"Inertziak erantzi, garena jantzi" 2011-02-16

Inertzien ingurukoa izango da aurtengo Bertsolamintza

Otsailaren 26an hasiko da, Saran. Ondoren, martxoaren 1ean Saran, 4an Iruñean eta 10ean Durangon izango dira jardunaldiak. Villabonan egingo da azkeneko ekitaldia, martxoaren 12an.
 Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertsolamintza jardunaldiak antolatu ditu aurten ere. Aurtengoa 4. edizioa izango da, eta inertziak izango dira gai zentrala: inertzia ideologikoak, generoari lotuak, umorea egiterako orduan erabiltzen diren inertziak, bertso-eskoletan ikasten diren inertziak... Begirada ezberdinetatik begiratuko diote bertsolaritzari, hamar adituren begietatik. Aditu horietako batzuk bertso-munduaren kanpotik etorriko dira. Hala, Erik Dicharry ikerlariak umoreaz hitz egingo du; Amaia Vazquez psikologoak emozioez; Oier Araolaza dantzariak kultur-txapelketez eta Ibon Arrizabalaka berdintasunerako eragileak gizonezkoen genero-rolez. Bertsolaritzaren barruko adituak ere izango dira: Andoni Egañak inertzia ideologikoak landuko ditu; Fredi Paiak txapelketek sormenean duten eragina; Jon Martin eta Estitxu Eizagirrek bertso-eskolen eredu berri bat proposatuko dute; Jon Ansa bertsokerez eta bertsolaritzaren sistemaz ariko da eta Egoitz Aizpuruk gai-jartzailetza izango du aztergai.

 Aurtengo edizioa lantzeko hiru mintegi egin dituzte, eta horietan eztabaidatutakoaren emaitzak plazaratuko dituzte jardunaldietan. Honako hau izango da egitaraua:

 OTSAILAREN 26a, LARUNBATA
 Sarako Lur Berri aretoan, 18etan:
  -Eric Dicharry: "Bertsolaritza eta umorea"
  -Andoni Egaña: "Nola gainditzen dira inertzia ideologikoak? Zenbateraino obligatzen dute?"
  -Amaia Vazquez: "Inprobisazioaren gozamena: oholtzako bertsolaria nola askatu proiekzioetatik eta unean unekoa gozatu"
 19:45ak aldera publikoari irekitako eztabaida egingo dute hiru hizlariek, Martin Aramendi moderatzaile dela.
 20:30etan bertso-afari esperimentala izango da, Andoni Egañak gaiak jarrita, honako bertsolari hauekin:
  Maialen Lujanbio
  Sebastian Lizaso
  Anjel Mari Peñagarikano
  Miren Amuriza
 Afarirako txartelak 20 eurotan salduko dira. Erreserbak egiteko bi zenbaki daude: (0033)559542758 edo (0033)673900352.

 MARTXOAREN 1a, ASTEARTEA
 Gasteizko Amaia Zentroan, 18etan:
  -Oier Araolaza: "Txapelketaren kontra"
  -Fredi Paia: "Zelan eragiten dio txapelketak sormenari? Epaileak kalitate ziurtagiri?"
 19:30etan publikoari irekitako eztabaida bi hizlariekin, Asier Lafuentek gidatuta.

 MARTXOAREN 4a, OSTIRALA
 Iruñeako Hizkuntza Eskolan (Kaldereria 11), 18etan
  -Jon Martin eta Estitxu Eizagirre: "Zer ikasi behar da bertso-eskoletan? Zer desikasi?"
  -Jon Ansa: "Bertsokera(k) eta sistema(k)"
 19:45etan eztabaida publikoari irekia, Arkaitz Goikoetxea moderatzaile dela.

 MARTXOAREN 10a, OSTEGUNA
 Durangoko Kafe Antzokian, 18etan
  -Egoitz Aizpuru: "Gai-jartzailea emagin? Zenbateraino markatzen du gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldia?"
  -Ibon Arrizabalaga: "Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?"
 19:30etan eztabaida publikoari irekita, Onintza Enbeitak gidatuta.
 20:30etan bertso-saio esperimentala, Egoitz Aizpuru gai-jartzaile dela, honako bertsolari hauekin:
  Jon Maia
  Iker Zubeldia
  Onintza Enbeita
  Ainhoa Agirreazaldegi

 Bertsolamintza borobiltzeko, MARTXOAREN 12an, larunbatez, Villabonako Gurea Zinean egingo da azkeneko jardunaldia. Bertan, hitzaldi guztien laburpenak egingo dira, ondorio orokorrak ateratzeko. Honako hau izango da egitaraua:

 9etan elkarretaratzea, eta ondoren hitzaldiak, Laxaro Azkunek moderatuta:
 -9:30etan Andoni Egaña: "Nola gainditzen dira inertzia ideologikoak? Zenbateraino obligatzen dute?"
 -9:45etan Amaia Vazquez: "Inprobisazioaren gozamena: oholtzako bertsolaria nola askatu proiekzioetatik eta unean unekoa gozatu"
 -10etan Eric Dicharry: "Bertsolaritza eta umorea"
 -10:15etan Egoitz Aizpuru: "Gai-jartzailea emagin? Zenbateraino markatzen du gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldia?"
 -10:30etan Ibon Arrizabalaga: "Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?"
 -10:45etan lehen bost hitzaldien eztabaida irekia
 -11:30etan kafea
 -12etan, Ainhoa Agirreazaldegi moderatzaile dela, hitzaldien bigarren zatia:
 -12etan Jon Martin eta Estitxu Eizagirre: "Zer ikasi behar da bertso-eskoletan? Zer desikasi?"
 -12:15etan Jon Ansa: "Bertsokera(k) eta sistema(k)"
 -12:30etan Oier Araolaza: "Txapelketaren kontra"
 -12:45etan Fredi Paia: "Zelan eragiten dio txapelketak sormenari? Epaileak kalitate ziurtagiri?"
 -13etan azken 4 hitzaldien eztabaida irekia
 -14etan bazkaria "Behar zana" elkartean
 -17etan bertso-saio esperimentala Andoni Egaña eta Egoitz Aizpuru gai-jartzaile direla, honako bertsolari hauekin:
   Imanol Lazkano
   Beñat Gaztelumendi
   Amets Arzallus
   Jone Uria
   Uxue Alberdi
   Julio Soto
   Unai Iturriaga

 Bazkari eta saiorako txartela 20 eurotan salduko da eta saiorakoa 5 eurotan. Bazkaritarako erreserbak martxoaren 3a baino lehenago egin beharko dira. Bi aukera daude. Telefonoz deitu nahi izanez gero hau da zenbakia: (0034) 943 694 129. E-maila bidaltzeko helbidea, berriz, honako hau: komunikazioa@bertsozale.com.

 Sarakoa ez beste jardunaldiak zuzenean ikusi ahal izango dira Bertsoa.com-en bidez.

 18 urte dira jada Bertsolamintza jardunaldiak antolatzen hasi zirenetik. Bertsolaritzaren inguruan gogoetatzeko plaza bat eskaintzeko jaio ziren jardunaldiak 1993an. 1995ean egin zen bigarren edizioa. Bi horietan gai orokorrak landu ziren. 2002an gai-jartzailetzaz aritu ziren Bertsolamintzan. Aurtengoa, esan bezala, 4. edizioa izango da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri