Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi, Jon Maia, Andoni Egaña eta Amets Arzallus aritu ziren bertsotan, Manu Olanoren esanetara.
Igandean bertso jaialdia ospatu zuten Altzon. Urteroko saioa da Altzokoa, aurten 30. aldiz egin dutena. 500 lagun bertaratu ziren frontoira saioa jarraitzera. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Maialen Lujanbio
Beñat Gaztelumendi
Uxue Alberdi
Jon Maia
Andoni Egaña
Amets Arzallus
Manu Olano aritu zen gaiak jartzen. Saio ona izan zen orokorrean, eta, hasieran berotzen kosta bazen ere, goitik bukatu zen.
Andoni eta Jon hasi ziren kantuan. Andoni aita eta Jon semea dira. Andoniren zaletasun nagusia kirola egitea da; lanetik atera eta korrika egin ditu bizpahiru ordu etxera joan aurretik. Etxean dauka Jon zain. Saio polita osatu zuten biek.
Maialenek eta Uxuek estatistikei buruz kantatu behar izan zuten: EAEko gizonezkoen bataz-besteko soldata 23000 euro omen da, emakumezkoena, berriz, 12000 eurokoa. Bertsolaritzara ere eraman zituzten datuok, eta jarraitu beharreko eredua izan daitekeela esan zuten.
Ametsek eta Beñatek bukatu zituzten binakako lanak. Amets aitona eta Beñat biloba dira. Gipuzkoar askok bezala, Realaren bandera jarri zuen etxeko balkoian Beñatek. Gaur ohartu da ez dagoela jarritako lekuan eta Amets aitonak darabilela sukaldeko esku-trapu bezala. Umorez kantatu zuten biek eta txukun osatu zuten bertsoaldia.
Sei bertsolariek kantatu zuten ondoren. ETBko audientziak ikusita, Patxi Lopezek esan berri du merezi duela ETB ikusteak. Seirek kritiko eta umorez kantatu zuten, sei puntutik gorako doinuak erabiliz.
Ondoren bakarkako lanak iritsi ziren. Ametsek Hego Afrikako Munduko Txapelketari buruzko hiru ondorio atera behar izan zituen. Uxuek, berriz, bitxikeria bati buruz kantatu zuen: Juan Karlos Espainiako Erregeak Santiago Apostoluari kandela piztu omen dio krisia gainditzeko. Kritiko hitz egin zuen Uxuek, ekonomia eredua herriak erabakitzeko unea iritsi dela esanez. Bertsozaleek gogotik txalotu zuten Uxueren saioa.
Jon, Beñat eta Maialen altxa ziren gero. Jon eta Beñat Maialenen semeak dira, hiruna atun hartu dituztenak arrandegian. Bi egun pasa eta oraindik enbotatu gabe omen dauzkate. Kopletan bizi aritu ziren hirurak eta publikoak barre gogotik egin zuen.
Bizia izan zen Ametsek eta Uxuek zortziko txikian osatutako saioa ere. Rokodromoan gora igo da Amets, baina ez da jaistera ausartzen. Uxue irakaslea azpitik dauka begira. Saio polita osatu zuten.
Ondoren Maialen aritu zen bakarka. Gaztetan, sasoi ederra zeukala etxe aurretik igarotzen den erreka gainean zubitxo bat eraiki omen zuen. Orain, jubilatuta, sarritan egoten da zubi gainetik errekari begira. Metaforaz betetako bertsoaldia ondu zuen Maialenek eta publikoak gogoz txalotu zuen.
Andonik eta Beñatek saio umoretsua osatu zuten gero. Beñat Andoniren baserrira joan da praktikak egitera, baina inguruko jaiak ere gustatu egiten zaizkio. Hala, Andoni goizean jeiki denean, Beñatek deitu dio bere bila joateko esanez.
Jonek bost punturi erantzun zien ondoren.
Puntu-erantzunen ondoren iritsi zen saioa bere gailurrera. Lehenengo Andonik atzekoei kantatu zien, txirrindulariak izango balira Tourrean ze lekutan egongo liratekeen azalduz. Umorez aritu zen zarauztarra eta ondo erantzun zioten atzekoak.
Eta, bukatzeko, bi taldetan banatu ziren bertsolariak: Maialen, Beñat eta Uxue eta Jon, Andoni eta Amets. Ze talde zen hobea azaldu behar izan zuten, kopletan, eta oso ondo aritu ziren seirak, elkarri desafioka.
Honekin bukatu zen saioa, ia bi orduren ondoren. Publikoa eta bertsolariak gustura geratu ziren jaialdiarekin.