San Joseetako bertso-saioa 2011-03-23

Umorea nagusi Igorren

Jon Maia, Amets Arzallus, Julio Soto, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña aritu ziren kantuan, Karmelo Uriarteren esanetara.
 Joan zen larunbatean San Joseetako bertso-saioa egin zen Igorreko Lasarte aretoan. Aretoak itxura ederra hartu zuen bertso-saioa jarraitzeko. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:

 Jon Maia
 Amets Arzallus
 Julio Soto
 Unai Iturriaga
 Maialen Lujanbio
 Andoni Egaña

 Karmelo Uriarte aritu zen gaiak jartzen. Lehenengo gaia aktualitate handikoa jarri zien Joni eta Maialeni: Jon Garoñako zentraleko langile izan zen urteetan. Gaur, Japonian gertatutakoa ikusita, Maialen biloba hartu eta zentralera joan dira biak. Serio aritu ziren, sinesgarritasun handiz.

 Hortik aurrera, dena den, umorea nagusitu zen saioan. Andoni eta Julio altxa ziren ondoren, aita-semeen paperean. San Jose eguna Andoni aitak ohiko egonaldia luzatu nahi du ohean, baina Julio semea joan zaio, Zuhaitz Eguna dela eta, botak eta motxila jantzita. Jendeak gogotik egin zuen barre bi bertsolarien ateraldiekin.

 Amets eta Unai ere umoretik aritu ziren. Maialenen aita da Unai, eta alabak gaur mutila eraman du etxera aitari aurkezteko: Amets. Biak bakarrik geratu dira hizketan. Ametsek ederki erantzun zien Unairen ziriei.

 Ofiziokako hiru lanen ondoren Jon Maia bakarka jarri zuen Karmelo Uriartek. Honako gai hau jarri zion: "Hainbat urtetan Euskal Herrian politikan ibilitakoa zara. Arrazoi batzuk tarteko beste nazio batera bizitzera joatea erabaki zenuen". Sakon kantatu zuen zumaiarrak, eta errealismo handiz. Entzuleek gogotik txalotu zituzten bere bertsoak.

 Arratian badira kopla ezagunak, eta horiek gai bezala jarri zizkien Karmelo Uriartek Maialen Lujanbio eta Julio Sotori. Maialeni honako hau egokitu zitzaion:

  "Begire nago begire
  goiko kamino barrire
  noiz etorriko ete dan
  neure maitie herrire".

 Eta koplaren ondoren, galdera bat ere luzatu zion gai-jartzaileak: "Filosofiko jarri gara; gaur nora eta nori begiratu beharko genioke?"

 Juliori, berriz, honako kopla hau egokitu zitzaion:

  "Arrabako landea
  balego gorbeien
  hantxe egingo geunke
  ziriki zakien"

 Eta, galdera, berriz, honakoa: "Zer egingo geunkela?".

 Bi bertsolariek ofizio berean uztartu zituzten koplak, eta elkarrizketa polita osatu zuten.

 Amets eta Andoniren txanda iritsi zen orduan. Amets ezkerra da eta Andoni eskuina, eta bakoitzak bere aldea defendatu beharko du hiru alorretan: pilota, politika eta bide-gurutzea. Ondo aritu ziren, elkarri erantzunez.

 Laster iritsiko da Korrika Euskal Herriko errepideetara, eta horri kantatu zioten Unaik eta Juliok. Julio lasterka doa, lekukoa hartuta, baina Unai Guardia Zibilak "altoa" eman dio. Ondo aritu ziren biak.

 Dena den, Andonik eta Jonek osatuko zuten, beharbada, saioko bertsoaldirik txalotuena. Euzkitze eta Tolosaren paperean jarri zituen Karmelo Uriartek, binakako txapelketako partida baten emankizuna egiten: Martinez de Irujo eta Merino II Olaizola eta Beginoren aurka. Imitaziorako gaitasun aparta erakutsi zuten bi bertsolariek.

 Saioa goitik zihoan, eta Maialen bakarka kantatzera altxa zen, berriz ere gai serio batekin: "Txikitan edukitzen zenituen amets beldurgarriak berriro edukitzen hasi zara". Ondo aritu zen hernaniarra.

 Iragarkien txanda zela esan zuen ondoren Karmelo Uriartek. Julio, Amets, Jon eta Unai altxarazi zituen, iragarkietako lau pertsonaiaren paperean: Txokolatearen behi morea izan zen Julio, Don Limpio Unai, Pilen untxia Jon eta Pantxo zakurra Amets, kiniela botatzera joan eta itzuli ez zena. Umoretik heldu zioten bertsolariek. Gero egindako ariketetan ere behin baino gehiagotan aipatu zuten ariketa hau.

 Matematika-problema bat ebatzi behar izan zuten Andonik eta Maialenek: "Okin batek, etxean jateko, egindako ogien ehunetik bat hartzen du astero. 3415 ogi saltzen baditu eta eman egiten baditu soberan geratutakoak, hau da, 70 ogitik bat, zenbat ogi egiten ditu astean?". Bertsolariak ez ziren oso fin aritu ariketa ebazteko orduan. Dena den, Karmelo Uriartek, gaiari erantzuteko, gaiaren papera eman zien, eta han ondorengo gaiak ikusi zituztela-eta gogotik aritu ziren adarra jotzen.

 Unai eta Jon Arratiako bertsozale adituen larrutik aritu ziren saioari kritika egiten.

 Ametsek atzekoen bizioei kantatu zien. Fin aritu zen hendaiarra, eta ondo erantzun zuten gainerakoek.

 Azkeneko gaiari erantzuteko denak altxa ziren. Saioko kartelean karikatura bana egin zieten denei, baina ez zaizkie asko gustatu, nonbait, eta kritika egin zuten oholtza gainetik. Beren buruari barre egiten aritu ziren bertsolariak.

 Bukatzeko, Unai, Jon, Andoni eta Ametsek puntuka egin zuten saioaren errepasoa.

 Guztira bi ordura joan zen saioa, baina entzuleek gustura aditu zuten.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri