Bertsolamintza: "Inertziak erantzi, garena jantzi" 2011-03-15

Ibon Arrizabalagaren hitzaldia

Generoak bertsolaritzan sortzen dituen inertziez aritu zen, gizonezkoen genero-rolez bereziki. Horretarako, gizartean generoak duen indarra azaldu zuen.
 Ibon Arrizabalagak ere Durangon eman zuen hitzaldia, joan zen ostegunean. Honako hau izan zen izenburua: "Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?". Genero-rolen inguruan aritu zen. Bereziki gizonei zuzendu zien hitzaldia, "nahiz eta gizon eta emakumeak hain ezberdinak izan ez". Orain dela 10 urte emakume bertsolariek hasitako bidearen jarraipentzat hartu zuen bere hitzaldia.

 Bere iritziz ohiko genero-rolak indartu egiten dira jendaurrean, inertzia horiek hor irauten baitute. Lanketa handi bat egin ezean jendaurrean beti joango dira gizartearen atzetik. Izan ere, posible da genero-rolak biluztu eta, hala ere, bertsoak txalotzea?

 Genero hitza gehiegi erabiltzen delakoan dago Ibon. Generoa sexu bakoitzari gehitzen zaion motxila kulturala dela azaldu zuen. Aldatuz doan zerbait da, eta horrek erakusten du ez dela naturala. Egunerokotasunean iruditzen zaigu generoak ez digula hainbesteraino eragiten, baina motxila denok daramagu. Hala, gizon eta emakumeei generoak ezartzen dizkien rolak azaldu zituen: gizonezkoak publikoak dira, emakumeak ikusezin... Egoera muturrera iristean soilik salatu ohi da hori. Ibon Arrizabalagaren iritziz ezberdintasuna da gizakiak berdin egiten gaituena; gizaki bakoitza bakarra da, errepikaezina. Sexismoak gizakien arteko batasuna eteten du, sailkatu egiten baikaitu. Gizaki bat izan daitekeenaren %50a soilik izan gaitezke gehienez. Gizonek pribilegioak dauzkate, baina ez dira ondo bizi. Garrantzitsutzat daukagu pertsonak sexu eta generoaren arabera sailkatzea, eta, era horretan, bereizten gaituenari soilik jartzen diogu arreta.

 Bertsolaritza jendarte horretan garatu da. Hala ere, bertsolari batzuk bide bat egin dute. Askotan aipatzen den kontua da nork beretik kantatzea, eta badirudi fikzioa egitearekin ez dela bateragarria. Ibon Arrizabalagaren iritziz nork beretik kantatzea da besteek entzun nahi dutena soilik ez kantatzea. Baina horretarako ausarta izan behar da. Gizonezkoen roletan, gainera, zailagoa da nork beretik kantatzea, zapaltzaile, bortitz... sentitzen baitira. Bertsolari gizonezko batzuk "pertsonaiak" asmatu dituzte plazetan ibiltzeko, eta publikoak, askotan, nahiago du hori pertsona baino.

 Umorean gako batzuk ikusten ditu Ibon Arrizabalagak. Uneari lotua dago, hartzailearekin dagoen harremanari. Bide bat dago hor egiteko. Gizonei eta emakumeei, gaur egun, ezin zaie berdin kantatu, ez baititugu berdin ikusten. Ez ditugu parez pare jartzen. Bakoitzak bere buruari barre egin behar diola dio Ibon Arrizabalagak. Gaur egun ez da posible biluzik kantatzea, baina generoak gehitu dizkigun gorbata eta amantalarekin jolas egitea bai.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri