Larunbat honetan hasiko da txapelketa, eta apirilaren 9an bukatuko da, Iruñeako Labrit pilotalekuan. "Ondu. Dastatu" da aurtengo leloa.
Atzo aurkeztu zuten aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 40. edizioa izango da aurtengoa, eta 27 bertsolarik hartuko dute parte. Kopurua iazko bera izango da, baina izen batzuk aldatu egin dira. Hala, aurten lehen aldiz hartuko dute parte Irati Majuelo, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Patxi Castillok. Eta Xabier Silveira txapelketara itzuliko da, iazko atsedenaren ondoren. Parte-hartzaile gehienak 30 urtetik beherakoak dira, azken urteotan Nafarroan ikastetxeetan eta bertso-eskoletan egin den lanaren erakusgarri.
Txapelketak, lehia hutsetik harago, bertsolaritza sustatu eta ezagutarazteko aukera eman behar duela nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan. Zentzu horretan, zenbait helburu erantsi izango ditu txapelketak. Alde batetik, bertsolaritza ezagutzen den guneetan zaletasuna sustatu eta gainerakoetan ezagutarazi egin nahiko litzateke bertsolaritza. Horregatik saioak Nafarroa osoan zabaltzen ahalegindu dira. Bertsolarientzako erakusleiho ere izan nahiko luke txapelketak. Iaz 150 saio egin ziren Nafarroan, baina askotan ez zuten bertsolari nafarrek kantatu, eta horiek ezagutaraztea ere bada txapelketaren helburua. Indarrak batzeko gune ere izan nahiko luke. Bertsolaritzaren inguruan 80 bat lagun elkartuko ditu txapelketa honek. Eta, azkenik, bertsolaritzaren prestigioa handitzea ere bada helburua.
Txapelketa 24 bertsolarirekin hasiko da lehenengo fasean. Azken-laurdenetan 4 kanporaketa jokatu ondoren 3 finalaurreko jokatuko dira. Hor sartuko dira lehian Oskar Estanga, Estitxu Arozena eta Julio Soto. Honako hau da aurtengo egutegia:
OTSAILAREN 19a, LARUNBATA
Tafallako Santa Maria parrokia-aretoan, 17:30etan
Xabier Terreros
Ander Fuentes "Itturri"
Migel Mari Elosegi "Luze"
Jose Luis Barberia "Zili"
Egoitz Gorosterrazu
Ainhoa Aranburu
OTSAILAREN 20a, IGANDEA
Irurtzungo kultur etxean, 17:30etan
Eneko lazkoz
Iñigo Olaetxea
Oier Lakuntza
Bittor Elizagoien
Ekaitz Astiz
Irati Majuelo
OTSAILAREN 26a, LARUNBATA
Doneztebeko zineman, 17:30etan
Iñaki Aleman
Jon Barberena
Saioa Alkaiza
Iñigo Ibarra
Xabier Silveira
Iban Garro
OTSAILAREN 27a, IGANDEA
Berriozarko Musika Eskolan, 17:30etan
Julen Zelaieta
Jon Elizetxe
Aimar Karrika
Aritz Saragueta
Patxi Castillo
Josu Sanjurjo
Saio bakoitzeko irabazlea eta hamaika puntuazio honenak sailkatuko dira hurrengo fasera. Fase honetan bazkide eta 16 urtetik beherakoen sarrerak 3 eurotan salduko dira eta helduenak 5 eurotan.
Hiru finalaurreko jokatuko dira:
MARTXOAREN 12a, LARUNBATA
Berako Kultur Etxean, 17:30etan
Oskar Estanga
Azken-laurdenetako bost bertsolari
MARTXOAREN 19a, LARUNBATA
Leitzako Zineman
Estitxu Arozena
Azken-laurdenetako bost bertsolari
MARTXOAREN 26a, LARUNBATA
Elizondoko Lur aretoan, 17:30etan
Julio Soto
Azken-laurdenetako bost bertsolari
Fase honetatik zortzi bertsolari sailkatuko dira finalera: saio bakoitzeko irabazlea eta bost puntuazio onenak. Sarreren prezioari dagokionez, bazkide eta 16 urtetik beherakoek 5 eurotan eskuratu ahal izango dituzte. Helduek, berriz, 8 eurotan.
Finala APIRILAREN 9an jokatuko da, larunbatez, arratsaldeko 17etan, Iruñeako Labrit pilotalekuan. Aurtengo txapelketako apustu nagusietako bat izan da finala hiriburura itzultzea. Sarrerak 12 eurotan erosi ahal izango dituzte bazkideek eta 16 urtetik beherakoek. Helduek, berriz, 18 eurotan.
Bertsolariez gain, gai-jartzaileek eta epaileek ere hartuko dute parte. Saioak Alaitz Rekondok, Xabier Maiak eta Fernando Anbustegik aurkeztuko dituzte. Baina, gai-jartzaile taldean jende gehiagok ere hartu du parte: Miren Bidarte, Rosita Anakabe, Nekane Elu, Helios del Santo, Oier Amiano, Joseba Beltza, Gorka Urtasun, Xabier Zarraluki eta Joxema Leitzak hain zuzen ere.
Epaile taldean zazpi lagun ariko dira: Ekintza Landa, Saioa Mitxelena, Nerea Bruño, Gaizka Sarasola, Josu Etxanobe, Mikel Altzuart eta Mikel Beaumont.
Txapelketako sintonia Oskar Estangak egin du, Nafarroako zazpi doinuren interpretazio propioa eginez. Gainera, txapelketa internetez ere jarraitu ahal izango da, www.nafarroakotxapelketa.com helbidean. Sare sozialak ere erabiliko dituzte.