Gogoeta. Estitxu Eizagirrek Garialean 2008-10-21
Kolapsoa baletor?
Garialea
Oharra: Kokotx artekoa Even Zoharrek dioena da, eta bestea Eizagirreren irakurketa
Sarrrera
Bertsolaritzan aurrera begira etor litekeen korapilo handienetakoa askatzen lagun dezakeen teoria bat bada, polisistemena (Even Zohar, 1978). Zakar esanda, Polisistemen Teoriak kultur fenomenoak sistema gisa ulertzen ditu, zeinetan hainbat faktorek (produzitzailea, kontsumitzailea eta hauen artean dauden erakundea, merkatua, errepertorioa eta produktua) elkar eragiten duten –adibidez, bertso bat baloratzeko, sistema osoari begiratzen dio, ez metrikari bakarrik–. Teoriaren beste oinarri bat da edozein kultur sisteman beti daudela geruza desberdinak, gizartean bezala. Erdiguneko edo muineko geruza da kanonizatua, zilegitasuna duena, erakundeek mantentzen dutena... eta periferiako geruzak, berriz, muinekoarekin etengabeko konpetentzian daude.
Horra korapilatu den haria: bertsolaritzako diskurtso politikoki zuzenak geruzen arteko tentsio edo konpetentzia honi ez dio heldu nahi izan, bertsolaritzaren kaltetan izango zelakoan, eta ondorioz, saio, bertsokera, bertsolari, alegia, sistema denak geruza berekotzat hartu dira: denak muineko geruza bailiran, muineko geruza bertsolaritza sistema osoa bailitzan. Horrek hainbat ondorio ekarri ditu: periferiako fenomeno hauen (GR, Hamaika bertute, Gaztetxeko txapelketak...) logika ulertzeko zailtasuna, erakunde nagusiak (Bertsozale Elkarteak) ia esklusiboki guneari begirako estrategia garatzea, hainbat ekimenen zilegitasunik eza (periferiako ekimenak “batzuen mesedetan” bailiran, eta muineko ekimenak “bertsolaritzaren onerako”)... Denak geruza bakarreko izendatzeak dakar bertsolari izateko modu bakarra definitzea: urtean 60 jaialditik gora egitea, txapelketan finalera sartzea eta komunikabideetan presentzia izatea. Sistema horretan sartzen ez zirenak "frustratutzat" hartu dira, eta ikuspegi honetatik ulertzen ere zaila da sisteman lekurik ez omen duen jende honek zergatik jarraitzen duen bertsotan. Polisistemen teoriak, berriz, bertsolaritzaren barruan bertsolari desberdinak badaudela ikusarazten laguntzen du, saio mota desberdinak, komunikabide desberdinak, txapelketa desberdinak... Funtsean, sistema desberdin oso bat, aipaturiko elementu hauek gabe ere eta beste batzuekin funtzionatzen duena.
Denborarekin eta baliabideak gero eta eskuragarriago izanik, periferiako mugimendua gero eta antolatuago dago. Horra erronka: geruza guztietako bertsolari eta zaleek etorkizunean kohesionatuta jarraituko badute, beharrezkoa da polisistemen ikuspegi hau barneratzea, geruza guztiak errekonozituta sentitu daitezen, eta etorkizunean lana geruza denetara begira egin dadin. Osterantzean, periferiako mugimenduak egun indarrean den merkatu eta erakundeetatik kanpo egituratzen badira, zer gertatuko litzateke noizbait geruza hauetakoren bat erdiguneko izatera iritsiko balitz?
1-Itamar Even Zohar, Polisistemen teoriaren aita
Even Zohar Tel Aviv-en (Israel) sortu zen 1939an. Filosofia, Hebraiar filologia eta Literatura Konparatua ikasi zituen eta Tel Aviv-eko unibertsitateko irakasle da. Irakasle jardun izan da aldibaterako ondorengo unibertsitateetan: Amsterdam, Paris, Philadelphia, Reykjavík, Quebec, Louvaina, Santiago de Compostela, Santander, Bartzelona eta Californian.
Hebraiera, ingelesa, arabiera, frantsesa, espainiera, suediera, norbegiera, daniera, italiera eta esperantoa hitz egiten ditu.
Polisistemen teoria da bere lan nagusia.
2. Oinarrizko eskema. Bertsolaritza aztertzeko faktoreak
"Kultur fenomenoak ulertzeko aztertu beharreko faktoreak:
Erakundea
Errepertorioa
Produzitzailea Kontsumitzailea
Merkatua
Produktua
Produzitzaileak egindako produktua kontsumitzen du hartzaileak, baina produktu hau sortzeko eta ondoren kontsumitzeko beharrezkoa da produzitzaile eta kontsumitzaileak partekatzen duten errepertorio bat, produktu honen erabilera kontrolatuko duen erakundea eta produktua transmitituaraziko duen merkatua".
Polisistemen teoriak kultur fenomenoak sistema bezala ulertzen ditu, ez elementu pilaketa modura. Fede onez eginiko datu bilketa enpirikoaren ordez, eta datu hauen berezko balioa aztertu beharrean, fenomeno honek sistemaren barruko beste elementuekin duen harremana da aztertzen dena. Fenomenoak erregistratu eta sailkatu beharrean, fenomeno hauen konplexutasuna eta dibertsitatea aztertzen da: nola funtzionatzen duen, zer lege dauden...
Polisistemen Teoriak ardatz duen eskema horrela ekar dezakegu bertsolaritzara:
Erakundeak (Bertsozale Elkartea, Txapelketak, Lanku, Bertso eskolak, Komunikabideak)
Errepertorioa=bertsokera
Bertsolaria Bertsozalea
Merkatua
(herrietako antolatzaileak + Lanku)
Bertsoa
"Ikuspegi tradizionalean, sistematzat hartu izan da erdiguneko geruza bakarrik eta beraz, periferiako geruzak onenera jota sistemaz-kanpoko gisa ikusi dira. Ez da egon geruzen arteko tentsioen kontzientziarik eta beraz, geruza askoren balioa oharkabean pasa da. Bestetik, ezin ziren aldaketak prozesu gisa ulertu, baizik, norbanakoen asmakizun jenial gisa hartu izan dira".
Gaurko bertsolaritzan ikuspegi tradizional hau izan da nagusi. Muturreko diskurtsoetara jota, erdiguneko bertsolariak bakarrik jotzen dira "bertsolari", besteak "ez dira bertsolari". Onenera jota "herri bertsolariak" dira, "tabernako bertsolariak", "zaleak", "afizionatuak"...
Geruzen arteko tentsioen kontzientziarik eza edo agian kontzientzia osoa dago. Beharbada kontzienteki erabaki da gai honi ez heltzea, liskarren eta bertsolaritzaren kaltetan izango den beldur.
Ikuspegi aldaketak bertsolaritzaren aniztasuna bistaratuko luke, fenomeoen konplexutasuna hobe ulerraraziz. Ikuspegi zaharra motz geratzen da periferiako geruzak indarra hartzen ari diren honetan. Bertsolaritza eta bere historia ulertzeko beste galdera batzuk sortzen ditu ikuspegi aldaketak. Bertsolari sonatuen eta hauen bertso antologikoen zerrendarekin osatzen dugu bertsolaritzari buruzko historia. Baina zerk egiten zuen bertsolari bat sonatu? Zer bertsokera edo korronte desberdin zeuden garai bakoitzean? Nola joan ziren garatzen bertsokerak eta joerak? Nola funtzionatzen zuen garai hartako “merkatuak”? Nola eragiten dute txapelketek, komunikabideek... bertsolaritzan? Zer zen bertsolari izatea, zer funtzio betetzen zuen bertsolaritzak? Gizartearen barruan zer leku bete izan duen eta egun zer leku du? Zein eremu irabazi eta zeintzuk galdu ditu?
3-Erakundea, ikuspegi tradizionala iriki beharra
"Kulturaren kontrolean eragiten duten faktore multzoa. Erakundeak zaintzen ditu arauak eta produzitzaile eta eragileak saritu eta zigortzen ditu. Determinatzen du zer eredu eta produktu gordeko dituen komunitateak. Alegia, errepertorio kanonizatu bat zaintzen du belaunaldiz belaunaldi transmititzeko.
Erakundearen kide bistakoenak: administrazioko partaideak, hezkuntzako errepertorioaren arduradunak, komunikabideak...
Erakundearen barruan borrokak izaten dira berau dominatzeko, eta garai bakoitzean talde batek edo besteak du erakundearen erdigunea, muina, eta beraz, berau da estrato ofiziala.
Hainbat erakundek jardun dezakete aldi berean, sistemaren atal banatan. Erakundea ez da makina bateratu bat: errepertorio batek erdigunea lortu duenean ere, baliteke eskolan eta beste arlo batzutan oraindik lehengoa irakastea.
Baina hartzen den edozein erabaki, edozein mailatakoa, baldintzatuta egongo da erakundearen atal jakinek egindako legitimazio eta mugengandik."
Erakundeak (Bertsozale Elkarteak) antolatzen dituen txapelketetan nagusitzen den eredua (bertsokera) eta produktuak (bertsoak) dira komunitateak gordetzen dituenak. Txapelketetan osatzen den kanon hau transmititzen du erakundeak: txapelketetako liburuetan publiko eginaz, komunikabideetan jarraipen handia ziurtatuz, garaiko bertsolari honena (txapelduna) definituz... Merkatuko eskari asko txapelketak baldintzatzen ditu (herrialdeetako txapelduna bihurtzen da beste herrialdeetako saioetan bere herrialdeko ordezkari nagusi...). Txapelketan egiten dira bertsolariak pertsonaia publiko, zeinei gizarteak legitimotasuna ematen dien egunkarietako iritzigile, pentsalari... izateko.
Aipaturiko ikuspegi tradizionalaren ondorioz, Bertsozale Elkarteak erdiguneko geruzara mugatu duela bere estrategia esan daiteke: geruza hau elikatzen duten txapelketak, erdiguneko bertsolariak protagonista diren Bertso Egunak, erdiguneko merkatua bideratuko duen Lanku enpresa, erdiguneko saioetan oinarritutako Hitzetik Hortzera telebista programa, kanonizatutako bertsokera irakasteko hezkuntza arautuko klaseak eta ikas materiala...
Ikuspegi tradizionalak ez du balio erdigunekoa ez den gainerako geruzaren logikarik ulertzeko. Horregatik, erakundeek hobe beharrez eginiko hainbat saiakerak ez dute funtzionatu. Adibidez, telebista kamarekin periferiako saioak grabatzea (saio hauen ezaugarri den giro informala hautsiz).
Alegia, erdiguneari begira sortutako ekimenek bere horretan funtzionatzen dutela, erdiguneari begira lan eginaz. Eta periferiako estratoetan lan egingo bada, periferiako estratoen logikarekin egin behar dela: bestelako txapelketa, Lanku, Bertso Egun, eta telebista programak eginez (1999an egin zen Gipuzkoako Herriarteko txapelketa izan liteke eredu), edo propio sortuz (Internet eta teknologia berriak periferiako mugimenduen logika garatzen ari dira).
Gaur arte ikuspegi tradizionalak ez dio zilegitasunik eman erakundeari erdiguneaz gainerako geruzatan lan egiteko, "batzuen mesedetan" izango zelakoan, eta "berezko dinamiketan ez esku sartzeko". Polisistemen ikuspegiak, ordea, agerian uzten du erdiguneko geruzarako lan egiteak ere mesededunak badituela, eta erdiguneko geruzari begira bakarrik lan egiteak badituela bere ondorioak "berezko dinamiketan".
4-Errepertorioa
4.1- Bertsokera
"Errepertorioa arau multzo bat da, sortzaile eta kontsumitzaileak partekatzen dutena. Arau hauen barruan egiten du lan sortzaileak, eta arau hauen laguntzaz ulertzen du kontsumitzaileak. Arau hauetako asko denbora eta leku jakin bati lotuak daude, ez dira berezkoak."
Errepertorioa bertsokera deituko dugu: bertsokera bakoitzak ditu bere arauak, denborarekin aldatzen direnak.
4.2 Errepertorio kanonizatuak: Bertso/bertsolari onak zein dira?
"Kanonizatuak dira, arau eta artelanak (beraz, ereduak eta testuak), zeinak kulturaren gune nagusietan legitimotzat hartzen direnak eta zeinaren ale honenak komunitateak gordetzen dituen herentzia historiko gisa geroratzeko.
Kanonizatu gabeak dira, berriz, arau eta artelanak, zeinak kultur gune nagusiak zilegitasunik gabekotzat dituenak eta komunitateak ahanzten dituenak (non eta ez den testu eta arau hauen estatusa aldatzen)."
Beraz, kanonikotasuna ez da testuek edo arauek berez dutena: ez da "testu ona"ren eufemismoa, "testu txarra"ren ondoan. Garai bakoitzean ezaugarri batzuk status bati edo besteari lotzeak ez du esan nahi ezaugarri horiek "berez" status batekoak direnik.
"Kanonizatutako kulturaren eta kanonizatu gabeko kulturaren arteko tentsioak unibertsalak dira. Ez dagoelako estratifikatu gabeko gizarterik.
Polisistema gidatzen duen taldea da azken batean erabakitzen duena errepertorio bakoitzaren kanonikotasuna. Behin kanonikotasuna erabakita, edo taldeak bat egiten du ezaugarri kanoniko horiekin (horrela polisistemaren kontrola lortuz), edo beharrezkoa bada, errepertorioa egokitzen du kontrolari eusteko. Bi saiakera hauek porrot egiten badute, bai talde hau eta bai bere errepertorioa baztertu egiten ditu beste talde batek, zeina erdigune izatera pasatzen den errepertorio desberdin batekin. Baztertutako errepertorio kanonizatuari eusten diotenek gutxitan lortzen dute polisistemaren gunearen kontrola lortzea: normalean, periferian geratzen dira, eta kultura ofizialak gaitzetsi egiten ditu."
Bertsolaritzan bertsokeren legitimitatea hein handi batean Txapelketan lortzen dela esan daiteke, bertan nagusitzen den bertsokera hartzen baita jarraitu beharreko eredu. Baina alderantzizko harremanak ere aztertzeko bide ematen du faktore denak (merkatua, erakundea, errepertorioa barne) harremanetan daudela dioen teoriak: alegia, txapelketan baloratua izango bada aurrez zilegitasun bat behar ote duen bertsokera horrek (Xalbadorren txistuena adibide):
“Testuak eta errepertorioak bertsolaritzaren manifestazio partzialak dira, eta hauen portaera ezin da testuaren egiturarekin bakarrik azaldu. Polisistema osoa aintzat hartuta bakarrik azaldu daitezke. Testuek, banaka hartuta, kanonizazioan parte hartu baino, kanonizazio prozesuen ondorio direla esan daiteke”.
Bertsolarien arrakastaren gakoez ere hitz egiten du teoriak: sistema bere konplexutasunean aztertuta errazago uler liteke zergatik bertsolari batzuk ibili izan diren ongi Txapelketan urte batzuetan eta beste urte batzuetan ez. Zergatik bertsokera batzuek ez duten garai batean bezainbeste indar gaur egun. Alegia, bertsotan gero eta hobeto egitea bezain garrantzitsua dela bertsolariarentzat, sistemako beste alorrak ere zaintzea, horrek bere kokalekuan eragin zuzena baitu.
"Gauza bat da testua kanon baten barruan kokatzea, eta bestea, testu eredu hori errepertorio batean sartzea. Lehen kasuan, testu hori produktu bukatutzat hartzen da eta komunitateak gorde nahi dituen testu santuetan sartzen da. Bigarren kasuan, testu eredu klase bat produkzio molde bihurtzen da, bere errepertorioaren bidez. Kanonizazio klase hau da benetako kanona sortzen duena.
"Baita ere bistakoa da, sortzaileek borroka egiten dutela euren testuak onartuak izan daitezen. Baina sortzaileei benetan interesatzen zaiena da euren testuak onartu daitezela jarraitu beharreko ereduaren ikur, goi maila gisa. Sortzailearentzat frustrazio handia litzateke euren testuak onartu, baina euren eredua ulertuko ez balitz. Horrek erakutsiko luke komunitatearen barruan eragiteko ahalmenik ez izatea, efektibitaterik eza.
Sortzaile gehienak eredu batera biltzen dira euren karrera osoan zehar. Eredu horren barruan gero eta testu hobeak egin baditzakete ere, posizioa galdu dezakete (baina baliteke publikoa ez galtzea, eta sortzailearekin batera zentrotik periferiara pasatzea publiko hau). Honek erakusten du, sortzaileek sistemaren barruan hartzen duten posizioa ez dagoela testuen baitan. Zentroa hartzen duen beste sortzaileak, behar bada onartuko die bere posizioa kanonean, baina ez ditu sormenerako eredu gisa hartuko. Eta horrek, destronatutako sortzaileen kanona baztertzea dakar".
Txapelketako bertsolarien eta plazakoen arteko aldea ulertzeko balio dezakete azken lerro hauek. Sistemaren barruan erdiguneko posizioa galdu duten bertsolari askok ez dute publikoa galdu: bertsozaleen kopuru handi bat oraindik nekazal ingurukoa delako, bertsoa jolasarekin eta dibertsioarekin lotzen duena. Aldiz, (eta asko sinplifikatuta), indarrean den erdiguneko ereduak bertsokera "hiritarragoa" darabil, bertsoa artelanekin lotzen duena.
Merkatuan bertsokera edo eredu batzuk dihartute indarrean elkarrekin, kontrastez elkar osatzen baitute. Aipaturiko "nekazal inguruko"/"hiritar" (zakar esanda) ereduko bertsolariek pisu beretsua izan dezakete plazetan. Baina sistemaren barruan bertsokera "hiritarrak" du indar erabakitzailea, legitimotasuna. Bertsolaritzak norantz garatu behar duen markatzen du, kulturartean bertsolaritza zer den erakusteko berau da adibide, bertso eskoletan irakasteko berau da teorizatuta dagoena, komunikabideetan prestigioa duena... Horrela, ez datoz bat merkatuan eta sistemaren barruan ereduek duten indarra, eta gizarteak kanpotik duen perzepzioa ere oso okerra da ("halakok oraindik jarraitzen du bertsotan?").
4.3-Errepertorio berritzaile eta kontserbatzaileak
"Errepertorio bat nagusitzen denean eta gainerako eredu denak errepertorio honen arabera egiten direnean, errepertorio kontserbatzailea da. Edozein testu oso esperotzekoa izango da, eta hortik ateratzea eskandalutzat hartuko da.
Elementu berriekin hazten eta berritzen den errepertorioari berritzailea esango diogu. Honetan, testuak ez dira hain esperotzekoak. Errepertorioaren funtzionamenduan, arauetako bat baita ezberdintasuna.
Baina behin sistema kanonizatuaren erdigunean, denbora nahikoa irauten badu, errepertorio berritzailea kontserbatzaile bihurtzen da. Zergatik? Sinplifikatzeko, murrizteko joeragatik: Eredu heterogenoak homogeno bihurtzen dira, anbiguotasuna galtzen da... Gainera, behin sistemaren erdigunera iritsita, errepertorio horrek ez du onartuko bere nagusitasuna arriskuan jar dezakeen elementu berririk, eta horregatik kontserbatzaile izatera behartuta dago.
Garai batean ezezaguna, intimidatzailea, exigentea eta informazioz bete-betea zitzaiguna, ezagunena, gutxien eskatzen diguna bihurtzen da. Badirudi hau dela kontsumitzaileen gehiengoak nahi duena."
Egungo bertsokera kanonizatuaren azalpen ezin hobea ez ote da hau? Garai bateko bertsolariez aritzean "betikoa ahalik ondoen" esaten zutela da sarri entzuten den diskurtsoa. Teorizatuta ere badago "koño" eta "klaro"ko bertsolariak daudela (bertsoak entzunda publikoaren komentarioa izen bihurtuta), "klaro"koak errepertorio nagusitik kanpokoak egun, eta "koño"koak egungo abangoardiaren ikur. Baina teoriari jarraiki, beti "koño"ka jardutea, alegia, publikoak espero ez duen zerbait esan beharra beti, errepertorioaren ezaugarri bihurtzen denean, publikoa jada horretara jartzen da. Eta gaur publikoa sorpresaz harrapatzen duena, ez dakit ez ote den kontrakoa, alegia, bertsolariak gai horri buruz (gaiari zortzigarren buelta eman gabe) zinez sentitzen duena kantatzea, publikoak gauza bertsua sentitzen badu ere. Erdiguneko bertsokerarekin, ezustearen zain jarria dago publikoa, espero ez duena, bertsolaria frentez etorriko zaiola da.
5-Geruza aniztasuna.
5.1-Geruza aniztasuna ala hil
"Sistema kulturalek beharrezkoa dute oreka bat, sistema ez kolapsatzeko edo ez desagertzeko. Oreka hau geruzen kontrakotasunetik lortzen da.
Errepertorio kanonizatuak, edozein sistemetan, estankatu egingo lirateke denborarekin, ez balute kanonizatu gabeko aurkaririk, zeinek mehatxu egiten dieten ordezkatzearekin. Presio honekin, errepertorio kanonizatuek ezin dute beti berdinean jarraitu. Honek ziurtatzen du sistemaren garapena, eta beraz, iraupena. Eta presio honi irteerarik ematen ez zaionean, sistema kolapsatu egiten da eta irauli."
Badirudi ez dagoenean “azpi-kulturarik” (literatura herrikoia, arte herrikoia...), aukera gutxi dagoela kultura kanonizatu bideragarririk izateko. Azpikultura indartsu baten estimulurik gabe, edozein jarduera kanonizatu fosildu egiten da, pixkanaka. Fosiltze horren lehen pausoak izaten dira errepertorioak itxi eta gero eta esterotipatuago izatea da".
Esana denez, bertsolaritzan geruzen arteko tentsioei ez heltzea nahiago izan da, kaltetan izango zelakoan. Baina geruzen arteko tentsio hau positiboki ulertzeak “bake politikoki politak” bezainbeste on ekar lezake: Tentsio horrek garatzen baititu bertsokerak, eta sistema etengabe odolberritzen baitu, iraunaraziz. Era berean, geruza desberdinak daudela onartuta, geruza bakoitza nola garatu eta iraunarazi aztertu liteke, eta lan eraginkorragoa egin (kanonizatutako geruzako eskemek ez baitute bere horretan gainerakoetan funtzionatzen). Bertsolari bakoitzak bere burua kokatzeko eta bertsotan ikasten ari direnek erreferente desberdinak izateko ere balioko luke.
Noski bertsolari bat hainbat geruzatan jardun daitekeela. Eta bertsolaritzan elkarrengandik oso gertu daude geruza denak, euskararen eremu txikian mugitzen baitira. Baina publikoak bertsolari bakoitza geruza batekin identifikatzen duela ukaezina da: erdiguneko bertsolariak periferiako saio batean kantatzen duenean, saioari legitimotasun puntu bat ematen dio. Aldiz, periferiako bertsolari batek erdiguneko saio batean kantatzeak "zabaltasuna".
5.2-Proliferazioaren legea
"1975ean formulatu zuen Even Zoharrek proliferazioaren legea eta zera esan nahi du: bere beharrak asetzeko, sistema bat aukera alternatibo gero eta handiagoen jabe egiten dela. Sistema batek horrelako alternatiba dezente pilatu dituenean, aukerak daude sistemak iraun dezan, non eta baldintzak ez diren erabat aldatzen. Literatur errepertorioen sorreraz eginiko ikerketek frogatu dute inongo literaturak ez duela funtzionatzen errepertorio txiki batekin. Alegia, behin sistema martxan jartzen denean, proliferazio legea aktibatu egiten dela. Kulturen hasierako errepertorioak mugatuak izaten dira, eta denborarekin errepertorioa haziz eta desberdintzen joaten da. Errepertorio zabal eta koloreanitza duen kultura blokeatu egin daiteke, gainerako aukera alternatiboak blokeatzen badira.
Errepertorioaren egonkortasunak edo egonkortasun ezak ez du esan nahi sistema bera egonkor dagoen edo ez. Sistema bat sarri kolapsoaren mugan aurkitzen bada, ezegonkorra da funtzionamendu aldetik. Aldiz, etengabe aldaketa kontrolatuak dituen sistema egonkorra da. Era honetako sistema egonkorrek bakarrik lortzen dute irautea. Beraz, polisistemaren krisiak (aldaketa erradikala eskatzen dutenak), sistemak kontrolatzen baditu, bizirik dagoen seinale da. Sistema arriskuan jartzen da, bakarrik, aldaketa kontrolatu ezin duenean. Sistemaren barruan bakoitzak duen posizioa arriskuan jartzen du edozein aldaketak, baina sistema ez da arriskuan jartzen."
Erdiguneko geruzari begira bakarrik lan egiteak duen arrisku handiena, kolapsoa da: geruza kanonizatuari bakarrik begiratzen badie merkatuak eta erakundeak, beste geruzek merkatu eta erakunde horretatik kanpo ikusiko dute euren burua, eta horrela jokatuko dute. Eta etorkizunean periferiako geruzaren batek lortzen badu erdigunea izatea, sistema osoa da hankaz gora jarriko dena. Aldiz, geruza desberdinak legitimotzat onartzen baditu merkatu eta erakundeak, sistema osoaren barruan dauden aldaketak errazago kontrolatuko ditu. Periferiako geruzek ez baitute sistema arriskuan jartzen: Bertsolari batzuen eta besteen posizioa da geruzen arteko tentsioarekin aldatzen dena (erdigunera edo periferiara pasa).
5.3-Proiektu berriak sortzea
"Garrantzitsua da ulertzea nola sortzen diren gaur egun entitate berriak. Proiektu hauek baliteke ez "pitokeria" hutsetik sortu izana. Bertan inplikatutako pertsonek beste talde batzuekiko berdintasuna lortu nahi bazuten, beste talde hauek baldintza hobeak lortu zituztelako jada entitate soziopolitikotan antolatuta zeudelako, ekimenera behartuta zeuden konpetentzia medio. Ikuspegi komertzialetik, talde hauen irabaziak dudan jar daitezke. Baina talde barruko konpetentziaren ikuspegitik, errepertorio honi jarraitu edo baztertzea aukeraketa bat izan da: etengabe hankapean jarraitu, edo klub berri baten kide izan, pribilegio berri batzuekin."
Egungo errepertorioak aldaketarik gabe iraunaraztearen aldekoek, aldaketa hau bazternahastetzat daukate. Euren ikuspegitik, egungo errepertorioa desagertzeak taldea desagertzea lekarke. Erresumin eta bazterketa sortzen da, beti dagoelako talde bat ekintza hauen ondorioekin ados egongo ez dena. Ados ez daudenek erresistentzia pasiboa egiten badute, estankamendua sortzen du. Baina oposizio aktiboa egiten badute, dinamika bat sortzen du, errepertorioen arteko disputa. Honek dinamismoa ematen du, aukera berriak sortuko dituena.
"Baina desadostasunak neurriz kanpokoak badira, entitate baten barruan hainbat errepertorio elkarbizitzea posible ikusten ez bada, eta bakoitzak bere egitasmoa nagusitzea nahi badu, talde bat hobe biziko litzatekeelako errepertorio batekin eta beste taldea bestearekin, dena pikutara joango litzateke."
11 Bertuteren sorrera Israelen idatzia zegoen duela 30 urte!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24