Sustrai Colina, Andoni Egaña, Odei Barroso eta Sebastian Lizaso aritu ziren kantuan, Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta gai-jartzaile zirela.
Joan zen ostiralean bertso-afaria ospatu zen Pausun, Xaia ostatuan. Sarrera guztiak aurretik salduta zeuden, eta 120 lagun elkartu ziren saioa entzuteko. Honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan:
Sustrai Colina Andoni Egaña Odei Barroso Sebastian Lizaso
Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta aritu ziren bertsolariei gaiak jartzen. Saio osoan zehar gogoan izan zuten orain dela aste pare bat atxilotu zuten Iraitz Gesalaga. Hala, saioa hasteko honek kartzelatik idatzitako bertsoak abestu zituzten Xumaik eta Eneritzek. Ondoren, bertsolariek buelta bat egin zuten librean.
Gaiekin Andoni Egaña eta Sustrai Colina hasi ziren lehendabiziko lanean. Bi euskal preso politikoren paperean jarri zituzten. Azken egunetan "Sortu" alderdia sortu da, eta bere estatutuetan indarkeria mota guztiak baztertzen ditu, ETArena barne. Sakon aritu ziren bi bertsolariak honen inguruan.
Bestelakoa izan zen Odei Barroso eta Sebastian Lizasori egokitu zitzaien gaia. Urteetan aurrera doan bikotea dira, eta ohituta daude mando bat eta telebista bat edukitzera. Orain bi mando dauzkate, telebista bat eta ondoan beste kutxatxo bat. Igande arratsaldea da, eta zer ikusi erabaki behar dute. Beharbada, ariketa honetan ez zuten gehiegi gozatzerik lortu bertsolariek.
Sustrai Colina Iraitz Gesalaga "Tximas"-i buruz kantuan jarri zuten ondoren. Polifazetikoa da "Tximas", eta bere izaera bakoitza ze bertsolarirekin lotu erabaki behar izan zuen Sustraik: Xilaba-ko grabatzailearena, goizaldean Gaztetxean dabilenarena eta "El informático de ETA" omen dena. Umorez aritu zen urruñarra. Saioko une txalotuenetako bat izan zen hau.
Fin aritu ziren Andoni Egaña eta Odei Barroso ere. Otxaldek "Gaztetasuna eta zahartasuna" izeneko bertsopaper batzuk omen dauzka idatzita. Xumai Muruak galdera luzatu zien: zer da hobea, gaztetasuna edo zahartasuna? Umorez aritu ziren erantzunaren bila.
Sustrai Colina eta Sebastian Lizaso uztarri berean lotutako bi idiren paperean jarri zituzten. Proba batean dabiltza biak, baina Sebastianek ez du behar besteko indarrik egiten, nonbait. Elkarrizketa polita osatu zuten bi bertsolariek.
Ondoren, Odei Barrosori hiru puntu jarri zizkioten, Iraitzek kartzelatik idatziak.
Azken asteotan behin baino gehiagotan aipatu da saioetan tabakoaren legea. Horri buruz kantuan jarri zituzten Sebastian eta Andoni, baina berezitasun batekin: bi chupa-chups eman zizkieten. Ondo aritu ziren biak.
Odei Barroso eta Sustrai Colina musika-talde bereko kideen paperetik aritu ziren. Diskoa ateratzekotan dira biak, baina diskoetxeak azken unean kontratua aldatu eta hitzak moldatu egin beharko ditzutela esan die. Odei prest dago, baina Sustrai ez.
Sebastianek puntuei azkar erantzun zien gero. Jendeak gogotik egin zuen txalo.
Andoni Egañari kopa bat eman zioten ondoren. Kopa egiteko motibo ugari dago, baina, zeren alde egingo luke topa Andonik? Azkar osatu zuen bertsoaldia, eta jendea hunkitzea ere lortu zuen.
Ipar Euskal Herrian bertso-irakasle lanetan dabil Odei Barroso. Ostiralean, ordea, Sebastian Lizaso agertu zitzaion klasera, gehiago ikasi nahi zuela eta. Saio bizi eta umoretsua osatu zuten.
Ofiziokako lanak bukatzeko, Andoni eta Sustrai polizia paperean jarri zituzten, saio ostean txostena egiten. Beren buruari barre egin zieten bi bertsolariek.