Bertso jarriak 2010-09-07

`Kabuletik", Basarri Saria irabazitako bertso jarriak, Aitor Albistur egilearen ahotik

Azken urteetan Aitor Albistur oreretarra da bertso jarri sariketetan gehien nabarmentzen ari den bertso jartzailea. Hona hemen aurtengo Basarri Bertsopaper Saria irabazi duen "Kabuletik" sortako batzuk, berak kantatuta.

Azken urteetan Aitor Albistur oreretarra da bertso jarri sariketetan gehien nabarmentzen ari den bertso jartzailea. Hona hemen aurtengo Basarri Bertsopaper Saria irabazi duen "Kabuletik" sortako batzuk, berak kantatuta.

'Kabuletik'
Doinua: Itsasoan laino dago
Egilea: Aitor Albistur

1.
Afganistan,
zaharrago
direnentzat,
lur oparo
eta fina
zen zeharo,
gerra baino
lehenago.
Irailaren
hamaikaro
pentsatu ohi
dut luzaro…
Irailaren
hamaikaro
tristuraren
menpe nago.

 2.
Bi hegazkin
haien muga
bi dorreen
egitura
zenez, joan
zen zorura
euren fama
zen altura…
Ahaztekoa
ez den hura
maiz bihurtzen
da ahanztura.
Ahaztekoa
ez den hura
ahaztezina
bihurtu da!

 3.
Haur bat nintzen
garai hartan
baina egun
gauden datan
oroitzen dut
zein eratan
sartu ziren
gure estratan.
Yankeeak non,
gu zelatan
ihesean
tarrapatan.
Yankeeak non,
gu zelatan
euren beldur,
babes faltan… 

4.
M-16
fusilaren
soinupean
bizi garen
makina bat
afganoren
patua nork
daki zein den?
Hainbat zibil
hil ondoren
ene zeinen
lasai dauden!
Hainbat zibil
hil ondoren
nork daki non
den Bin Laden?

5.
Hilketatik
hilketara
gertukoen
hiletara
doanaren
begitara
hura bere
hileta da…
Infernurik
bada, jada
alde egin nahi
dut bertara!
Infernurik
bada, jada
ezagutzen
ari gara. 6.
Bizi izan
ditudanak
esplikatzen
dauzka lanak,
bai apaizak,
bai imanak,
bai Bibliak,
bai Koranak.
Marineak,
musulmanak,
zer egingo
du Obamak?
Marineak,
musulmanak,
nortzuk dira
talibanak?

 7.
Errusiak
hondamena
hasi zuen,
jarraipena
talibanek
eta azkena
da Estatu
Batuena…
Etsaiaren
etsai dena
ez da izan
salbamena.
Etsaiaren
etsai dena
ez delako
lagunena…

 8.
Pashtunistan
enparantza
indarrean
den triskantza
gogor honen
testigantza
emateko
gai da antza…
Azkar noa
etxerantza
hasi baita
bonba-dantza!
Azkar noa
etxerantza
hil ez dadin
esperantza…

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri