30garren urteurrenean 2010-08-31

3.500 entzule izan dira Bilboko Aste Nagusiko saioetan

3.500 entzule izan dira Bilboko Aste Nagusiko saioetan
Santutxuko Bertso Eskolaren ekimenez aurten ere zortzi egunetan bertsolariak izan dira Santiago plazan eta 3.500 entzule izan dira guztira. Arkaitz Estiballes antolakuntza taldeko kideak oso balorazio positiboa egin du. Aurten bereziki kanpoko turista dezente somatu dira saioetan.
Bilboko Santiago plaza aurten ere bertsozaleen bilgune izan da zortzi egunez, hogeita hamar urteko bideari jarraiki. Lau bertsolariko zazpi jaialdi eta bi bertsolariko libreko saioa izan dira. Eta entzuten, 3.500 entzule inguru, egunero 500 pasa gehienetan. Arkaitz Estiballes Santutxuko Bertso Eskolako kidea izan da horren lekuko. Bere esanetan, aurtengoa borobil joan da, eta beste urtetan astelehen-asteartean entzule kopuruak behera egiten badu ere, aurten eutsi egin dio, eta saioak ere maila orekatuan joan dira. Jaialdiez gain, bertso bazkaria ere izaten da Santiago plazan, Abante Konpartsarekin elkarlanean antolatzen dutena. Aurten, saio hori konpartsen planto egunarekin egokitu da eta libreko saioa egin zuten Unai Iturriaga eta Amets Arzallusek.
Aurten bereziki kanpoko turista dezente somatu dira saioetan. Euskaraz ez zekien jende dezente hurbildu eta gelditu da saioetan. Baina, entzule gehienak urterokoak dira, Bilbo eta inguruko eskualdeetakoak: Arratia, Txorierri, Gernika... adierazi du Arkaitz Estiballesek.

Finalistak, gazteak, herrialdetakoak eta helduak
Zortzi jaialdi antolatzeko irizpide nagusiak ere zehaztuta ditu Santutxuko Eskolak. Normalean, azken bi egunetan finalistak izaten dira, batez ere. Beste bi saiotan Bizkaiko finalistek dute pisi berezia. Horretaz gain, bat gazteekin egiten da, beste bat helduekin eta zazpigarrena beste herrialdeetako bertsolariekin. Tartean, bertso bazkaria izaten da. Bilboko Aste Nagusikoa jaietako bertso eskaintzarik zabalena da eta halaxe izanda hiru hamarkadetan. Babesletza kontuak gora-behera, datorren urtean ere Bilboko jaietan zortzi jaialdi izateko lanean jarraituko du Santutxuko bertso eskolak

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri