Imuntzo eta Beloki izango dira aste honetako gonbidatuak 2011-03-25

Aramaio, Agurain, Leitza, Hendaia, Zestoa eta Itziarko saioak emango ditu Hitzetik Hortzerak

Zuri-beltzekoan Basarri eta Uztapideren grabazio bat emango dute. Zappingean, berriz, 1986ko finaleko irudiak. Azkenik, Bertso Dinnerrera joateko lehiaketaren berri ere emango dute.
 Aste honetan ere Hitzetik Hortzera programa izango da ikusgai ETB1en. Igandean izango da, iluntzeko 21etatik aurrera.

 Aste honetan txapelketek tarte handia beteko dute. Araban joan zen asteburuan bukatu ziren finalaurrekoak, Aramaio eta Aguraingo saioekin. Haietako irudiak eskainiko dituzte.

 Nafarroan, berriz, Leitzan jokatu zen bigarren finalaurrekoa, eta hango irudiak erakutsiko dituzte.

 Txapelketaz gain, bestelako saiorik ere izango da ikusgai aste honetan. Hendaiako merkatu zaharrean bertso-afaria egin zuten joan zen larunbatean. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan. Une batean, bertako bertso-eskolako kideen laguntza ere izan zuten: Maddi Ane Txoperenak eta Oihana Teysseyrek biolina jo zieten eta Uxue Larrukertek arpa. Irudi horiek eskainiko dituzte aste honetako programan.

 Bestalde, larunbatean bertan Gazteen II saioa egin zuten Zestoako Gaztetxean, giro ederrean. Hango bertsoaldi onenak emango dituzte.

 Itziarren bertso poteo zirtolaria egin zuten hango bertso-eskolako kideek, eta irudirik onenak grabatuta utzi dituzte.

 Aste honetan Imuntzo eta Beloki trikitilariak gonbidatuko dituzte platora. Zazpigarren diskoa kaleratu berria da bikotea: "Gezurra ez da egia". Bertan, hainbat bertsolariren kolaborazioa izan dute: Jon Maiarena, Imanol Lazkanorena eta Sustrai Colinarena, besteak beste. Gainera, Lazkao Txikiren "politikan ez dago gauza politikan" aforismoa kantu bihurtu dute. Musikariak izateaz gain, gainera, bertsozaleak ere badira, eta guzti horretaz ariko dira platoan.

 Zuri-beltzeko atalean ere lagundu dute Imuntzo eta Belokik. "Aritxulegi" izeneko kantu bat daukate diskoan, Basarrik jarritako bertso batzuekin osatua. Uztapide eta Basarriren grabazio bati musika erantsi diote trikitilariek.

 Aste honetan 25 urte bete dira 1986ko finala jokatu zenetik. Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela orduko hartan, eta hura gogoratuko dute zappingean.

 Azkenik, Belfasteko Bertso Dinnerrera joateko lehiaketak ere martxan jarraitzen du. Andoni Egañak eta Amets Arzallusek jarritako puntuei erantzun behar die parte hartu nahi duenak. Aste honetan bideo ugari jaso dituzte, eta onentsuenak erakutsiko dituzte programan.

 Parte hartu nahi izanez gero bideoak e-mailez edo posta arruntez bidali daitezke. E-maileko helbidea honako hau da: bertsodinner@eitb.com. Posta arruntetik, berriz, hau da helbidea:

 BERTSO DINNER LEHIAKETA
 Hitzetik Hortzera
 Miramon Pasealekua 172
 20014 Donostia

 Hitzetik Hortzeraren facebookeko txokoan ere zintzilikatu daitezke bideoak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri