San Migel jaietako saioan kantari aritu ziren Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Sebastian Lizaso. Saio ona atera zen.
San Migel jaiak ospatu dituzte asteburu honetan Oñatin. Eta, nola ez, bertso-jaialdia ere egin zuten pilotalekuan. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:
Unai Iturriaga Amets Arzallus Jon Maia Maialen Lujanbio Miren Amuriza Sebastian Lizaso
Saioa jarraitzeko 600 bat lagunek goraino bete zuten pilotalekua. Urtean saio gehien antolatzen diren herrietako bat da Oñati, eta nabarmendu zen publikoaren bertsozaletasuna, gogotik txalotu baitzituzten bertsolariak.
Agurren ondoren, sei bertsolariek azaldu behar izan zuten ea benetan daukaten onena eraman zuten Oñatira. Motorrak berotzeko balio izan zuen lehenengo bertsoaldiak.
Ofizioka aritu ziren bertsolariak ondoren, binaka. Aurreko astean Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa ospatu zen Oñatin eta horri buruz kantatu behar izan zuten Ametsek eta Maialenek. Maialen artzain eta Amets txakur paperetik aritu ziren, umorez.
Mirenek eta Sebastianek ere umoreari heldu zioten. Normala izaten da saio batera lehen aldiz joan denari (Miren) askotan izan denak (Sebastianek) aholkuak ematea. Ostiralean, ordea, Mirenek eskatu gabe hasi omen zen Sebastian aholkuak ematen. Ofizio polita osatu zuten elkarri erantzunez.
Oso gai desberdina egokitu zitzaien Joni eta Unairi. Guraso izan berriak zirenez, biek lana utzi nahi zuten haurra zaintzeko baina, noski, baten batek lanean jarraitu beharra zeukan eta hor aritu ziren teman.
Ofiziokako lanen ondoren lehertu zen saioa. Lehendabizi Ametsek bakarka kantatu zuen. Joan zen astean Euskal Herrian albiste nagusi izan da Askapenako zazpi kideren atxiloketa. Askapenak askatasuna lortu nahian dabiltzan munduko gainerako herrietan lan egiten du, Bolivian esate baterako. Amets boliviar baten paperetik aritu zen kantuan atxiloketei buruz. Saio ona osatu zuen hendaiarrak.
Mirenek eta Maialenek kantatu zuten ondoren. Maialeni vudurako panpina bat eman zion gai-jartzaileak, baina ohar batekin: hari egindako guztia Mirenek sentituko duela. Ironiaz eta jolasean aritu zen Maialen, baina Mirenek bikain erantzun zion eta oso saio ona osatu zuten.
Dena den, saioa hurrengo bertsoaldian lehertu zen. Sebastian eta Amets elkarrekin bizitzera joan berria den bikotearen paperetik aritu ziren. Arazo bat zeukaten, ordea: Amets gauero hartzatxoa eskuan hartuta joaten zela ohera. Panpina eskuetan hartuta kantatu zuen Ametsek eta jendeak gogotik egin zuen barre. Hala ere, bertsoaldia gorenean zegoenean Unai altxarazi zuen gai-jartzaileak eta hartzaren larrutik kantatu behar izan zuen.
Hortik aurrera gorabeherak izan zituen saioak. Miren eta Sebastian puntuei erantzuten aritu ziren; Amets, Maialen, Unai eta Jon Zegamako euli-inbasioaz jardun ziren kantuan... Miren eta Unairen ofizioarekin berriz gora egin zuen saioak. Elkarrekin bizitzera joan berriak ziren bikote baten paperetik aritu ziren hauek ere, eta harremana "pasionalki sutan" zeukaten. Azkenean auzokideek poliziari deitzeko mehatxua egin zieten zaratengatik... Umoretsu eta lotsagabe kantatu zuten biek.
Jonek atzekoen artean dantzarako laguna aukeratu behar izan zuen ondoren.
Maialen Lujanbiok bakarka hiru bertso eder bota zituen zortziko handian. Gaia, honakoa: "Maialen, zu haurdun zaude eta kezkatuta zaude zure ume horrek jaso behar dituen baloreengatik. Gizarte honetan onenak saritzen dira, eta onenak ez direnentzat ez dago inongo errekonozimendurik. Ematen duenez onena ez bazara ez daukazu berezia izateko eskubiderik. Eta horrek ardura sortzen dizu".
Unai, Jon eta Sebastian esaera ezagun bati buruz aritu ziren kantuan saioa bukatzeko: "arabera benetako gizona izateko bizitza honetan hiru gauza egin behar dira: zuhaitza landatu, liburua idatzi eta ume bat eduki". Bakoitzari hiru betebeharretako bat falta zitzaion eta ea nork azkarrago egingo aritu ziren teman.
Orokorrean saioa oso polita atera zen. Beharbada, erdi aldean lehertu eta bukaerarako jaitsi egin zen apur bat, baina bertso-maila oso ona izan zuen saioak eta publikoak asko gozatu zuen.