Ofiziokako lanak iritsi ziren ondoren. Maialenek eta Ametsek modu original batean kantatu zioten krisiari. Enpresari baten seme-alabak ziren biak, eta etxe parean honako kartel hau ikusi zuten: "paga lo que debes" (ordaindu zor duzuna). Saio serioa eta dotorea osatu zuten biek, errealismo handikoa.

 Sebastianek eta Anjel Marik bertsoaldi umoretsuagoa osatu zuten ondoren. Herri bereko bi aitona ziren, jubilatu ondoren urte askotan herriko plazan banku banatan eseri direnak, elkarrekin hitz egin gabe. Orain, ordea, obra bat dela eta, banku bakarra geratu da, eta biek elkarren aldamenean eseri behar izan zuten. Jendeak gustura txalotu zituen bertsoak.

 Unai Manterolak aktualitateari lotutako beste gai bat jarri zuen ondoren, bertso udalekuei buruz kantari jarri baitzituen Andoni eta Maialen. Bada ume bat, 9-10 urtekoa, ikaragarri bertsozalea. Etxean bi pelutxe omen dauzka: Andoni eta Maialen. Udalekuetan izan da eta bakarra eraman zezakeenez, Andoni eraman du. Etxera itzuli denean, Andoni panpina Maialeni hasi zaio kontatzen udalekuetan zer moduz ibili den. Saio polita osatu zuten biek, umoretsua, eta ironia handiz heldu zioten Maialenen txapelari ere.

 Saio ederra zihoan ordura arte, eta hortik aurrera apur bat jaitsi bazen ere, polita irten zen Aiako jaialdia. Ametsek bakarka Hegoafrikako haur baten paperetik kantatu zuen. Errepide ertzetik futbolarien autobusei begira egon zen.

 Maialen eta Anjel Marik osatuko zuten, beharbada, saioko bertsoaldi umoretsuena ondoren. Maialen Anjel Mariren eskopetako azkeneko balina zen. Barraketan ari zen Anjel Mari, kondoi bat bota nahian. Ironia handiz kantatu zuen Maialenek, eta ondo erantzun zion Anjel Marik ere.

 Saioa bukatu aurretik, Andonik atzekoein kantatu zien. Honela jarri zion gaia Unai Manterolak: "Alkoholemiarekin-eta harrapatutakoek gizarte-zerbitzu batzuk egin behar izaten dituzte eta joaten dira Gurutze Gorrira, edo udaletxera, edo elizara... gizartearen aldeko lan horiek egitera. Andonirengana joan dira atzeko lau horiek gizartearen aldeko zerbitzu horiek egin nahian. Ea zer lan jartzen diezun". Umorez aritu zen Andoni eta ondo erantzun zioten atzekoek.

 Bukatzeko, Sebastian, Anjel Mari eta Amets puntuka aritu ziren, aurreko gaiari lotuta.

 Saio polita irten zen, beraz, Aian. Dena den, hau ez da bertako bertsozaleentzat udako saio bakarra izan. Hemendik aste gutxitara Aian bertan beste jaialdi bat egingo dute.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri