Ornitorrinkus: Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkizia 2010-12-01

"Saiatu gara bertsoak dauzkan balio berezkoenak mantentzen"

Proiektua bera bilaketatzat daukate zerbait bukatutzat baino gehiago, eta diskoan prozesuaren zati bat bildu dute, baina ez dena. Bakoitzak bere mundua zalantzan jarri du, eta baita ondokoarena ere.
2006an abiatu zen Ornitorrinkus proiektua. Maialen Lujanbioren hitz eta ahotsa, Judith Monteroren saxoa eta Xabier Erkiziaren musika elektronikoa elkartu ziren. Hernaniko Milagrosa ermitan egin zuten lehenengo emanaldia. Geroztik egindako bidea biltzeko disko bat argitaratzea erabaki zuten, eta Donostiako Artelekun egin zuten aurkezpena. "Inoiz ez genuen argitaratzeko ideiarik eduki" azaldu zuen Xabier Erkiziak. Egindako guztia biltzea ere ezinezkoa izan dute. Estudioan bertan sortu dute diskoan dagoena, aurretik gutxitan entsaiatzen baitute. Eta diskotik kanpo utzi dituzte kontzertuetan jotzen dituzten hainbat pieza, testuingurutik kanpo zentzua galtzen dutelako.

 Eta, behin diskoa eginda, aurkezpenak iritsi ziren. Gernikako Gaztetxean egin zuten lehenengoa, "Kafea eta gailetak" ekimenaren barruan. Diskoaren entzunaldi kolektibo bat egin zuten, eta gero diskoaren inguruan hizketan aritu ziren. Formatua gustatu, eta antzeko zerbait egin zuten Artelekun ere.


 Etengabeko bilaketa

 Baina, nondik dator "Ornitorrinkus" izena? Ornitorrinkoa ezaugarri kontrajarriak biltzen dituen animalia da: birikak eduki arren uretan ibiltzen da, arrautzatik jaio arren esnez elikatzen da... Proiektuak ere ustez bateraezinak diruditen elementuak bildu ditu: saxo garaikidea, musika elektronikoa eta bertsoa. "Ez genekien zer egin nahi genuen baina bai zer ez genuen egin nahi. Ez genituen bertsoak musikatu nahi. Hizkuntza komun bat bilatzen saiatu ginen" dio Xabier Erkiziak. Bertsoari dagokionez, Judith Monteroren ustez orain arte alde musikaletik gehiago heldu bazaio ere badago beste bide bat: "nik bertsogintzaren musikalitatetik zerbait miresten badut da domestikatu gabe egote hori. Ez dago konpasetan, esanahi eta arnasarekin batera doa erritmoa... Sistema tonalaren, konpasaren aurreko tradizio batetik dator".

 Maialen Lujanbio ere ados dago honekin: "Hasierako helburua zen bertsoa konpas batean ez ematea. Arnasketa, arnasa hots bezala... eta gero bertsoaren ezaugarriak deskonposatuta: metrika, errepika, hoskidetasunaren ideia...".

 Dena den, etengabe jarri du bakoitzak bere mundua zalantzan, eta baina ondokoena ere. Hala, kanta bakoitza jolas moduko bat da. Bertsoaren ezaugarriekin ere egiten da jolas, eta une batean bertsoa bera deskonposatu egiten da, fonema bilakatu arte: "jolas bat da errima eta erritmoarekin, bertsolariaren buruko erradiografia bat balitz bezala. Erraminta bezala erabiltzen ditugun elementuak bihurtzen dira mezu, erraminta... Andamio eta eraikina aldi berean".

 Beraz, etengabe aritu dira nor bere mundua deskonposatzen eta horrekin esperimentatzen. "Bertsolaritzaren ikuspegitik ahalegin txiki batek badirudi oso esperimentala dela, baina horrek ez dio baliorik eransten" dio Maialenek. "Beharbada bide bat da, lan egiteko modu bat da, baina gure helburua ez zen zerbait berria, zerbait esperimentala egitea pose bezala, baizik eta zerbait zintzoa bakoitzaren bilaketarekin, eta bilatu dugun puntu komun horrekin koherentea".

 
 "Disko-liburuxka objektu definigaitza"

 "Soinuz idatzitako nota koaderno bat" bezala definitzen dute diskoa. Xabier Gantzarain eta Eneko Aristik diseinatu dute disko-liburuxka, eta Jose Belmontek sortutako irudiaren gainean egin dute. Marrazkian ornitorrinkoa ageri da, bere ezaugarri kontrajarriekin, eta horiei lotuta dago abesti bakarra. Horrekin elkartzen dira diskoko kanta guztiak. Beste aldean, Maialen Lujanbiok idatzitako bertso eta letrez gain, kantuetatik abiatutako testuak ere aurki daitezke. Xabier Erkizia, Ixiar Rozas, Jakoba Errekondo eta Joseba Sarrionandiarenak hain zuzen ere.

 Diskoa Lanku eta Arto-artian-en bidez banatuko dute. Horrez gain, honako liburudenda hauetan ere eskuratu ahal izango da:

 GIPUZKOAN: Donostia (Hontza), Zarautz (Garoa), Errenteria (Xenpelar), Azkoitia (Hizki, Iratzar), Elgoibar (Pitxintxu), Beasain (Mirentxu), Lazkao (Gerriko) eta Hernani (Kronika, Dobera).

 BIZKAIAN: Gernika (Amilotx, Gaubeka), Durango (Hitz, Urrike), Lekeitio (Aralde) eta Bermeo (Luma)

 NAFARROAN: Iruñea (Karrikiri), Leitza (Maimur) eta Lesaka (Legarra)

 ZUBEROAN: Maule (Herri ekoizpen)

 BEHE NAFARROAN: Donibane Garazi (Kukuxka)

 
 Informazio gehiago nahi izanez gero sartu Ornitorrinkus-en web orrian. Hitzen Uberan-en Artelekuko emanaldiari buruzko kronika zabala dago ikusgai. Berrian ere orain dela aste batzuk elkarrizketatu zituzten proiektuko kideak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri