Etxeraten bertso-jaialdia 2011-01-10

Aurten ere goraino bete da Elorsoro kiroldegia

Bi orduz aritu dira kantuan Jon Maia, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Xabier Silveira, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Julio Soto. Saio polita atera da.
 Urteko saio handienetako bat izaten da Oiartzunen Etxeratek antolatzen duena. Esanahi handiko saioa izaten da, eta urtero lepo betetzen da Elorsoro kiroldegia. Aurten ere saioa hasi baino aste batzuk lehenago agortu ziren aurrez salgai jarritako sarrerak, eta atzo bertan berehala saldu ziren sarreran jarritakoak. Honako bertsolari hauek igo ziren oholtzara:

 Amets Arzallus
 Igor Elortza
 Alaia Martin
 Jon Maia
 Xabier Silveira
 Maialen Lujanbio
 Julio Soto
 Sustrai Colina

 Unai Elizasu aritu zen gaiak jartzen. Ia bi orduko jaialdiak denetik izan zuen. Dena den, bertsolariek hasierako agurretik egin zioten erreferentzia testuinguruari eta giroari, eta gehienek gogoan izan zituzten kartzeletan daudenak.

 "Egin poto elkartasunean" zen atzoko jaialdiaren leloa, eta lehendabiziko gaian izenburu horri heldu zion Unai Elizasuk. Jon Maia, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin altxarazi zituen, eta zerekin egin nahi duten poto eta zerekin ez galdetu zien. Egoera politikoa izan zuten hizpide gehienek.

 Ondoren etorri ziren ofiziokako lanak. Sustrai eta Amets Parisa doaz trenean, hilero bezala. Inguruan maitemindu ugari dauzkate. Abiapuntu horretatik saio sentikorra osatu zuten bi bertsolariek.

 Hurrengo gaia era berezian formulatu zuen Unai Elizasuk. Hasieran Alaia eta Maialen altxarazi zituen, baina berehala agindu zien esertzeko berriz. Xabier eta Igorri jarri zien gaia. Emakumeen ahotan gizonei buruzko zenbait esaldi entzun izan direla zihoen: "ondo moldatzen gara ondo dagoenean", "gaur ere mozkorra etorri da"... Horiei buruz kantatu zuten bi bertsolariek.

 Saioa pixkanaka berotzen ari zen, eta ondorengo ofizioak saioari beste koxka bat eman zion. Maialen eta Alaia bi hilabetez ibili dira ETBko estudioan bueltaka, Urtezahar gauean kanpaikadak eman behar dituztela eta. Baina, azkenean erabaki dute ez dutela hori dena egingo. Saio dotorea josi zuten biek, eta ale bat gogoan hartzeko modukoa izan zen.

 Elizasuk Julio eta Jon altxarazi zituen orduan. "Fansman" bana eskatu zutela jarri zien gaia: deprimituta daudenean animatuko dituen makina. Joni Igor agertu zaio, eta Juliori Xabier. Saioak gora jarraitu zuen ariketa honetan, eta ondorengo ofizioetan ere jokoa eman zuten "Fansman"-ek.

 Amets Arzallusi egokitu zitzaion bakarkako lehenengo lana. Bi aldiz izan da aste honetan Bilbon, eta bietan bete-beteta aurkitu du. Saio bikaina osatu zuen.

 Zortzirek saio bitxia osatu zuten puntuka. Berriro ere jaialdiaren izenburua gaitzat hartuta, nahi adina poto egiteko aukera eman zien Unai Elizasuk. Jendeak gogotik egin zuen barre bertsolariak nahita poto egiten ikusita.

 Berriz ere kartzeletako egoerara itzuli ziren, ordea. Maialen eta Jon bikotea dira. Hasi eta bi hilabetera sartu zuten kartzelan Maialen. Ordutik vis a visetan garatu da beren harremana, baina nahiko gaizki doaz gauzak. Gaur, Jon bisitan joan zaionean, funtzionarioak esan dio ez duela aurrez aurrekorik izango, kristalaren bestaldetik ikusi beharko duela Maialen. Saio dotorea osatu zuten.

 Saio ondoren afaltzera gonbidatu zuen Igorrek Julio. Geroz eta gertuago daude, taberna hustu da, Igor geroz eta hurbilago dago Juliorengandik... baina Juliok oraindik ez ditu eskuak patrikatik atera. Bertsolariarena egiten jarraitzen du oraindik. Horixe zuten gaia, eta umoretsu aritu ziren bi bertsolariak.

 Bakarkako bigarren gaia Maialen Lujanbiori egokitu zitzaion. Kartzelan urtero egutegi bat oparitzen diote, baina aurtengoak maiatzera arteko hilabeteak bakarrik dauzka. Saio polita osatu zuen hernaniarrak.

 Berriz ere umoreari heldu zioten bertsolariek orduan. Jon eta Alaia bost urteko bi ume dira. Gabon gaua da, eta Olentzerori itxaroteko ordubeteko txandak egingo dituzte. Alaiaren txanda iritsi denerako opari guztiak Jonen zapatetan daude.

 Ofizioka, Julio eta Sustrai altxa ziren ondoren. Julio eta Sustrai jolas-areto batera joan dira, baina Julio nagusitzen da joko guztietan eta Sustrai desesperatzen hasi da. Umorez aritu ziren, Julioren irabazi nahiari barre eginez, eta ondoren ere jokoa eman zuen ofizio honek.

 Jon Maia, Jesus haurtxoa, hilabetez egon da jaiotzan jarrita. Oso hilabete gogorra izan da, atzekoek denetik egin baitiote. Orain dauka kontatzeko aukera. Horixe zen hurrengo gaia, eta atzekoei kantatu zien zumaiarrak.

 Sustrai eta Igor puntuka aritzeko altxarazi zituen Unai Elizasuk saioa bukatzeko, baina atzekoak "Fansman"-aren paperean jarrita. Hala, bertsoan zehar atzekoen laguntza jaso zuten Igorrek eta Sustraik.

 Zaila izaten da zortzi bertsolariko jaialdi on bat entzutea, bertsolari bakoitzak kantatzeko aukera gutxi izaten baitu. Hala ere, atzo saioa osotasunean hartuta dotorea atera zen, gogoan hartzeko moduko bertsoaldi batzuekin. Beharbada saioak erdi-aldera jo zuen goia eta ondoren maila jaitsi egin zen apur bat. Dena den, bertsozaleak gustura etxeratu dira aurten ere.

 Atzoko saioari buruzko informazio gehiago dakar Garak.

Alaia eta Maialen ETBn
2011-01-09 Oiartzun

Bukaerako agurrak
2011-01-09 Oiartzun

Jon, Jesus haurtxoa
2011-01-09 Oiartzun

Maialen eta Jon kartzelan
2011-01-09 Oiartzun

Fansmana
2011-01-09 Oiartzun

Amets Bilboz
2011-01-09 Oiartzun

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri