Zuzeneko elkarrizketak: Zuberoako bertso-eskola 2010-11-20
"Bertsoaren haria ez da nehoiz eten"
Mixel Etxekopar, Johaiñe Sarraillet, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat eta Joanes Etxebarria jarri dira bertsoa.com-eko kamara aurrean. Bakoitzak bertsoarekin duen harremana azaldu dute.
Aste honetan ere zuzeneko elkarrizketa bat egin du Bertsoa.com-ek. Aste honetan Zuberoako bertso-eskolako kideekin izan da, Maulen. Konexio arazoengatik ezin izan dugu elkarrizketa zuzenean eman. Badira urte batzuk elkartzen hasi zirenetik.
Joanes Etxebarria barkoxtarra hasi zen azkena bertso-eskolan. Orain dela bost-sei urte hasi zen.
Mixel Etxekoparren hitzetan lehen ere baziren bertsozaleak. Urdiñarbeko musika-eskolak bertsopaper lehiaketa bat antolatzen omen zuen lehen, eta horrekin hasi omen zen zaletzen. Bertsularien Lagunak elkartekoek pixka bat bultzatuta erabaki omen zuten biltzen hastea.
Johaiñe Sarraillet Lakarrin bizi da, eta bera da taldeko gazteena. Haurren bertso-eskolan hasi zen eta aurten eman du helduen bertso-eskolarako jauzia.
Ramuntxo Christy Aiherran jaio zen eta lan kontuengatik joan zen Maulera bizitzera. Berehala sartu omen zen bertso-eskolan. Garai hartan Karlos Aizpuruak eramaten omen zuen bertso-eskola eta urte batzuen buruan eraman zuten Maulera.
Xan Alkhat ere lanak eraman zuen Zuberoara, eta Erik Etxarten bidez hurbildu omen zen bertso-eskolara orain dela lau bat urte.
Dena den, bertso-eskolara hasteko bidea bezala desberdina da bertsoarekin orain arte izan duten harremana. Mixel Etxekopar xirularekin hasi zen eta hala ezagutu zuen Etxahun Iruri. Orduan ez zuen bertso-saiorik ikusi, baina Etxahun ere koplen eta kantuen munduan oso sartua omen zegoen. 1978 inguruan Alkhat eta Mendiburu entzun omen zituen inprobisatzen eta amets batean bezala ari zirela iruditu omen zitzaion. Pastoraletarako kantuak egiterako orduan ere ba omen dago bertsoarekin zubirik. Beraz, bertsoaren haria ez omen da inoiz eten Zuberoan, baina bat-batekoarena bai. Ostatuetan beti gorde izan omen da zaletasuna.
Johaiñe Sarraillet ikastolan hasi zen bertsozaletzen.
Ramuntxo Christy aspalditik sentitzen da bertsozale. Aiherran bizi zela maite omen zuten bertso batzuk kantatzea, eta hala zaletu omen zen. Geroago lotu zitzaion bertsoari egiaz, Maulen.
Xan Alkhatek aita bertsolaria du eta horren bidez ba omen zuen bertsoarekin harremana. Hasieran ez omen zen bertsozalea, baina finalak jarraituz emeki-emeki bertsozaletu omen da.
Joanes Etxebarria Kanbora joaten zen kolegiora, eta han elkartzen zen orain bertsolari diren gazte andana batekin. Tartean ziren Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua. Asteburuetan saio bat edo beste ikustera joaten ziren, baina ez zion bestelako gogorik sortzen. Hala ere, irakasleen artean Aitor Sarasua zeukaten, eta hark motibatu zituen bertso-eskola bat sortzeko. Bi saio egin eta horretan utzi omen zuten, eta urteetan bertsozale izan bada ere aski urrunetik jarraitu izan du. Baina Maulen bertso-eskola bazela jakin zuenean izena eman zuen.
Joanesek lotura egingo luke bertsoaren eta Zuberoako kultura munduaren artean. Nahiz eta Etxahun izan zen Zuberoako azkeneko erreferentzia bertsolari gisa kantoriak, maskaradak eta pastoralak beharrezkoa da bertsotik hurbil den hori: mintzatzeko manera hori... Bien arteko zubia posible zela ikusi zuenean hasi zen bertsotan. Hasieran batuan hasi bazen ere berehala sentitu omen zuen zubereraz aritzeko beharra, bertako kulturarekin bat bertsotan egiteko.
Orain dela bi urte eman zuten xapelketan parte hartzeko pausua; Xan Alkhat izan zen lehenengo ausartu zena. Ramuntxo Christyren iritziz zorte handia izan dute, xapelketara baino lehenago plazara jauzi egiteko aukera izan baitzuten. Zuberoan galdua omen zen bertsolariak entzuteko ohitura hori, baina hasi eta berehala egin omen ziren plazan aritzeko deiak. Gonbidapen horiek jasotzeak indar handia eman omen die. Bertsolari batzuen beharra sentitzen zenean kanpoko inori baino lehenago deitzen diete beraiei.
Mixel Etxekoparri sekulako poza ematen dio bertsolariak ikusteak. Musikaren Egun batean kantatu omen zuen lehenengo aldiz jendearen aurrean bertso bat. Hori gertakari bat izan zela dio, eta urrats handia izan zela.