Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Zortzikotearen aniztasuna izango du finalaren ezaugarrietako bat. Beste ezaugarri bat, oso final irekia aurreikusten dela, txapelerako zein buruz-burukorako aukerak oso zabalik daudela dirudi. Zortzitik bostek behintzat txapelerako hautagai sendoa direla erakutsia dute. Julio Soto da egungo txapelduna eta Eneko Lazkoz txapeldunordea. Biak beren saio guztiak irabazita iritsi dira finalera. Sei txapela ditu jada Sotok eta lau aldiz txapeldunorde gelditu da Lazkoz. Aurrekoan, txapeletik hiru puntura.
Joanes Illarregi ere bere bi saioak irabazita heldu da finalera. Txapelketa Nagusiko finalista da leitzarra. Laugarren gelditu zen 2023an. Xabat Illarregik hirugarren egin zuen aurreko finalean eta aurtengo edizioan goiko postuetan sartu da finalera, saio bat irabazi eta bestean bigarren geldituta. Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun izana da 2021ean eta iaz oso baldintza zailetan egokitu zitzaion finalean kantatzea. Sailkapenaren goiko langan sartu da finalera, bi aldiz bigarren eginda. Orain arteko finaletan erakutsi dutenagatik, badirudi bost bertsolari horiek izan daitezkeela txapelerako faborito nagusiak.
Sarai Roblesek bigarren finala du aurtengoa. Maila handiz gainditu zuen 2023koa, lan sendoa eginez. Beharbada, txapelketako bere saiorik onena egin zuen finalean barañaindarrak. Aurtengoan, esperientzia hori eta bi urteetako eskarmentua izango ditu osagarri.
Ekhiñe Zapainek lehenengoz kantatuko du final batean, 23 urterekin. Atean gelditu zen aurrekoan eta azken urteetetan plazan ondo erakutsi du bertsotan zenbat lezakeen. Finalera libre joatearen abantaila ere izan lezake beratarrak. Eki Mateorena da finaleko gazteena, 20 urterekin. Bere bigarren txapelketan lortu du finaleraino iristea. Eskolartekoetan eta gazte sariketetan eskarmentu dezentekoa bildu du. Leitzarrak erakutsia du bertsotan sendo bezain fin egiteko gaitasuna duela.
Nafarroako finalistak 42 eta 20 urte bitarteko zortzi bertsolari dira. Esperientzia eta berritasuna uztartuko dira Nafarroa Arenako oholtzan:
1. Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri-Aranatz, 1983)
Egungo txapeldunordea. Bederatzigarren finala du. Lau aldiz izan da txapeldunorde.
2. Julio Soto Ezkurdia (Iruñea, 1987)
Egungo Txapelduna. 2006an sartu zen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Hamabigarren finala du. sei alditan izan da txapelduna.
3. Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991)
Hirugarren finala du. 2021ean txapeldun izan zen.
4. Sarai Robles Vitas (Barañain, 1996)
Seigarren txapelketa du eta bigarren finala.
5. Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999)
Bosgarren Nafarroako Bertsolari Txapelketa du, eta laugarren finala. Euskal Herriko Txapelketako finalista da.
6. Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001)
Laugarren Nafarroako Bertsolari Txapelketa du eta laugarren finala. 2023an hirugarren egin zuen.
7. Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002)
Hirugarren txapelketa du eta lehenengo finala.
8. Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2025)
Bigarren txapelketa du eta lehenengo finala.
Finalean, aurkezle lanetan, Ainhoa Larretxea Agirre eta Ander Aranburu Arriola arituko dira.
Epaile: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena.
Idazkari: Ainhoa Goñi eta Nerea Goñi.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16
Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari irazu
Irune Basagoiti Agirre - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari Irazu