Gaztetxearen urteurrena bertsotan ospatu zuten Gasteizen
Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Alaia Martin, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Manex Agirre aritu ziren kantuan. Umore handiko saioa osatu zuten.
Gasteizko Gaztetxeak 23 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, egitarau zabala antolatu dute. Atzo bertso-saioa egin zuten gaztetxean bertan. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:
Iñaki Viñaspre Oihane Perea Alaia Martin Uxue Alberdi Sustrai Colina Manex Agirre
Berez Julio Soto ere kantatzekoa zen, baina azkenean Iñaki Viñasprek kantatu zuen bere ordez.
Saioan umorea izan zen nagusi. Hauteskunde-giroa nabarmena da Hego Euskal Herrian, eta horri lotutako gai batekin hasi ziren sei bertsolariak. Seirek zinegotzi izan nahi dute Gasteizko udalean, eta Gaztetxera joan dira kanpaina egitera. Era guztietako proposamenak egin zituzten.
Ofiziokako lanei ekin zieten ondoren. Saioaren aurretik M-ak taldearen batzarra egin zen gaztetxean, eta generoari lotutako gai bat baino gehiago izan zituzten bertsolariek. Uxue eta Manex bikote baten paperean jarri zituzten. Biak telebistari begira daudela honako albiste hau eman dute: urteetan tratu txarrak jasan dituen emakume batek bere senarra hil du. Uxueri normala iruditzen zaio gertatutakoa, ulertu egiten du. Manexentzat gehiegizkoa da. Biak fin aritu ziren arrazoiketan.
Aktualitateari lotutako gaia egokitu zitzaien Iñakiri eta Sustrairi ere. Aste Santuan hain ugariak diren prozesio horietako batean doaz biak, Ama Birjiñari eusten. Sustrai nekatuta dago, eta Iñakik ez du ia pisurik hartzen. Umoretik heldu zioten biek gaiari.
Generoari lotutako gai baten inguruan aritu ziren Oihane eta Alaia ere. Bi mutil dira biak, tabernan lasai daudenak. Neska kuadrila bat sartu da halako batean, eta Alaia harrotu egin da, ozenago hasi da hizketan. Oihane ezeroso sentitzen da lagunaren jarrerarekin. Umoretsu aritu ziren biak ere.
Ofiziokako lanen ondoren Manex altxa zen bakarka kantatzeko. Asko pentsatu ondoren semea Gasteiz eskolan matrikulatzea erabaki du, bere auzoko eskolan hain zuzen ere. Bi bertso dotore bota zituen Arabako txapeldunak.
Iñaki Viñasprek irudimena lanean jarri behar izan zuen hurrengo gaiarekin. Udaltzaina da, eta atzeko bostak atxilotu ditu egunean zehar. Bakoitzak zer egin duen azaldu behar izan zuen, eta atzekoek erantzun. Bizi aritu ziren denak, eta bertso eder bat baino gehiago joan ziren ariketa honetan.
Gutxitan ikusi izan dira haurdun dauden bi bertsolari oholtza gainean. Atzo Oihane eta Uxue oholtzan egonda, gai-jartzaile taldeak ez zuen aukera pasatzen utzi. Lehen haurraren zain daude biak, baina ikuspegi ezberdinak dauzkate: Uxuek uste du haurrak bizitza osatu egingo diola. Oihaneren iritziz askatasuna mugatuko dio. "Uso zuria"-ren doinuan kantatu zuten biek, eta saio polita osatu.
Guztiz bestelako gai batekin aritu ziren Alaia eta Sustrai ondoren. Alaia autobuseko txoferra da, eta Sustrai hirugarren aldiz joan zaio botaka egiteko poltsaren bila. Elkarri zirika aritu ziren biak, eta entzuleak algaraka jarri zituzten, bertsoaldiaren hasieran bereziki.
Berriz ere sei bertsolariak altxa ziren ondoren. Askotan egiten den ariketa izan ohi da bertsolari bakoitzari objektu bat eman eta honek objektu horri kantatzea. Atzo ere halaxe egin zuten. Manexi porro bat eman zioten; Sustrairi garagardo katxi bat; Uxueri Gasteizko Gaztetxeko urteurreneko kartela; Alaiari emakume ekintzailearen objektuak, hau da, maskara eta spray morea; Oihaneri preso baten argazkia eta Iñakiri butano bonbona. Umoretik heldu zieten denek gaiari.
Umorearen ondoren, bestelako gai bat egokitu zitzaion Sustrairi. Azken aldian ohartu da bere bikoteak zer sentitzen duen jakin nahi duela Sustraik; baina ez da gai bere sentimenduak hari adierazteko. Hiru bertso bota zituen urruñarrak, dotoreak hiruak ere.
Gaztetxearen urteurrena izaki gaztetxea bera ere gaitzat hartu zuten. Aita-semeak dira Iñaki eta Manex; Manex aita eta Iñaki semea. Manex gaztetxea sortu zuen belaunaldiko kide da eta Iñaki orain aritzen da asanbladetan. Koplatan Gaztetxeko giroaren errepasoa egin zuten biek, bertako erreferentzia ugari erabiliz eta bizitasun handiz. Entzuleek gogotik gozatu zuten saio honekin.
Bukatzeko, seirak altxa ziren berriro. Langabezian geratzera doazela eta zirku bat sortzea erabaki dute, baina bakoitzak zer eginkizun izango duen erabaki beharra daukate. Irudimen handiz aritu ziren denak, eta joko polita osatu zuten, entzuleen algarak eraginez.