Eneritz Zabaleta 2010-10-06

"Txapelketa izan daiteke errebindikazio kolektibo bat"

Sarako kanporaketa irabazi eta finalaurrekoetara sailkatu da Eneritz. Saioan bakoitzak bere estiloa agertu zuelakoan dago. Baikor dago Iparraldean bertsoak duen egoerarekin, baina orain saioak sortu behar direlakoan dago.
 Eneritz Zabaletak irabazi zuen Ipar Euskal Herriko Txapelketako azkeneko kanporaketa, Saran. Saioa "aski ongi" joan zelakoan dago: "Izan ziren petto eta poto batzuk, agian puntuaketan eragin zutenak, baina bertsolari guztiek gauza politak atera zituzten. Ideia originalak entzun ziren, bertsotan egiteko jarrera onak: lagunari entzun, erantzun... ofizioa eraikitzeko gogo hori. Bertsolari bakoitzak bere estiloa erakutsi zuela uste dut. Mixel Xalabdorren estiloak ere bere xara eman zion saioari. Entzulearentzat aski arin joan zela erranen nuke, eta gauza politak entzun zirela, trakeskeria batzuk joan baziren ere".

 Txapelketan dituen helburuei buruz hasita, bi maila ezberdin bereizten ditu Eneritzek. Pertsonalki aurrera egiten jarraitu nahi du "eta zorteak hala nahi badu, finalera iritsiz geroz han ahalik eta goren bukatzeko asmoa. Nire burua urrunegi ez nuen proiektatu nahi, bertsoak berezitasun hori duelako. Egunak anitz eragiten du, eta zail da aurretik jakiten nola helduko zaizun saioaren eguna. Hala ere, uda partetik entrenatzen aritu gara, eta motibazio horrekin".

 Dena den, txapelketak helburu "kolektiboak" ere badituelakoan dago Eneritz. "Finalerdiak heldu ahala ardura kolektibo hori geroz eta argiago ikusten dut. Bertsulariek bertsotan ongi egiteko ardura dugu, txapelketa eder bat egitekoa. Finalerdi onak izatea nahi dut. Eta finala zer esanik ez. Garrantzitsua da euskararentzat. Gure hiru lurraldetan euskaldunak zokoratuak gira, eta txapelketa izan daiteke errebindikazio kolektibo bat « hor gaude » errateko. Indar hori transmititu behar dugu oholtza gainean bertsolariek, nik uste. Bestalde, bertsozaletasuna sendotzea ere bada gure helburua. Jendeari bertso saioetara joateko, antolatzeko gogoa ematea. Horretarako, txapelketa ederra atera behar da, eta horretan zer errana dugu bertsolariek".

 Aurtengoan belaunaldi berri bat sartu da txapelketara, eta, orokorrean, bertsolarien bataz besteko adina oso baxua da. "Duela urte batzuetako egoera ikusirik, dudarik ez da bertsolaritza loraldi batean dagoela. Behin eta berriz errepikatu dugu, baina bertso eskoletako lanaren uzta biltzen hasiak gara. Hala ere, badaukagu zer landua. Azkenean, bertso eskoletako lana, izugarria eta txalogarria izanik ere, « errexena » izan da. Ikastolen sarea hor zen, eta dinamika piztu behar zen, haurrei bertsolaritza ezagutarazi eta bertso eskoletara joateko gogoa sartzeko".

 Dena den, zer hobetua ere ikusten du: "Bertsolari horiek plazak behar dituzte. Gure hiru lurraldeetan jendeak bertso saioak entzuteko, eta batez ere antolatzeko ohitura galdu du. Bertsolaritza erakargarri egin behar zaio jendeari. Horrela loratuko dira plazak. Elkarteekin (gaztetxe, pesta komite, kultur elkarte...) elkarlana eraman behar da. Helduen bertso eskolak ere bide onak dira bertsozaletasuna bultzatzeko, eta antolatzaile berriak sortzeko... Hala ere, urteetako lana ikusten dut hor, ohiturak aldatzea oso nekeza delako".

 Bertsolaritzak "leku handia" omen dauka Eneritzen bizitzan: "Nire nortasunaren parte da. Umetatik ari naiz horretan, eta gaur egun naizen bezalakoa ez dakit izango ote nintzen bertsolaritza gabe. Nire espresio bide bihurtu da. Azkenean, bertsoarekin euskararekin bezala gertatzen zait. Euskara gabe, seguru nago erabat beste pertsona bat izanen nintzela, eta bide batez anitz pozten naiz euskaraz eta bertsotan aritzeko xantza izan baitut nire bizitzan".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri