Soraluzen jokatu da azken kanporaketa 2008-05-27

Jone Uria ere Plazatik Gaztetxeko finalera, Soraluzen irabazita

Finalistak: Jokin Labaien, Gorka Azkarate, Jone Uria, Eneko Abasolo, Mikel Artola eta Miel Angel Aiertza. Finala martxoaren 31ean Mutrikuko Gaztetxean, 22:30etan.
Pasa den ostiralean jokatu zen Plazatik Gaztetxera bertsolari txapelketaren hirugarren kanporaketa. Elgoibarko eta Debako gaztetxeetan burututako kanporaketekin batera, Soraluzeko gaztetxekoa genuen Mutrikuko finalean sartzeko giltza eman zezakeen azken aukera.
 
Soraluzen batu zen entzulegoak ez zion hutsik egin azken urteotan merezita irabazitako izenari, eta aurtengoan ere giro beroa eta atsegina sortu zen gaztetxean, txapelketa honen asmoekin bat datorren ikutu ideal berezi hori errealitate bihurtuz: bertsolari saiektak ohiko plazetan ezezik gaztetxeetan ere burutu daitezkeela, alegia. Bertsoak, gaztetxeen berezko nortasunean txertatuz gero fruitu berriak eman ditzakeela erakutsiz eta, bide batez, bertara hurbildutako entzulegoa sariketaren partaide eginez, bai sailkapenaren osaketan eta baita bertsolariekiko gertasunean ere, ezbairik gabe, bertsolaritzaren aberasgarri.
 
Ordura arte burututako bi saioak bezala, honakoa ere ez zen txapela kentzeko modukoa izan beharbada, baina bertsolariek momentuan eta lekuan egoten jakin zuten, bertso onak txarrak baino dexente gehiago izan zirelarik. Jakina, izan zen txalo zaparrada ederra merezi zuen alerik tarteka, Jone Uria irabazlearen ahotsean batez ere. Merezimendu osoz eskuratu zituen lehen postua eta finalerako zuzeneko sailkapena, entzulegoaren bozkez buruz burukora pasa zen Eneko Beretxinaga Soraluzearrarekin batera, hamarreko txikian abestutako hiru bertso bikainekin, erregular, ateraldi politez eta txukun burututako jarduna borobilduz eta, txapelari begira, kontuan hartu beharreko bertsolaria dela ohartaraziz.
 
Soraluzearrak ez zuen saio nahi bezala hasi eta horrek azken puntuaketan eragin zion, ez, ordea, berea duen bixitasunean, kopletan "toko" lekeitiarrarekin egindako saioan nabaritu zitzaionez, umoretsu aritu baitziren biak. "Tokori" dagokionez, saio polit xamarra egin zuela esan behar.
 
Saioko beste bertsolari aipagarria Mikel Artola izan genuen. Agurrean abisatu zigun gaurdaino plaza asko egin ez baditu ere, dena emanez "egurra ematera" zetorkigula, eta ez zuen gezurrik esan, Mutrikurako txartela lortzerainoko saio polita esakini baitzigun bere kantakera apalaz eta bertsokera dotoreaz.
 
Gainontzeko biak ere zuzen aritu ziren. Ander Elortegiren bakarkako saioa aipagarriena, gaiari ondo heldu zion eta bi bertso eder eskaini zituen. Andere Arriolabengoa izan zen, agian, zuzentasun horren adibide, bertsoak ondo osatu zituen orokorrean, baina, ideien freskotasuna eta hauen moldaera egokia falta izan zitzaizkion.
 
AZKEN SAILKAPENA
 
Jone Uria...................... 198p. (Finalerako zuzenean sailkatua)
 
Mikel Artola..................  194,5 p.
 
Ander Elortegi................ 186,5 p.
 
"Toko".......................... 185 p.
 
Andere Arriolabengoa...... 177,5 p.
 
Eneko Beretxinaga.......... 175,5 p.
 
 
Finala, datorren larunbatean ospatuko da Mutrikuko gaztetxean. Afaria 21:00etan izango da eta saioa, berriz, 22:30etan. Aurreko urteetako finalen antzera, aurtengoa ere ederra izango dela aurreikusten da, bertsolariek eta Mutrikun batu ohi den entzulego finak ziur ez dutela hutsik egingo.
 
FINALEKO BERTSOLARIAK
 
Jokin Labayen............... (zuzenean sailkatua)
 
Gorka Azkarate............. (zuzenean sailkatua)
 
Jone Uria..................... (zuzenean sailkatua)
 
Eneko Abasolo "Abarkas". (puntuazioz)
 
Mikel Artola.................. (puntuazioz)
 
Miel Angel Aiertza..........(puntuazioz)

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri