Donostiako Aste Nagusiko bertso-saioak 2010-08-21

400 lagun elkartu ziren ostiralean

Sebastian Lizaso, Iker Alustiza, Amets Arzallus eta Jone Uriak kantatu zuten Easo plazan, eguerdiko 12:30etan. Ordubete inguruko saioa izan zen.
 Atzo bukatu ziren Donostiako Aste Nagusiko bertso-saioak. Guztira hiru emanaldi izan dira aurtengoan 400 bat entzule elkartu dira bakoitzean. Gehienetan antzeko aurpegiak bertaratu badira ere, saioz saio aldatu dira entzuleak.

 Ostiraleko saioan honako bertsolari hauek kantatu zuten:

 Sebastian Lizaso
 Iker Alustiza
 Amets Arzallus
 Jone Uria

 Jon Zaldua izan zuten gai-jartzaile. Beroa eta eguzkia protagonista izan ziren saio osoan zehar. Easo plazaren erdi-erdian 200 aulki zeuden entzuleentzat prestatuta, eta hasieran denak bete baziren ere, saioan zehar entzule bat baino gehiago joan zen plazaren ertzetako zuhaitzen gerizpera. Erdian geratu zirenek, ahal izan zutenarekin estali zituzten beren buruak. Batzuek biserak eraman zituzten, baina izan zen musizapia buruan jarri zuenik ere.

 Saioa polita atera zen, une batzuetan irregular xamar joan bazen ere. Hasieran laurak altxarazi zituen Jon Zalduak, eta Donostiak Europako Kultur Hiriburu izateko aurkeztu duen hautagaitzaz galdetu zien. Saio polita osatu zuten laurek. Amets Arzallusek bertso-saioak egunero egin beharko liratekeela esan zuenean izan ziren txalo zaparradarik handienak. Orain dela bi urte egunero antolatu zituzten bertso-saioak Aste Nagusian, eta iaz eta aurten bi egunez behin soilik izan dira bertsoak entzungai.

 Ondoren ofiziokako lanak iritsi ziren. Amets eta Jone Donostiako udaleko zinegotzien paperetik aritu ziren. Jaietako programetatik zerbait kendu behar eta, su-artifizialak kendu nahi zituen Ametsek. Jonek, berriz, zezenketak. Biak ondo aritu ziren, elkarri erantzunez, eta gogoan hartzeko moduko alerik ere izan zen tartean.

 Sebastianek eta Ikerrek umorezko gai bat izan zuten kantagai: Done Jakue bidea egiten ari ziren biak, kostako ibilbidetik. Donostiara iritsita, ordea, Sebastianek bertan geratu nahi zuen. Saio bizia ondu zuten bi bertsolariek.

 Saioa, beharbada, orduan iritsi zen gorengo puntura, eta bukaera aldera apur bat jaitsi egin zen.

 Ametsek bakarka gai berezi bati kantatu zion. Bere matrikula ikusi eta norbaitek frantsesa zela pentsatu zuela esan zion Jon Zalduak, eta donostiar batzuk nazkatuta omen daudela turista frantziarrekin. Hiru bertso polit bota zituen Ametsek, eta hori esan zutenak "donostiar espainolak" izango zirela esanez bukatu zuen bertsoaldia.

 Ondoren Jone izan zen protagonista. Atzeko hiruren amona zen, eta ondare bezala zerbait uzteko eskatu zioten atzekoek, eta berak erantzun. Bizi aritu zen algortarra, umoretsu, atzekoek egindako eskariei erantzuten.

 Laurak koplatan ere aritu ziren. Hondartzara joan eta marmokak uxatu zituztela esan zien Jon Zalduak, eta ea nola egin zuten galdetu. Zirikatzaile aritu ziren laurak, eta Sebastianek entzun behar izan zituen broma gehien.

 Ofiziokako lanetan pixka bat jaitsi egin zen saioa berriro, agian. Hala ere, bukaeran Amets eta Sebastian puntutan aritu ziren, Donostiako publikoari kantari, eta saioa altxa egin zuten.

 Agurrekin bukatu zen saioa, ordubete pasatxokoa. Jendea gustura geratu zen atzokoarekin eta, oro har, baita aste guztiko saioekin ere.

 Bertsoa.com bertan izan zen saioa grabatzen eta zuzenean ematen, eta bertso onenak laster izango dira ikusgai.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri