Aitzol Barandiaran-Lizardiko txapeldun 2010-09-08
Aitzol Barandiaran ataundarrak irabazi du aurtengo Lizardi Saria. Sentsazio arraroa egin zitzaion azken aldian bere gustoko saio motetan kantatzetik txapelketan murgiltzea, fokoak ertzetan eta publikoa ilun. Urduri ekin omen zion, zentratzen kostata, baina aulkira gustura joan zeneko bertsoaldiak ere izan zituen eta hori ordainduko duen txapelik ez dagoela dio.
-Nola bizi izan zenuen saioa barrutik.
Egia esan semifinaletan ez nintzen nahi bezain gustura gelditu eta konfiantza gehiegi gabe joan nintzen finalera. Eguna ere luzea izan nuen eta saioa burua zentratzen ere pixka bat kosta egin zitzaidan eta zortziko txikitik aurrera aritu nintzen gustura eta hamarreko txikiko saioan egin nuen nire saiorik onena, Jone Uriarekin batean. Arrisku batzuk hartu nituen, ia erabat erantzutera joan nintzen gustura gelditu nintzen.
-“Baina polita da aldian behin/bertsolari sentitzea” bota zenuen agurrean…
Bai, Lizardik garai berezi zamarrean harrapatu nau. Motibazio aldetik oso fuerte ez, rodaje falta, lanagatik eta abar aurtengo udaran ez dut gehiegi kantatu, eta egoera horretan ederra da saio txukun bat egin eta aulkira gustura joatea. Ez dago hori ordainduko duen txapelik. Egoera horri kantatutako agurra izan zen.
-Azkenaldikoa aipatu duzu, nola doa orokorrean Aitzol Barandiaranen bertsogintza azken urteetan?
Galdera askorekin. Harrokeriarik gabe, baina batez ere motibatzen nauten saio motak eginez ibili naiz eta horren bi aldeak ditut. Gustukotik kantatzen duzu, gustuko saioetan, baina hainbeste ere ez dira izaten eta horrek errodaje falta dakar…
-Zein dira Aitzol Barandiaran motibatzen duten saio horiek, ze ezaugarri dituzte?
Batez ere lehendik egondako plazak dira, eta lehen ere eroso eta gustura kantatuko plazak. Era berean oso gustora sentitu izan naiz Hamaika Bertutetik egindako saio berezietan ere, (bapateko saioa, eta bertso jarriak biltzen dituzten emanaldiak). Batez ere geure kasara eta libre xamar uzten gaituzten saioek motibatzen naute.
Nola lantzen duzu zure bertsogintza, zure burua…?
Lehen bertso eskolara joatekoa nintzen eta aspaldian nire kasa nabil. Badaukat berriz taldean hasteko eta taldeko martxan murgiltzeko gogoa ere.
Eta etorkizunera begira?
Etorkizunera begira Gipuzkoako txapelketa etorriko da urtebete barru. Oraindik urrutik dago baina, konturatzerako hemen da.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24