Hernaniko Bertsolata 2011-01-14

Eñaut Agirre: "Bertsolata egokitu bat antolatu dugu"

Urtarrilaren 6ko bertso jaialdiarekin bukatu da aurtengo edizioa. Aurretik haurrentzako saioa, Olentzeroaren eta urte zaharretako errondak, Ornitorrinkus eta web orriaren aurkezpena egin dituzte.
 Aurten ere Bertsolata ospatu da Hernanin. Urtarrilaren 6an bukatu zen aurtengo edizioa, bertso jaialdiarekin. Eñaut Agirre Hernaniko bertso-eskolako kidea da, eta Bertsolataren antolakuntzan aritu da lanean. Aurtengo Bertsolata "ona" izan delakoan dago. "Aldez aurretik ez genuen gauza handi bat egin nahi; bagenekien zenbat indar daukagun une honetan eta jendea oso okupatuta dabilela, eta Bertsolata egokitu bat antolatu dugu. Saioak oso ondo joan dira, jendeak parte hartu du, eta Hernaniko jendeak ere bai".

 Urtean zehar bertso ekitaldi ugari antolatzen dira Hernanin. Hala ere, urtero antolatzen du bertso-eskolak Bertsolata. Eñaut Agirreren iritziz hiru helburu betetzen ditu ekimenak. Alde batetik, bertso-eskolak herriari ekarpen bat egiteko aukera aproposa da, garai honetan jende ugari biltzen baita herrian. Bigarren helburua Hernanitik kanpo egiten dena herrira eramatea izango litzateke. Eta, azkenik, bertso-eskolari begirako helburu bat ere badauka: taldearen integrazioa lortzea. "Urte guztian lanean aritzen gara, ez dugu denbora askorik izaten elkarrekin egoteko, eta guk ere bertsoarekin gozatzeko leku bat edukitzea da helburua".

 Aurtengo ekitaldiari dagokionez, saio guztiei ikusten die aipatzeko moduko zerbait. Haurren saioarekin hasi zen Bertsolata abendu bukaeran, eta Biteri kultur-etxea bete egin zen aurten ere. Bertso-eskolako gaztetxoenei begira antolatzen dute saioa, eta "arrakasta bat" izaten da urtero.

 Bertsolatan badaude beste bi ekimen lehen ere herrian egiten zirenak baina Bertsolatan integratu dituztenak. Abenduaren 24an Olentzeroarekin baserriz baserri egiten den erronda litzateke bata eta Urte Zaharretako erronda bestea. Bertso-eskolak lagundu egiten du horiek antolatzen.

 Aurtengo edizioan Ornitorrinkus emanaldia ere eraman dute herrira. "Niretzat luxu ikaragarri bat izan da. Bi taldekide hernaniarrak dira (Maialen Lujanbio eta Judith Montero), eta halako esperimentazio lan bat Hernanira ekarri ahal izatea luxu bat izan da. Milagrosako ermitan izan zen ekitaldia, eta, agian, espero baino jende gutxixeago izan zen, baina egon ginenak zoratzen egon ginen. Lehen ere bi kontzertu eginak zituzten Hernanin, baina oraingoan disko eta guzti etorri dira. Gainera, esplikazio eta guztiko kontzertu bat izan da, eta horrek gauza asko argitzen zituen. Oso interesgarria izan zen".

 Bertso jaialdian egokitu egin behar izan zuten Biteri kultur etxeko aretoa, jendea sar zedin. Eta, hala ere, goraino bete zen 250 lagunekin eta sarrerak aurretik bukatu ziren. Eñaut Agirreren iritziz jaialdia "oso ona" atera zen.

 Baina, aurtengo ekitaldian zerbait nabarmentzekotan "Hernani bertsotan" proiektuari lotutako web orriaren aurkezpena izan zen. "Bi hanka dauzka orri horrek. Batetik, bertso-eskolari dagokion informazioa emango du. Herrian egingo diren bertso-ekitaldien berri emango du eta bertso-eskolaren barruko informazioa ere bai: gure artean intranet bat jarriko dugu gure arteko harremanetarako... Baina, beharbada, beste adarra da garrantzitsuena: web orri hau sortu bada sortu da Hernanin egiten ari garelako bertso-ikerketa bat herrian bertsoak ze leku eduki duen jakiteko. Herri batean egin den bertso-ikerketarik handiena dela esango nuke. Horri lotuta lau produktu ari gara egiten, eta horietako bat da web orria. Grabazioak egiten ari gara (33 grabazio daude eginda) eta horrekin lau orduko DVDa atera da. Hirugarren ardatza unitate didaktikoa izango litzateke, hau da, DVDetan dagoen informazioa erabiltzeko modu bat bertso-eskoletan. Eta laugarren ardatza da falta zaiguna: liburua. Liburua elkarrizketa horietan oinarritua dago, baina hortik aparteko informazio gehiago ekarriko du".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri