Odei Barroso 2010-09-28

"Muskildin bildutako gazte kopurua ikusteak esperantza ematen du"

Txapelketa honen helburu kolektiboak nabarmentzen ditu Odeik. Hala ere, pertsonalki finalean kantatu nahiko lukeela dio. Bertso-irakasle lanetan dabil orain.
 Muskildiko kanporaketan lehenengo postua eskuratu zuen Odei Barrosok. Saioa "orokorrean ondo" joan zela dio urruñarrak, nahiz eta "beherakada" batzuk egon zirela onartu. "Giro beroa egon zen eta bertaratuek ederki erantzun zuten. Kantukideak ongi ikusi nituen, batzuk besteak baino freskoago, baina denek jaso zituzten esku zartak. Ikusleak hurbil sentitzen dituzun saio horietakoa izan zen eta horrek lagundu zigula pentsatzen dut".

 Aurreko elkarrizketaren batean ere nabarmendu izan duen bezala, "lasai" sentitu zen saioan. "Txapelketa lasai hartu izanak Muskildira presio handirik gabe joateko aukera eman zidan. Ariketa batzuetan galdurik ibili nintzen, ideiak burura ezin ekarriz, beste batzuetan, ordea, sentsazio onarekin itzuli nintzen aulkira. Neure buruak zapore gazi-gozoarekin utzi ninduen, baina gozoagoa gazia baino".

 Orain dela bi urte finalean aritu zen Odei, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatzeko aukera ere izan zuen. Dena den, bere burua ez omen zuen faboritoen artean ikusten saioa hasi aurretik. "tiratzen ninduen tentsiozko hari bat banuen, baina tentsio apur hori ona izaten da txapelketan, gaina hartzen ez dizularik noski".

 Hemendik aurrerako helburuez galdetuta, hauxe da Odeiren erantzuna: "Hemendik goiti dudan helburu nagusia finalerako txartela lortzea da. Badakit ez dela erraza izanen, baina ahaleginduko naiz ahalik eta ongien egiten. Ikusirik hiru probintzietan gure hizkuntzaren, kulturaren… egoera zertan den, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako Txapelketa helburu kolektibo batzuen barnean kokatzen dela uste dut. Donibane Lohizuneko finalean duela bi urte ikusi genuena bertsolaritzaren festa bat baino gehiago izan zen, balio sinboliko handia izan zuen egun hark. Zoritxarrez, urtean zehar hiru lurraldeetan 1700 euskaldunetik gora biltzen dituzten ekimen kulturalak eskuko atzekin kontatzen ahal dira, eta txapelketa horietako bat da. Horregatik kokatzen dut helburu kolektibo baten barnean. Erronka pertsonal moduan ere ikusten dut aurtengoa eta ahal dela neure buruarekin gustura gelditu nahi nuke. Uste dut txapelketa hunek aukera ematen ahal didala neure buruarekiko konfiantza lortzeko, eta aukera hori baliatzea dut xede".

 Aurtengo Txapelketan "gaztetasuna" izan da gehien nabarmendu izan den ezaugarrietako bat. Izan ere, Eskolartekoetatik zuzenean hainbat bertsolari iritsi dira aurtengoan, lehenengo aldiz txapelketan ariko direnak. "Nere iritziz, Lapurdi Baxe Nafarroa eta Zuberoako bertsolaritza etengabeko loraldi batean dago. Argi dago oraino badela lan ainitz egiteko, eta arlo horretan dihardugunok argi dugu hori. Biziki plaza gutxi ditugu gure inguruetan, eta kantatzeko aukerak urriak dira hemengo bertsolariontzat. Hala ere, geroz eta bertso saio gehiago antolatzen dira eta Muskildin bildutako gazte kopurua ikusteak esperantza ematen du. Duela bi urte ereiteko tenorea zen. Aurten ere ereiteko tenorea da oraino, baina uzta biltzen ere hasiak gara. Horren guziaren erakusle dira gibeletik heldu diren gazteak, baita Txapelketaren bataz besteko adina ere. Txapelketa hunen berrikuntzetako bat helduen bertso eskoletatik ateratako bertsolariak dira (Joanes, Ramuntxo) eta ste dut ekarpen handia egin diotela Txapelketari. Helduen bertso eskolak ere sendotu behar diren seinale. Mixel Airetik Ramuntxo Christyra dagoen urte tartea izugarria da. Urteetako zilo bat dago hor. Espero dut hemendik 30 urtera ez dugula hutsune bati buruz mintzatu beharrik izanen".

 Oholtza gaineko jardunaz gain, badu bestelako loturarik ere bertsoarekin: "Bertsolaritza irakasle lanetan nabil Aimar Karrikarekin batera, Ikastoletan eta eskolaz kanpoko bertso eskoletan. Haurrekin aritzea maite dut, nola saiatzen diren ikustea, kantuz entzutea, bertsoarekin ongi pasatzen dutela ikustea… plazer bat da. Orain arte ukan dudan esperientzia biziki ona izan da eta sentsazio horrek iraunen duela uste dut".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri